- Profil berri hori Lehen Mailako Arretan hedatzeak Euskadiko 15 osasun-zentrori emango die estaldura, arreta arinagoa eta hurbilagoa eskaintzen duen proiektu pilotu batean
- Hautagaiek, Psikologiako Gradua edukitzeaz gain, Osasun Psikologia Orokorreko master bat egin behar izango dute
Osakidetzak osasun-zentroetan sartuko diren Psikologiako profesionalen kontratazio-zerrenda irekiko du bihar, asteazkena, azaroak 19. Horren bitartez, herritarren artean nahasmendu edo ondoez emozionalak hobeto lantzea lortu nahi da, hala nola insomnioa, antsietatea edo depresio arina. Horrekin batera, beste xede bat da ahalik eta talde gertuenetatik egitea, hala nola Lehen Mailako Arretako sareak eskaintzen dituenetatik. Hautagaiek bihartik abenduaren 3ra arte eman dezakete izena aldi baterako kontratazio-zerrendetan, esteka honen bitartez.
Neurri horren arabera, psikologo sanitarioak kontratatuko dira, Euskadiko Osasun Itunaren ildo estrategikoetako baten esparruan, osasun emozionalari lotutako nahasmenduengatiko asistentzia-eskaerari erantzuteko. Profesional hori izango da pazienteen ongizate emozionalaren erreferentea Lehen Mailako Arretan, eta modu mailakatuan jardungo du Familiako Medikuntzako profesionalaren (hurak deribatuko baitu pazientea psikologoarengana) eta arreta espezializatuaren artean, zeina ospitalez kanpoko Osasun Mentaleko zentroetan ematen baita, kasu konplexuagoak artatzeko. Plaza horiek eskuratu ahal izateko (9, guztira), Psikologiako titulua izateaz gain, Osasun Psikologia Orokorreko masterra eduki beharko da.
Proiektu pilotua 15 osasun-zentrotan
Lehen adierazi den gisa, Lehen Mailako Arretako psikologoek eguneroko bizitzan eragina duten nahasmendu arinak edo ondoez emozionalak artatuko dituzte, hala nola antsietatea, depresioa edo insomnioa. Horretarako, esku-hartzea egingo dute, arazo horiei aurre egiteko trebetasunak lantzeko. Pilotaje gisa 15 osasun-zentrori emango die estaldura: 5 Gipuzkoan (Altza, Pasai San Pedro, Beasain, Irun-Dunboa, Hondarribia); 2 Araban (Lakuabizkarra, Salburua) eta 8 Bizkaian (Errepelega, Castaños, Otxoarkoaga, Rekalde, Solokoetxe, Gernikaldea, Basauri-Kareaga eta Basauri-Ariz).
Horrela, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak lehen urratsa eman dute ondoez emozionala duten pertsonak modu arinagoan eta eskuragarriagoan tratatzeko, arreta psikologikoa beren erreferentziazko osasun-zentroan bertan aurkituko baitute, mugitu beharrik gabe.






