‘Egunerokoan ere ezkutatzen da indarkeria. Ikusaraz dezagun’ lelopean, Nafarroako Gobernuak kanpaina instituzional berria jarri du martxan gaur, Emakumeen aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Eguna dela-eta. Aurten, “indarkeria isilak” deiturikoak salatzea da helburua, modu okerrean kaltegabetzat edo ez hain larritzat jotzen direnak, baina, benetan, generoan oinarritutako kontrol-, desbalorizazio- edo diskriminazio-moduak sortzen dituztenak.
A25eko kanpainaren xedea da gizartea kontzientziatzea sozialki justifikatutako portaeren, jarreren eta diskurtsoen inguruan; izan ere, askotan, konturatu gabe gertatzen dira, baina emakumeenganako indarkeria esplizituagoak eta larriagoak legitimatzeko “haztegi” gisa balio dute. Modu horretan, Nafarroako Gobernuaren asmoa da egunero entzuten, ikusten edo egiten dugunaren inguruko hausnarketa sustatzea, indarkeria-modu horiek errazago detektatzeko eta horiek ‘naturalizatzea’ saihesteko.
Indarkeria-modu normalizatu ohikoenen artean indarkeria psikologikoa, ekonomikoa eta sinbolikoa daude. Azken hori, batez ere, emakumeen gorputzari eta estereotipo sexisten arabera ezartzen zaizkien itxaropenei zuzenduta dago. Eguneroko eraso horien ondorioz, emakume askoak manipulazioa eta autoestimuaren eta autonomiaren galera esperimentatzen dituzte, eta, horrek, kasu batzuetan, indarkeria-modu larriagoak ekar ditzake.
Felix Taberna lehen lehendakariorde eta Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariak kanpaina aurkeztu du gaur, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko (INAI/NABI) zuzendari kudeatzailea den Patricia Abadekin eta Nafarroako Arartekoa den Patxi Verarekin nahiz talde parlamentarioetako ordezkariekin batera.
Kanpainan herritar anonimoen aurpegiak ageri dira, begiak emakumeen aurkako indarkeria inplikatzen duten mezuekin estalita, emakumeen gorputzari edo jarrerei buruzko aipamenak eginez edo emakume askok eraso matxistak saihesteko erabiltzen duten autozentsurako mezuekin. “Horrela janzten bada, ez dadila kexatu”, “Ez diet beste batzuei ‘like’ emango, zapuztu ez dadin”, “Isilik geratzen banaiz edo kontra egiten ez badiot, lasaitu eta gelditu egiten da” edo “Piropo bat besterik ez zen, ez dago esajeratu beharrik” bezalako esaldiak hautatu dira era horretako indarkeriaren inguruan hausnarketa egitera gonbidatzeko.
Kanpainaren kostua 35.000 euro ingurukoa izan da, eta honako hauen bidez zabalduko da: sare sozialak; tokiko aldizkariak; Nafarroako Jauregian eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) jarritako olanak; Iruñean, Tuteran, Tafallan eta Lizarran jarritako markesinak; eta Iruñeko eta Tuterako hiriko euskarri digitalak (mupis). Azaroaren 25ean bertan, gainera, adierazpen instituzionala irakurriko da Nafarroako Jauregiaren aurrean egingo den elkarretaratze batean.
Indarkeria-modu psikologikoak, ekonomikoak eta sinbolikoak
INAI / NABIren azterketaren arabera, “indarkeria isilak” deiturikoak dira detektatzen eta probatzen zailenak. Erasotzaileek beren portaerak naturalizatu eta justifikatu egiten dituzte, eta ez dira indarkeria matxistaren adierazpen gisa identifikatzen. Batzuetan, gainera, biktimek eta haien inguruneek normalizatu egiten dituzte jasaten dituzten erasoak, eta, beraz, oso zaila da azaleratzea eta horietan esku hartu ahal izatea.
