- Hasierako kontratazio-espedientean aurreikusitakoak baino bi gailu gehiago dira, eta Donostiako Unibertsitate Ospitalean eta Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIan kokatuko dira
- Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak berrikuntzarekiko eta etengabeko hobekuntzarekiko konpromisoa sendotu du, Osakidetzako parke teknologikoa handituz eta modernizatuz
- Erosketa, Osasun Sailak osasun-sistema publikoa indartzeko eta pazienteen arreta hobetzeko abian jarritako osasun-teknologiako inbertsio-plan berriaren barruan sartzen da
Osakidetzak 5,5 milioi euroan esleitu du azken belaunaldiko lau erresonantzia magnetikorako gailuen hornidura- eta instalazio-kontratua. Horren helburua da, hain zuzen, osasun-sistema publikoaren diagnosi-gaitasuna indartzea, itxaron-zerrendak murriztea eta pazienteen arreta hobetzea. Erresonantziarako gailu horietako bi Donostiako Unibertsitate Ospitalean jarriko dira, eta gainerakoak Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIan; bat ospitalean eta bestea erakunde horren Lehen Mailako Arretako sarean.
Erosketa hau Osasun Sailak eta Osakidetzak abian jarritako teknologia sanitarioko inbertsio-plan berriaren barruan sartzen da, zeinaren xedea baita sistema sanitario modernoago, efizienteago eta hurbilago baterantz aurrera egitea. Prozesu horren barruan, enpresa hornitzaileen lau proposamen jaso dira ekipamendua berritzeko, eta xehetasunez aztertu dira. Azkenean, esleipena Siemens Healthcare enpresari egin zaio, 5,5 milioi euroko kontratu baten bidez. Kontratu horretan sartzen dira bai teknologiaren hornidura, baita teknologia instalatzea eta martxan jartzea ere.
Horrela, Osakidetzak guztira azken belaunaldiko lau erresonantzia magnetikorako gailu eskuratuko ditu, hasierako espedientean aurreikusitakoak baino bi gehiago. Horietako bi Donostiako Unibertsitate Ospitalean instalatuko dira, eta 2026ko udaberrirako martxan egotea espero da, hobekuntza teknologiko nabarmena bermatuz osasun-sistema publikoarentzat. Gipuzkoan, aurrerapen hau Arrasateko Ospitalean eta Tolosako ospitale publiko berrian aurreikusita dagoen bultzadarekin batuko da, non erresonantziarako gailuak instalatuko baitira. Gailu horiek aipatutako bi erakundeak martxan jartzen direnean ezarriko dira.
Beste bi erresonantziarako gailuak Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIan instalatuko dira, bat Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean eta bestea Lehen Mailako Arretako sarean. Lehenengo gailua martxan jartzeko, ospitaleko gimnasioa berritzeko obrak amaitu behar dira. Hala ere, aurreikuspenen arabera, 2026ko udazkenean edo neguan egongo da martxan. Bigarrenaren kasuan, berriz, kokapena zehazteke dago, eta laster hartuko da erabakia.
Gailu horiek guztiek zehaztasun eta azkartasun handia dute, eta, horri esker, miaketak kalitate handiagoz eta modu erosoagoan egin ahal izango dituzte, itxaronaldiak nabarmen murriztuz.
Inbertsio honi esker, Osakidetzak sendotu egin du berrikuntzarekin eta etengabeko hobekuntzarekin duen konpromisoa, bere parke teknologikoa handituz eta modernizatuz. Jarduera hau Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak kalitatezko osasun-sistema publiko bat finkatzeko duen estrategiaren parte da, zeinak berrikuntza lehenesten baitu herritar guztien ongizaterako eta osasunerako funtsezko tresna gisa.






