Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak Emaus denda-sarerako merkataritza-proiektua onartu du Gobernu Kontseiluan. Emausen denda-sarea dinamizatzea du helburu, ekonomia sozialaren eta zirkularraren inguruko elkargune bihurtzeko. Bigarren eskuko produktuen salmentarekin batera, sentsibilizazio-jarduerak, komunikazio-kanpainak eta fidelizazio-sistema bat sortuko dira. Horrek guztiak tokiko merkataritza dinamizatzen, bezero berriak erakartzen eta denda-sarearen posizioa sendotzen lagunduko du ekonomia sozial eta zirkularraren baitan.
Emaus Fundazioak kudeatutako proiektuak 56.068 euroko aurrekontua izango du guztira, eta ekintza-planak hiru ildo estrategiko nagusi ditu oinarri:
- Bezero berriak sentsibilizatzeko eta erakartzeko saioak. Denda-sarea dinamizatzeko eta merkataritza jasangarrian trebatzeko eta erreferentzia gisa duten funtzioa indartzeko aukera emango dute.
- Marketina eta komunikazioa. Fundazioaren marka merkataritza jasangarri eta inklusiboaren erreferente gisa kokatzeko plan egituratua izango du. Gainera, eta bigarren eskuko produktuetan aukera moderno, jasangarri eta ekonomia zirkularrarekin bat egiten duen eta kontsumo kontziente eta gaur egungoarekin konektatzen duen aukera baten bila dabiltzan bezeroak erakarri nahi dira.
- CRM (enpresei bezeroekin dituzten interakzio guztiak kudeatzen lagunduko dien software-tresna) eta Denden Kluba garatzea. Tresna honen helburua da Emauseko denden kudeaketa komertziala optimizatzea, bezeroak fidelizatzea, komunikazioa pertsonalizatzea, balio erantsiko zerbitzua eskaintzea eta bigarren eskuko merkataritzari lotutako komunitate aktiboa sendotzea.
Emaus Fundazioari buruz
Emaus Fundazioa 1980an sortu zen, Errenterian, gizarte-bazterketa egoeran dauden pertsonei enplegu aukera eskaintzeko asmoz, ekonomia zirkularraren baitan. Gaur egun, 300 pertsonak baino gehiagok osatutako lan-taldea du Fundazioak, eta gizarteratzeko eta laneratzeko 46 lanpostu sortzen dituzten bi enpresa barne hartzen ditu.
Emaus Fundazioari buruzko informazio gehiago, esteka honetan: https://www.emaus.com/es






