Osakidetza Lehen Mailako Arretako kontingentzia plana prestatzen ari da Gabonetarako

0
  • Osakidetzako taldeak dagoeneko planifikatzen ari dira atsedenaldian dauden profesionalen absentzien inpaktua minimizatzeko neurriak
  • Joan den udarako kontingentzia-planak % 100eko estaldura lortu du Lehen Mailako Arretan inplikatutako ia zerbitzu eta lanbide-kategoria guztietan
  • Gabonetako kontingentzia-plan hau arnas-infekzioek (gripeak eta COVIDak, esaterako) eragindako asistentzia-eskaerari aurre egiteko abian dagoen planari gehitzen zaio

Osakidetza kontingentzia-plan bat prestatzen hasi da, Gabonetan Lehen Mailako Arretan herritarren premia sanitarioei ahalik eta ondoen erantzuteko. Planak, aurreko urteetan bezala, neurri espezifikoak aurreikusten ditu asistentziaren jarraitutasuna bermatzeko, eremu kritikoetako taldeak indartzeko eta atsedenaldian dauden profesionalen absentzien eragina minimizatzeko.

Aurtengo udako planarekin, Osakidetzan ekainean, uztailean, abuztuan eta irailean aplikatu zenak, % 100eko estaldura lortu zen Lehen Mailako Arretan inplikatutako ia zerbitzu eta lanbide-kategoria guztietan. Fakultatiboen estaldura % 85ekoa izan zen udako hilabeteetan. Gaur egungo testuinguruan, gainera, mediku eskasia handia dago, eta Osakidetzak hainbat neurri hartu ditu arazo hori arintzen saiatzeko, hala nola profesional berriak eta egoiliarrak kontratatzea, lanaldiak egokitzea eta profesionalen ordutegiak doitzea, kontratazio-zailtasunen ondoriozko estaldura-arazoak minimizatzeko profesionalek atsedenaldiak hartzen dituztenean edo aldi baterako ezintasunak dituztenean.

Gabonetarako diseinatzen ari den ordutegi optimizatuaren helburua da iazko Gabonetako estandarrei eustea; izan ere, hiru osasun-zentro edo kontsultategitatik bitan ez zen inolako murrizketarik egon pazienteen arretan, eta ohiko ordutegiei eutsi zitzaien. Ordutegiak egokitu zituzten zentro gehienek abenduaren 23ko astera arte ez zuten egokitu, eta egokitzapen nagusia izan zen arreta-ordutegia 08:00etatik 17:00etara izan zela (20:00etara artekoa izan beharrean).

Ekintza hauek aurreikusi dira, besteak beste: karga asistentzial handiagoko zerbitzuetan errefortzuko profesionalak jartzea, txandak eta ordutegiak berrantolatzea profesionalen eskuragarritasuna optimizatzeko, eta Osakidetzako Erakunde Sanitario Integratuetako (ESI) Lehen Mailako Arreta koordinatzea, erantzun azkarra eta eraginkorra bermatzeko.

Uda honetan egin den moduan, asteroko jarraipena egingo da (ordutegien doikuntzak, gorabeherak eta profesionalen estalduraren aurreikuspena), kontingentzia-planaren arrakastarako funtsezko elementu bat izan baita, zalantzarik gabe. Bada, Lehen Mailako Arretako talde osoak asistentziaren kalitateari eusteko eta herritarren beharrak profesionalek merezi duten atsedenaldiarekin orekatzeko konpromisoa hartu duela ikusi da.

Era berean, Osakidetzak abian du bere sare osoan Kontingentzia Plan bat, arnas infekzioek (gripeak eta COVIDak, esaterako) eragindako asistentzia-eskaria handitzeari erantzun ahal izateko. Plan horrek pazienteei modu eraginkorrean arreta eman ahal izateko behar diren baliabideak eta asistentzia-berrantolaketa aurreikusten ditu. Osasun Sailaren Zaintza Epidemiologikoko txostenetan oinarrituta, bai eta LMko eta ospitaleko eta ospitalez kanpoko larrialdietako (EAG) eguneroko jarduera-datuetan eta ospitaleratzeetan eta horien ezaugarrietan ere, egunero ebaluatzen da egoera egoeraren arabera beharrezkoak diren neurriak abian jartzeko.