Donostiako Udaletxeko Udalinforen bulego nagusi berriak ireki dira

0

Azaroaren 12tik aurrera, Ijenteako bulegoak izango dira Donostiako herritarrei arreta emateko erreferentzia-puntua

Udalinfo Herritarrentzako Arretarako Bulego nagusiak gaur ireki dira, udaletxearen beheko solairuan (Ijentea, 1), herritarrentzako erreferentziazko lekuan. Gune zabalago horretan zentralizatuko dira gehien eskatzen diren zerbitzuetako batzuk.

9:00etatik aurrera, herritarrei arreta ematen dieten langileak lehenengo herritarrak artatzen hasi dira gune berri horretan. Bulego horiek Easo kaleko aurrekoen bikoitza baino azalera handiagoa dute, eta horrek hobekuntza nabarmena ekarriko du donostiarrei ematen zaien arretaren kalitatean.

Jon Insausti alkateak azpimarratu du «Udaletik argi eta garbi esan dugula gehiago eta hobeto entzun nahi diegula donostiarrei, eta ahalik eta harrera hobea egiteko baliatu nahi dugu espazio berri hau, toki sinbolikoan, erreferentziazko lekuan, udaletxearen eraikuntzan bertan. Horrela adierazi nahi dugu Udaleko ateak irekiak daudela hiritarrentzat, baita eguneroko gauza txikientzat ere. Garai berrietara egokitutako erantzuna eman nahi diegu donostiarrei, eta harrera egiteko gunea ere egokitu egin nahi izan dugu”.

Erreferentziako gune horrek 22 postu aktibo izango ditu herritarrei arreta emateko (25 arte har ditzake), eta horietan, Easoko bulegoetan eskaintzen ziren izapideez gain, Goikoa jauregian orain arte ematen zen Zerga-bilketaren arloko arreta eskainiko da, hirigintzan espezializatutako arretarekin batera. Bulegoen sarreran autotramitazio-makina bat ere badago (Boulevardetik sartzen da bertara), zenbait izapide arintzeko, hala nola errolda-ziurtagiria lortzea.

Herritarrei arreta emateko gune horretaz gain, bulegoek lan-espazio bat dute erantsita, Udalinfoko barne-zerbitzuetako eta telefono bidezko arretako 16 lanpostuetarako. Gune horretan bertan egongo dira Herritarren Partaidetzarako zerbitzuak ere, beste administrazio-zerbitzu batzuekin batera.

Alkatearen esanetan, “entzuteko eta erantzuteko konpromisoa hartzen dugu, eta gizartea aldatu den heinean, komunikazio baliabideak ere bilakaera izan dute. Gaur aurkezten ari garen harrera fisikoaz gain, telefonoz eta online zerbitzua eskainiko dugu eta whatsaap kanala prestatzen ari gara ahalik eta erraztasun handienak emateko donostiarrei, komunikazioa zuzena eta azkarra izan dadin.

Herritarrentzako arreta

Azaroaren 12tik aurrera, Easoko eta Goikoa jauregiko herritarren arretarako bulegoak itxi egingo dira, eta Ijentekoak Udalinforen bulego nagusiak izango dira. Hauek, Morlans eta Altzako bulegoekin batera emango dute zerbitzua:

  • Udaletxea: 9:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18:00etara
  • Morlans: 9:00 – 14:00
  • Altza: 9:00etatik 14:00etara

Derrigorrezkoa ez bada ere, bulegoetara aldez aurretik hitzordua eskatuta joatea gomendatzen da. Hitzordua donostia.eus/udalinfo webgunean eskura daiteke. Herritarren arretarako zerbitzuarekin ere jar daiteke harremanetan 010 telefono-zenbakian.