Tentsionatutako eremuei buruzko House Action nazioarteko lehen kongresuan 300 lagunek eman dute izena dagoeneko

0
  • Itxasok interesa duten pertsona guztiak —profesionalak, kolektiboak, ikasleak, gizarte-entitateak eta, oro har, herritarrak— animatu nahi ditu Euskadi etxebizitza-eskubidearen defentsan Europako erreferente bihurtzeko helburua duen lehen kongresuan parte hartzera. Azaroaren 16ra arte eman daiteke izena, eta doakoa da houseaction.eus webgunearen bidez
  • Azaroaren 19an, asteazkena, egingo da kongresua Tabakaleran (Donostia). Programa zabala du, eta Euskadiko hiru hiriburuetako ordezkariak bilduko dira, baita Bartzelona, Alcorcón edo L’Hospitalet de Llobregat udalerrietakoak ere. Gobernu autonomikoetako ordezkariak eta Paris, Amsterdam, Viena eta Miarritzeko nazioarteko adituak ere bertaratuko dira
  • Helburua da egungo bizitoki-larrialdiari aurre egiteko zenbait ekimen bateratzea; lurralde-ikuspegi partekatutik, alokairuaren mugak, etxebizitza eskuragarrien parkea nola bermatu eta finantziazioan eta lankidetza publiko-pribatuan nola berritu politika publikoen eragina handitzeko

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak herritar guztiak gonbidatzen ditu House Action: Hiri erresilienteak tentsionatutako egoitza-merkatuen aurrean nazioarteko I. Kongresuan parte hartzera. Kongresua azaroaren 19an egingo da, asteazkena, Tabakaleran (Donostia). Jardunaldi irekia eta doakoa izango da —aldez aurretik izena eman behar da houseaction.eus atarian, eta hilaren 16ra arte egongo da izen-ematea zabalik—, eta 9:00etatik 18:30era bitartean bilduko dira arduradun publikoak, ikertzaileak, sektoreko profesionalak eta etxebizitzaren etorkizunaz kezkatuta dauden herritarrak. Gaur-gaurkoz, 300 lagunek eman dute izena.

Alcorcón, Amsterdam, Barakaldo, Bartzelona, Biarritz, Bilbo, Donostia, Errenteria, L’Hospitalet de Llobregat, Irun, Iruñea, Paris, Viena eta Gasteizko 30 ordezkari eta aditu baino gehiagok hartuko dute parte Kongresuan, eta Europako zati handi bati eragiten dion bizitoki-larrialdiari aurre egiteko esperientziak eta ereduak partekatuko dituzte. Itxiera Isabel Rodríguez Etxebizitza eta Hiri Agenda ministroak egingo du.

Diagnostikotik ekintzara pasatzeko gunea

Euskadin Tentsionatutako Eremuak izendatu eta urtebetera, Eusko Jaurlaritzak kongresu hau bultzatzen du benetako elkarlaneko lan-eremu gisa, etxebizitza duinerako eskubidea bermatuko duten neurri zehatzak aplikatzen beste urrats bat emateko helburuarekin.

Ildo horretan, Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak honako hau azpimarratu du: “Etxebizitza-eskaera handiaren aurrean dagoen eskaintza-urritasunaren arazoa Europako metropoli gehienen errealitatea da”. Azaldu duenez, “guztiz interesgarria izango da Paris, Bartzelona, Bilbo, Iruñea, Gasteiz edo Donostia bezalako eskualde metropolitarrak eta horien inguruko udalerriak aplikatzen ari diren politikak ezagutu eta alderatu ahal izatea”.

Itxasok nabarmendu duenez, kongresua “aukera paregabea da erdiko klaseari eta langile-klaseari eragiten dien eta ondorio sozial eta ekonomikoak ere badituen arazoaren aurrean ekiteko eredu desberdinetara hurbiltzeko”. Hori dela eta, herritarrei aktiboki parte hartzeko deia egin nahi izan die. “Jendea hurbildu, entzun, ekarpenak egin eta eztabaidaren parte izatea nahi dugu. Etxebizitzak eskubide erreala izan behar duela eta ez pribilegioa uste duten guztientzako espazioa da hau”.

