Eusko Jaurlaritzak 125 eragile batu ditu LANERA proiektuan aurrera egiteko eta euskara industrian, merkataritzan eta ostalaritzan indartzeko

0
Sede del Gobierno Vasco, Lakua Salón de Actos y escudo de Euskadi
  • Proiektuaren helburua da euskararen presentzia eremu sozioekonomikoan sendotzea, erabilerarako baldintza errealak sortuz eta etorkizunerako lehentasunak modu partekatuan definituz.
  • Jardunaldian industria, merkataritza eta ostalaritzako egoeraren diagnosia aurkeztu da, etorkizuneko lan-ildoak elkarrekin zehazteko.
  • Lehen lehendakariordea: “Erronka da euskaraz egitea hautu desiragarri bihurtzea, baita lanean eta ekonomian ere, milaka pertsonak euren eguneroko jarduna garatzen duten eremuan”

Eusko Jaurlaritzak LANERA proiektuaren lehen topaketa publikoa ospatu du gaur BECen. Kultura eta Hizkuntza Politika sailak bultzatutako ekimena da LANERA, euskararen erabilera eremu sozioekonomikoan sustatzeko helburua duena. Ekitaldian 125 eragile inguru batu dira: udaletako eta mankomunitateetako ordezkariak eta garapen-agentziak, besteak beste.

Lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Ibone Bengoetxeak, jardunaldiari hasiera eman dio eta nabarmendu du eremu sozioekonomikoan euskararen erabilera areagotzeko aukera handiak daudela. Zentzu horretan, gogorarazi du LANERA proiektua sortu dela “euskara gure herriaren garapen sozioekonomikoaren erdigunean kokatzeko, lurraldea entzunez, beharrak ulertuz eta irtenbideak elkarlanean eraikiz”.

Azken hilabeteotan, Eusko Jaurlaritzak gidatutako proiektuak entzute-prozesu zabala garatu du:

  • 21 eskualde eta hiru hiriburu bisitatu dira,
  • 300 ordezkari baino gehiagorekin bildu da,
  • eta 600 esperientzia baino gehiago identifikatu dira, euskararen erabilerarekin lotutakoak enpresetan eta zerbitzuetan.

Gaur aurkeztutako diagnosiak bost ondorio nagusi azpimarratzen ditu:

  1. Euskararen aldeko lan handia egiten dela, baina modu sakabanatuan;
  2. Udalen artean baliabide-desberdintasun handiak daudela;
  3. Industriak, merkataritzak eta ostalaritzak beharrizan oso ezberdinak dituztela;
  4. Sektorean logotipo eta ekimen ugariren saturazioa sumatzen dela;
  5. Eta euskara gero eta gehiago ikusten dela balio erantsiko elementu gisa, arreta, turismo eta zerbitzu arloetan, batez ere.

Jardunaldian zehar, parte hartu duten 125 eragileak hiru lan-mahaitan jardun dira —industria, merkataritza eta ostalaritza— diagnosia kontrastatzeko eta errealitate bakoitzera egokitutako hobekuntza-proposamenak lantzeko.

Lehen lehendakariordeak gogorarazi duenez, “LANERA ez da dokumentu bat edo kanpaina bat; prozesu partekatua da, euskarak lan-munduan, jarduera ekonomikoan eta eguneroko bizitzan toki naturala izan dezan”. Halaber, eskerrak eman dizkie bertaratutakoei, eta azpimarratu du gaur jasotako ekarpenak funtsezkoak izango direla proiektuaren hurrengo faseak diseinatzeko.

Parte-hartzea

Jardunaldian 125 eragile inguru parte hartu dute, lurralde osoko udaletatik, mankomunitateetatik eta garapen-agentzietatik etorriak. Ekitaldi publikoan, hitza hartu dute: Juan  Carlos Medinak, Gesaltza Añanako Alkateak; Alazne Txurrukak, Debako Alkateak; Martin Aramendik, Ataungo Alkatea eta UEMAko presidenteak; Josu Larrañagak, Txorierriko mankomunitateko teknikariak; eta Xabi Perezek, Goieko Garapen Agentziako industria arduradunak.