- Donostia Unibertsitate Ospitalea eta Biogipuzkoa lanean ari dira minbiziaren aurkako CAR-T terapia berritzaileak diseinatzeko osasun-sistema publikotik bertatik, tratamendu pertsonalizatuagoak eta eraginkorragoak ahalbidetu eta ondorio kaltegarriak murrizteko
- Osakidetzak CAR-T terapiak ekoizteko eta administratzeko gaitasuna izango du, bere baliabideekin, kanpoko farmazia-konpainien mende egon gabe, eta horrek atea irekiko dio paziente gehiagori terapiak eskuratzeko
- Mugarri hori urrats erabakigarria da Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren eta Osakidetzaren terapia aurreratuen estrategian
Osakidetzako Donostia Unibertsitate Ospitaleak eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Biogipuzkoa Osasun Ikerketa Institutuak minbiziaren aurkako CAR-T terapia berriak garatzeko proiektu aitzindari batean parte hartzen dute. Teknologia horri esker, tratamendu pertsonalizatuagoak eta eraginkorragoak diseinatu ahal izango dira, ondorio kaltegarriak murriztu eta ekoizpena errazteko.
Proiektuaren berrikuntza nagusietako bat da ospitale publikoek terapia horiek beren baliabideekin fabrikatu eta aplikatu ahal izatea erraztuko duela, kanpoko konpainia farmazeutikoen mende egon gabe. Horrek ateak irekiko ditu paziente gehiagok eskura izan ditzaten, eta osasun-sistema publikoaren jasangarritasuna bermatzen laguntzen du.
CAR-T terapiek benetako iraultza ekarri dute onkologian. Pazientearen beraren immunitate-sistemako zelulak aldatzean datza, zelula kantzerigenoak ezagutzeko eta suntsitzeko gai izan daitezen. Horri esker, beste tratamendu-aukerarik ez zuten pertsonek hobera egin dute eta, are gehiago, denbora-tarte luzeetan gaixotasunetik libre egotea lortu dute.
Praktikan, proiektuak hiru helburu nagusi ditu:
- Eskuragarritasun handiagoa: minbizia duten pertsona gehiagok jaso ahal izatea terapia berritzaile horiek.
- Emaitza kliniko hobeak: tratamenduaren ondorioen eraginkortasuna eta iraupena handitzea.
- Jasangarritasun ekonomikoa: kostuak murriztea eta osasun-sistema publikoan integratzea bideragarri egitea.
Osakidetzak eta Biogipuzkoa Osasun Ikerketa Institutuak, enpresa pribatuekin batera, finantzaketa lortu dute CAR-T terapia berrien garapenean aurrera egiteko, CART_Andalucía proiektuaren esparruan, Eskualde Garapeneko Europako Funtsak finantzatutako 4 milioi euro baino gehiagorekin. Ekimen honen helburua minbizia tratatzeko CAR-T terapia eraginkorragoak, ez hain toxikoak eta kostu txikiagokoak garatzen dituzten ekimenak finantzatzea da, lankidetza publiko-pribatua sustatuta.
Lehen fase honetan soluzioaren diseinuan eta proiektuaren plangintza integralean lan egiten da, bioteknologiaren arloko ikerketa-zentro, ospitale eta enpresen parte hartzearekin.
Emaitzak positiboak badira, Osakidetzak CAR-T terapiak modu autonomoan ekoizteko eta administratzeko gaitasuna izango du. Mugarri hori urrats erabakigarria da Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren eta Osakidetzaren terapia aurreratuen estrategian, eta lankidetza publiko-pribatuaren aldeko apustua egiten du osasunerako soluzio berriak garatzeko.