Konponbideetan oinarritutako programa

House Action kongresuaren helburua da praktikoa eta eraldatzailea izatea. Asmoa ez da diskurtso teorikoen sorta izatea, baizik eta esperientziak partekatzeko, estrategiak eztabaidatzeko eta epe labur eta ertainera aplika daitezkeen proposamenak diseinatzeko lan-foroa. Etxebizitza-merkatu tentsionatuak dituzten Europako hiriek dituzten erronka nagusien inguruan egituratuko da jardunaldia: nola aplikatu modu eraginkorrean alokairua kontrolatzeko neurriak, nola bermatu etxebizitza-parke eskuragarria eta nola berritu finantziazioa eta lankidetza publiko-pribatua politika publikoen eragina handitzeko.

Goizean, Itxaso sailburuaren eta Jaume Collboni Bartzelonako alkatearen arteko elkarrizketarekin irekiko da kongresua, eta etxebizitza-eskaintza zabaltzeko eta espekulazioa geldiarazteko hiri-politika berritzaileen esperientzia berrienak landuko dira. Egunean zehar, mahai-inguruak eta hitzaldiak egingo dira, eta, besteak beste, Euskadiko hiriburu nagusietako —Bilbo, Donostia eta Gasteiz— alkateek hartuko dute parte, Iruñea, Barakaldo, Irun, Errenteria, L’Hospitalet de Llobregat edo Alcorcóneko ordezkariekin batera.

José García Montalvo ekonomialari eta katedradunak prezioen bilakaerari eta erregulazio-esparru orekatuen beharrari buruzko hitzaldia emango du; Matthew Baldwin Europako Batzordeko Energiako zuzendari nagusi ondokoa eta Etxebizitza lantaldeko burua, Julien Dijol Housing Europeko Politiken burua eta lehendakariorde nagusia, eta Richard Ronald Etxebizitza irakaslea eta Geografiako katedraduna bezalako nazioarteko adituek, berriz, Europako Politika Ekonomikoei buruzko Ikuspegi Konparatua eta Geografikoak azalduko dituzte.

Halaber, Maider Arosteguy Miarritzeko alkateak testuinguru turistikoetako etxebizitza eskuragarriaren ikuspegi frantziarra azalduko du, eta Veronika Iwanowski Wohnfonds Wieneko Nazioarteko Harremanetako arduradunak etxebizitza publikoen nazioarteko politikak izango ditu hitzaldiaren ardatz.

Horrez gain, kongresuak garrantzi handiko gai tekniko eta sozialak landuko ditu, esaterako: datuen erabilera kudeaketa publikoan, bizitegi-bazterketa edo etxebizitza sozialen proiektu berrien garapenari aplikatutako berrikuntza finantzarioa. Sareen Sarea edo Provivienda bezalako erakundeek, Europako Inbertsio Bankuaren eta Nafarroako Gobernuaren ordezkariek parte hartuko dute saio horietan, lurralde desberdinetan inplementatu daitezkeen proposamenak sortzeko asmoz.

Ekintza kolektiborako deia

Itxaso sailburuak azpimarratu duenez, “diagnostikoa landu eta esparru legala eraiki ondoren, ekintzara pasatzeko unea da”. Esan duenez, “bizitegi-larrialdiak ez du aitzakiarik eta ezin dugu itxaron. Neurri eraginkorrak aplikatzeko unea da, ausardiaz eta gizarteko maila guztien laguntzarekin”.

Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzak interesa duten pertsona guztiak —profesionalak, kolektiboak, ikasleak, gizarte-entitateak eta, oro har, herritarrak— animatu nahi ditu Euskadi etxebizitza-eskubidearen defentsan Europako erreferente bihurtzeko helburua duen nazioarteko kongresuan parte hartzera. Azaroaren 16ra arte eman daiteke izena, eta doakoa da houseaction.eus webgunearen bidez.