Euskadiko Lanbide Heziketak palestinar errefuxiatu gazteen prentskuntza indartzen dihardu Libanon

0

Euskadi UNRWArekin eta eLankidetzarekin ari da elkarlanean Libanon Lanbide Heziketa modernizatzeko eta Palestinako gazte errefuxiatuen lan aukerak hobetzeko.

Begoña Pedrosa Hezkuntzako sailburuak ongietorria eman die gaur Tknikan palestinar errefuxiatu gazteekin lan egiten duten Libanoko irakasle talde bati. Bertan, Lanbide Heziketako sailburuorde Jon Labakak eta Tknikako zuzendari Pili Alonsok ere parte hartu dute.

Bisita Hezkuntza Sailak eta eLankidetzak UNRWA Palestinako Errefuxiatuentzako Nazio Batuen Agentziarekin lankidetzan bultzatutako lankidetza-programaren barruan kokatzen da, lanbide-heziketa indartzeko eta bereziki kalteberak diren inguruneetan etorkizunerako aukera berriak irekitzeko.

Euskadin dauden bitartean, irakasle libanoarrek Bizkaiko eta Gipuzkoako Lanbide Heziketako hainbat ikastetxe bisitatuko dituzte —besteak beste, Santurtzi, Barakaldo, Zornotza, Galdakao eta Sestaokoa— eta Tknikak eta iTlentek garatzen duten lana, eta berrikuntzan, gobernantzan eta metodologietan erreferentzia diren erakundeena, tartean ETHAZIrena, ezagutuko dute. Bestetik, agendaren barruan, euskal irakasle-taldeekin eta ikasleekin trukeak egingo dira, batez ere inklusioarekin eta ikasle kalteberei arreta ematearekin lotutako arloetan.

Pedrosa sailburuak nabarmendu egin du “hezkuntzak eraldaketarako eta itxaropenerako tresna gisa duen balioa, baita testuinguru zailenetan ere”. Azpimarratu duenez, “truke horrek islatzen du Euskadik lankidetza hezitzailearekin duen konpromisoa, laguntza ematen duena eta gehien behar dutenei benetako aukerak eskaintzen dizkiena”.

Palestinako gazte errefuxiatuentzako hezkuntza eta etorkizuna

Palestinako gazte errefuxiatuek zailtasun handiak dituzte enplegua lortzeko eta etorkizun duina eraikitzeko. Lanbide-heziketako ikastetxeen sarearen bidez, UNRWAk ikasleen eta tokiko produkzio-sarearen beharretara egokitutako programak eskaintzen ditu, haien enplegagarritasuna eta integrazio sozioekonomikoa hobetzeko.

Esparru horretan, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak babestutako proiektuaren helburua da Libanoko Lanbide Heziketa modernizatzea, prestakuntza teknikoko ikastetxeen estrategia, curriculumak eta ekipamenduak eguneratuta. Lankidetzak truke teknikoa eta pedagogikoa eta LHko euskal langileak uztartzen ditu, baita tailerren eguneratze teknologikoa eta ETHAZI ereduan oinarritutako metodologia aktiboak txertatzea ere. Bestetik, programaren barruan sartzen dira zuzendaritza- eta irakasle-taldeen prestakuntza, lan-eskari handia duten arloetako prestakuntza-programa berrien diseinua —energia berriztagarriak, elektronika, soldadura, mekanika eta industria-instalazioak— eta tokiko enpresekiko harremana indartzea, ikasleen enplegagarritasuna errazteko, 500.000 euroko aurrekontuarekin, Hezkuntza Sailak eta eLankidetzak kofinantzatuta.

Libanon esku hartzea hiru etapako proiektu baten bigarren fasea da: lehena Jordanian garatu da, bigarrena Libanon eta hirugarrena Sirian. Fase guztiak Palestinako gazte errefuxiatuen aukerak hobetzera bideratuta daude, lanbide-heziketaren bidez.

Pedrosa sailburuak balioan jarri du “Lanbide Heziketaren euskal ereduak nazioartean sortzen duen konfiantza”, eta gogorarazi duenez, “Euskadik bere ezagutza partekatzen du, enplegagarritasuna hobetzeko ez ezik, errefuxiatuen ongizatean eta duintasunean laguntzeko ere”.