Indarkeria psikologikoa da erasotzeko modurik ezkutuena. Askotan oharkabean gertatzen da, eta jasaten dutenak ere ez dira konturatzen. Indarkeria hori oso zabalduta dago, eta identifikatzeko zaila da, aztarna fisikorik uzten ez duelako. Indarkeria psikologikoaren kasu ohikoenen artean, irainak, gutxiespenak, umiliazioak, kontrol ekonomikoa, biktimen ingurunearekiko kontrol soziala edo “gas-argi efektua” daude. Azken horren estrategia da biktima nahastea, errealitatea eta eguneroko gertakarien kontakizuna desitxuratuz, harik eta berak bere osasun mentala zalantzan jarri arte. Kasu askotan, indarkeria-modu horren xedea da emakumeak mendekotasun-egoera batera mugatzea, genero-berdintasuna baztertzen duen ideologia baten zati gisa.
Bestalde, indarkeria ekonomikoa bikotekidearen eta bikote ohiaren eremuan gertatzen den indarkeria-mota da. Hain zuzen ere, mendekotasun-modu bat sortzen da erasotzaileak emakumearekin dituen lotura ekonomikoen bidez. Emakumeen ondarearen erabilera askean eragina duten ekintzak, ez-egiteak edo jokabideak dira, eta horren barruan haien soldata, dokumentuak, ondasunak, etxebizitza eskuratzeko aukera edo bestelako baliabide ekonomiko batzuk sartzen dira. Indarkeria horren helburua da emakumeen baliabide ekonomikoak edo ondare-baliabideak kontrolatzea, mugatzea, suntsitzea edo horiek legez kontra bereganatzea.
Emakumeen gaineko Indarkeriari buruz 2019an egindako Makroinkestaren arabera, 16 urtetik gorako 2,3 milioi emakume baino gehiagok jasan dute era horretako indarkeria ekonomikoa; hau da, Espainian bizi diren emakume guztien %11,5ak. Hona hemen indarkeria horren adibide batzuk: emakumeak dirua nola gastatzen duen erreklamatzea, lan egitea edo ikastea galaraztea, gauza hutsaletan gastatzea leporatzea edo emakumearen ondasunekin geratzeko mehatxuak egitea. Bikotekide ohiari dagokionean, indarkeria-mota hori ikusten da elkarrekin dituzten seme-alaben mantenu-pentsioa nahita ez ordaintzean.
Indarkeria-modu sinbolikoari dagokionez, emakumeak gauza bihurtzera bideratutako mezuak eta jarrerak nabarmentzen dira, gizon batzuek emakumeen gainean egiten dituzten indarkeria-ekintzen errudun sentiarazteraino, haien janzteko, portatzeko edo kaleetan “bakarrik” ibiltzeko duten modua dela-eta. Hizkera sexistak ere indarkeria sortzen du, emakumeak diskurtsotik kanpo geratzen baitira soilik modu maskulinoan hitz egitean, eta emakumeen lorpenei balioa kentzen edo ikusezin bihurtzen laguntzen baitu, zuzenean iraintzen ez dituenean.
Halaber, indarkeria-modutzat jotzen dira genero-estereotipoak, uste faltsuetan, sinplifikazioetan edo gizonengan eta emakumeengan espero daitekeen portaera bereiziari buruzko orokortzeetan oinarrituta. Aurrez pentsatu edo sortutako ideia horiek kulturaren, hezkuntzaren eta komunikabideen bitartez transmititzen dira, eta horien arabera, lanbide batzuk emakumeentzat egokiagoak dira beste batzuk baino edo izaera-ezaugarri batzuk gehiago dira genero batekoak bestekoak baino.
Ildo berean, diskurtso negazionista desberdintasuna eta emakumeen kontrako indarkeria ukatzean eta mugimendu feministak barregarri uztean oinarritzen da, eta politika publikoak, prebentzio-arlokoak eta arretakoak garatzea oztopatzen du.






