Kultura eta Hizkuntza Politika sailak estrategikotzat jotzen du BERRIA proiektu komunikatiboa euskararen normalizazio prozesuan eta lau urtetarako berritu du laguntza-hitzarmena
Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu du jarraipena ematea Jaurlaritzaren eta Euskal Editorea SL entitatearen arteko laguntza-hitzarmenari BERRIA proiektu komunikatiboa argitaratzen jarraitzeko, paperean zein digitalean. Guztira 13,8 milioi euro bideratuko dira lau urteko indarraldia izango duen dirulaguntzara.
Izan ere, Euskal Editorea, S.L. entitateak argitaratzen duen BERRIA proiektu komunikatiboa (egunkaria paperean zein digitalean), Euskal Herriko euskarazko egunkari orokor bakarra da. Berria sortu zenetik paperean nahiz alor digitalean gizarteari zerbitzua eskaintzen dio eta bere plan estrategikoan lehentasunezko helburutzat kalitateko informazioa, profesionala eta irekia eskaintzea jasotzen da.
Helburu hauek bat datoz Jaurlaritzak euskararen sustapenarekiko dituen hainbat konpromisorekin: euskarak hedabideetan duen presentzia sustatzeko eta euskarazko hedabideak indartzeko eta sustatzeko ekimenak bultzatzea; euskarak ingurune digitalean duen presentzia sustatzeko programak eta ekimenak bultzatzea; eta euskal-kulturaren arloan dabiltzan organismo eta elkarteekin batera, euskarazko interes globaleko proiektuak garatzea, besteak beste.
Hala, hitzarmen honen babespean BERRIA proiektu komunikatiboaren baitako egunkariaren zein webgunearen jarduera informatiboa gauzatzeko beharrezkoak diren, produkzio funtzionamendu, inprenta eta banaketa gastuak finantzatuko dira. Gainera, BERRIA egitasmoaren berrikuntza eta garapenarekin zerikusia duten bestelako proiektuak ere urtez urteko egitasmoan sartu ahal izango dira, Jarraipen Batzordeko kideek hala adostuz gero.






