Eusko Jaurlaritzak hasiera eman dio Mutrikuko portuko babes-dikea finkatzeko obrari

0
  • Obren barruan hurrengoak sartzen dira: dikea egungo punturaino egokitzea, dikea desmuntatzea eta dikea bukatzea
  • Helburua da olatuen aurrean egonkortasuna bermatzea, itsasoko sarbidea hobetzea eta kirol-dartsenaren barruko asaldura murriztea

Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak abian jarri du Mutrikuko portuko babes-dikea sendotzeko obrari hasiera emateko prozesua, obraren lizitazio-prozesua irekitzea ahalbidetuko duen espedientea onartuta. Kontratazio horretarako 10.750.000 euroko aurrekontua onartu da.

Jatorrizko proiektua eguneratu ondoren, eta udalerriko bizilagunek adierazitako kezkak jaso ondoren, Eusko Jaurlaritzak aurrerapauso bat eman du klima-aldaketari aurre egiteko beharrezkoa den jarduketa hau amaitzeko.

«Mutrikuko portuko babes-dikea sendotzeko lanak mugarri izango dira bai itsasertzeko herri honentzat, bai euskal kostalde osoarentzat. Mutrikuko dikea amaituz, amaitutzat emango dira epe laburrean EAEko portuetako babes-dikeak indartzeko eta egokitzeko programatutako jarduera nagusiak» adierazi du Amaia Barredo sailburuak.

Mutrikuko portuko kanpoko dikea eraikitzeko lanak duela hogei urte hasi ziren. Hala ere, urte hauetan portuaren errealitatea aldatu egin da, eta bere beharrak ere aldatu egin dira. Hala eta guztiz ere, ezinbestekoa da portuko babes-dikea sendotzeko obrei ekitea, obra amaitzeko.

Kontratatu beharreko sendotze-obra horien barruan sartzen dira dikea egungo punturaino egokitzea, dikea desmuntatzea eta dikea jatorrizko proiektuaren erdira baino gutxiagora arte luzatzea, udalak eta Eusko Jaurlaritzak itxitako akordioaren ondoren.

Era berean, obra-eremu osoan akabera mota desberdinak dituen zoladura eta argiztapen- eta drainatze-zerbitzuen sareak aurreikusi dira babes-dikera sartzeko bidearen hasieran. Gainera, azpiegitura horren babesean aisialdirako gune bat sortuko da, baita itsasoaz gozatzeko eta uretako jarduerak egiteko gune bat ere.

Obra horien bidez, babes-dikearen beraren egonkortasuna bermatu nahi da olatuen aurrean, porturako itsas sarbidea hobetu nahi da, eta kirol-dartsenaren barruko asaldura murriztu nahi da. Horri esker, portuko jarduera segurtasun handiagoz garatu ahal izango da.

Horrela, Eusko Jaurlaritzak sail honek azken hamarkadan izan duen lehentasunezko helburuetako bat betetzen du: portu-babeseko gure azpiegiturak indartzeko eta egokitzeko beharrari erantzutea, azken urteotan ikusten ari diren olatuen inpaktu- eta altuera-energia apartaren aurrean. Helburu hori 2014. eta 2016. urteetan euskal kostaldeko hainbat herritan izandako denboraleek eragindako kalteen ondorioz ezarri zen.

Proiektua azaroaren 28an, ostiralean, aurkeztuko zaie lehenik Portu Kontseiluko kideei, goizean egingo den bilera batean, eta arratsaldean, berriz, herriko bizilagunei.