Hezkuntza Sailaren deialdia eskola-garraioaren banakako esleipenak egiteko

0

Gobernu Kontseiluak, Begoña Pedrosa Hezkuntzako sailburuak proposatuta, eskola-garraiorako banakako diru-laguntzetarako deialdia egiten duen Agindua onartu du gaurko bileran.

Deialdi hau eskola-garraiorako eskubidea duten baina Hezkuntza Sailak antolatutako garraio-ibilbideetara egokitu ezin diren ikasleentzat da, edo ikasleek beste erakunde batzuek antolatutako garraio publikoa erabiltzea egokitzat jotzen den kasuetarako.

Laguntza hauek ikastetxe publikoetako Haur Hezkuntzako (lehen zikloko hirugarren maila eta bigarren zikloa), Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Oinarrizko Lanbide Heziketako, Batxilergoko eta Erdi Mailako Heziketa Zikloetako ikasleentzat dira. Horretarako lau milioi euro erabiliko dira.

Iaztik, deialdi honek berrikuntza garrantzitsu bat du: bere aplikazio-eremuaren barruan sartzen ditu Batxilergoko eta Erdi Mailako Heziketa Zikloetako ikasleak, eskola-garraioari buruzko dekretu berriak ezartzen duen bezala (164/2023 Dekretua, urriaren 31koa). Batxilergoko eta erdi-mailako heziketa-zikloetako ikasleek laguntza horiek jasotzeko aukera izango dute, baldin eta dekretu horretan ezarritako baldintzak betetzen badituzte eta Hezkuntza Sailak antolatutako garraioa erabiltzeko baimenik eman ez bazaie.

Bete beharreko baldintza horien artean, honako hauek nabarmentzen dira: ikastetxea etxetik 4 kilometrora edo gehiagora egotea (2 kilometro edo gehiago ezintasun fisiko, psikiko edo sentsorialarekin lotutako hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleen kasuan); edo 21 urte baino gehiago ez izatea ikasturtea amaitzen den urtean (25 urte edo gehiago, hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleen kasuan).

Hezkuntza Sailak bermatu egiten du aurkeztutako eskaera guztiek, baldintzak betetzen dituztenek, dagokien laguntza jasoko dutela. Beraz, deialdira bideratutako zenbatekoa handitu ahal izango da, horretarako beharrezkoa izanez gero.