Mikel Torres: “Enplegua ez da soilik helburu ekonomikoa, baizik eta inklusiorako eta kohesiorako politikarik onena da”

0
  • MerkaLan azokaren baitan, Lehendakariordeak eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak eskatu du “talentu guztia aprobetxatzea, aniztasuna eta berdintasuna sustatzea, eta inor atzean ez uztea»
  • Uste du “premiazkoa” dela “eskubidedun enplegua indartzea, negoziazio kolektiboa bermatzea eta ziurtatzea berrikuntza ez dela esplotazio bihurtuko»

 

Mikel Torres Lehendakariordeak eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak azpimarratu du enplegua ez dela soilik “helburu ekonomikoa, baizik eta inklusiorako eta kohesiorako politikarik onena”. Eta haratago doa: “Euskal enpresak, euren ahaleginarekin eta plantillekin, herritar guztien oparotasunaren motorra dira. Gure eginbehar politikoa da bermatzea ahalegin horrek pertsona guztientzako enplegu duina, egonkorra eta eskuragarria eta gure enpresentzako lehiakortasuna ekarriko dituela”.

Gasteizen, gaur, asteazkena, egin den MerkaLan azokaren inaugurazio ekitaldian, Torresek eskatu du Enpleguaren Euskal Estrategia 2030 egitasmoak markatutako bideari jarraitzea, hau da, “talentu guztia aprobetxatzea, aniztasuna eta berdintasuna sustatzea, eta inor atzean ez uztea”. Helburu horiek lortzeko, beharrezkotzat jotzen du prestakuntzaren, kualifikazioaren eta laguntza pertsonalizatuaren aldeko apustua egitea. “Programa bakoitzak, MerkaLan bezalako ekimen bakoitzak agindu politiko horri erantzuten dio: ateak irekitzea eta benetako aukerak sortzea”, adierazi du Lehendakariordeak.

Torresek balioan jarri du enpleguaren kalitatearen garrantzia, “premiazkoa baita enplegua eskubideekin indartzea, negoziazio kolektiboa bermatzea eta berrikuntza esplotazioa ez dela izango ziurtatzea”, eta gogorarazi du enpleguaren kalitateak esan nahi duela “eskubideak, egonkortasuna, gizarte babesa eta bizitza osoa ahalbidetuko duten baldintzak izatea”.

Era berean, Lehendakariordeak dei egin du “oztopoak kentzeko eta talentu guztia aprobetxatzeko: gazteak, 50 urtetik gorakoak, migratzaileak eta emakumeak”. “Berdintasuna ez da gai osagarria, justizia sozialean, lehiakortasunean eta garapen ekonomikoan aurrera egiteko baldintza baizik”, adierazi du, eta nabarmendu du Euskadiko soldata arrakala % 12,8koa dela, eta oraindik ere erronkak daudela; hala nola, lan partzialtasuna eta kristalezko sabaiak.

Prozesuak bizkortzea

Atzerritarren lan baimenen kudeaketari dagokionez, Torres Lehendakariordeak nabarmendu du Euskadik uztailean bereganatu zuen eskumen transferentziak jatorrian errotzeko eta kontratatzeko prozesuak bizkortzea ahalbidetu duela. Ordutik, Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak 6.700 espediente baino gehiago izapidetu ditu, eta 2026rako 27.000 kasu baino gehiago aurreikusten dira.

“Ahalegin horrek konpromiso argia islatzen du jatorrian errotzeko eta kontratatzeko prozesuak bizkortzeko, funtsezkoak baitira eskulanaren eskaerari erantzuteko eta laneratzea errazteko, baina baita Euskadiko ekonomia eta gizarte kohesioari laguntzeko ere», gaineratu du Torres Lehendakariordeak.

MerkaLan 2025: erreferentea lankidetza publiko-pribatuan

“Orientatzea biharko talentua aktibatzea da” lelopean, MerkaLanen seigarren edizioak Eusko Jaurlaritzaren eta Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren “politika publiko irmo baten adierazpena” islatzen du, “pertsonak eta enpresak eraldaketa ekonomiko eta sozialaren erdigunean jartzen dituena”, nabarmendu du Torres lehendakariordeak, eta gogorarazi du, Lanbideren Futurelan behatokiaren arabera, hurrengo hamarkadan, Euskadik 675.000 enplegu aukera sortuko dituela, gehienak belaunaldien arteko erreleboari lotuak, “eta hori erronka eta aukera bat da euskal produkzio sarea gaztetzeko eta eraldatzeko”.

MerkaLan, 150 enpresa eta erakunderen partaidetzarekin, erreferente bilakatu da lankidetza publiko-pribatuan, eta “lan merkatuaren errealitate berrietara egokitzearen adibide da, ehunka enplegu, prestakuntza eta jarduera eskainiz etorkizun berritzaile, askotariko eta iraunkorrago baterako”.

Edizio honetako azoka presentzialak gaur, asteazkena, 17:45ak arte iraungo du, Gasteizko Europa Biltzar Jauregian. Azoka birtuala azaroaren 13ra arte izango da.

Torresek defendatu duenez, Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak eta Lanbidek “lanean jarraituko dugu, Euskadi enpleguan, inklusioan eta garapenean erreferente izaten jarrai dezan. Gure herriaren lan etorkizuna hemen, gaur, guztion artean eraikitzen da”.