Ibone Bengoetxea Lehen Lehendakariordeak Euskararen erabilera sustatzeko Gobernuaren ibilbide-orria aurkeztu du Eusko Legebiltzarrean

0

Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Aitor Aldasoro Hizkuntza Politikako sailburuordearekin batera, Eusko Legebiltzarrean aurkeztu du Eusko Jaurlaritzaren euskararen erabilera indartzeko ibilbide-orria. Bengoetxeak adierazi duenez, “euskararen biziberritzearen hurrengo jauzia emozioaren, konplizitatearen eta herritarren inplikazioaren bidetik etorriko da”.

Balantze positiboa eta erronka berriak

Lehendakariordeak gogorarazi du euskara “Europako hizkuntza zaharrena eta euskal identitatearen oinarria” dela. Gaur egun, biztanleen %42,5 euskalduna da, 1981eko %21,9aren aldean, eta 5 eta 29 urte bitarteko gazteen artean euskararen ezagutza %75ekoa da.

Hala ere, ohartarazi du “gizartea aldatu egin dela, eta erronka nagusia dela euskara hautu pertsonal erakargarri eta desiragarria izatea herritar gehiagorentzat, egungo emozio eta errealitate sozialekin konektatuz”.

Hiru ardatz estrategiko

Gobernuaren jarduna hiru ardatz estrategikotan oinarritzen da:

  1. Politika publiko sendo eta zeharkakoak, AROA markoa eta laster onartuko den Euskararen Plan Estrategikoa oinarri hartuta. Aurrerapauso nabarmenen artean daude euskara ikasteko oinarrizko mailen doakotasuna, INGURA ikaskuntza-plataforma digital berria, eta euskara hezkuntzan, industrian eta berrikuntzan txertatzeko politikak.
  2. Gizarte antolatuarekin lankidetza, euskararen erabilera errealerako baldintzak sortzeko. Horren adibide dira LANERA proiektua (arlo sozioekonomikoan euskara sustatzeko), etorkinen harrera linguistikoa, eta ikus-entzunezkoen arloan euskararen presentzia handitzeko nazioarteko plataformekin egiten ari diren akordioak.
  3. Herritarren inplikazioa eta atxikimendu emozionala, “Jauzia Gara” bezalako prozesuen bidez, euskara hautu pertsonal erakargarri bihurtzeko eta gizartearen konplizitatea sendotzeko.

Etorkizunari begira

Bengoetxeak azpimarratu duenez, “euskararen etorkizuna ez da erakundeen ardura bakarrik, herri oso baten mugimendua baizik”.

Halaber, gogorarazi du 2027an egingo dela Euskararen Mundu Biltzarra, euskararen indarberritze-prozesuaren etorkizuneko norabideak markatzeko gizarte eta unibertsitate mailako ekarpenak uztartuko dituen foro nagusia.

“Gure helburua argia da: denon artean euskararen biziberritzean aurrera egitea, eta etorkizuneko belaunaldiei hizkuntza bizia, erabilia eta, batez ere, maitatu bat uztea.”