- Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak nabarmendu du 20. urteurrenaren ospakizun ekitaldian abiadura handiko euskal sarearen eraikuntzak izan duen erronka teknikoa, beste 2.000 milioi euro gehigarri ekarri dituela
- García Chuecak Frantziari eskatu dio euskal eta Espainiako gobernuen ahaleginari bat egin diezaiola, Europarekiko konexioa bermatuz; eta Europako Batzordeari, berriz, “mekanismoak aktibatzeko administrazio frantsesei martxan jartzeko eskatzeko”
Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren Sailaren esku dagoen Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoak, 2.288 milioi euro inbertitu ditu euskal trenbide-sistema hobetzeko eta sendotzeko duela 20 urte sortu zenetik, Susana García Chueca sailburuak gaur goizean Bilbon bere hogeigarren urteurrena ospatzeko erakunde publikoak antolatutako jardunaldi teknikoan balioetsi duenez.
‘20 urte Euskadi saretzen’ lelopean, García Chueca sailburu eta ETSko presidenteak adierazi duenez, “Euskal Trenbide Sareak 20 urte bete ditu Euskadi kalitatezko mugikortasun jasangarri publikoko sarea ehuntzeko gaitasuna duten eskualdeen buru jartzen duen ibilbidea osatzen”.
Eusko Legebiltzarrak aho batez onartu zuen 2004an Euskal Trenbide Sarea-Red Ferroviaria Vascari buruzko 6/2004 Legea. Urte horretan bertan, lehen fasean, Metro Bilbaorako (Imebisa) ingeniaritza zaharraren ekipoan, egituran eta funtzioetan oinarrituta eratu zen ETS. Bigarren fasean, 2005ean, ETSri eskualdatu zitzaion Euskotrenen proiektu- eta obra-unitatea. 2006an amaitu zen prozesua, gaur egun erakunde publikoaren ustiapen-eremuan dauden Euskotreneko langileak eta bitartekoak eskualdatuta.
Urte hauetan guztietan, ETSk 2.288 milioi euro inbertitu ditu bere sarea handitzen eta hobetzen, bai eta Bilboko metroaren 1. eta 2. lineen hedapenean aurrera egiten eta 3. linea zerbitzuan jartzen ere. Gaur egun, 5. linea eraikitzeko eta 4. linea egikaritzeko proiektuak idazteko lanak egiten ari dira. Gainera, Bilboko eta Gasteizko tranbiak proiektatu, eraiki eta zerbitzuan jarri dira, eta Zorrotzaurrera eta Zabalganara, hurrenez hurren, luzatzeko eraikuntza-proiektuak idazten ari dira.
Aldi honetan, ETSk Bilbo-Donostia, Topoa, Txorierri eta Amorebieta-Bermeo lineak ere modernizatu ditu. 2026an, Lugaritz-Easo eta Altza-Galtazaraborda trenbide saihesbideak jarriko ditu zerbitzuan, eta horrek, azken batean, Gipuzkoan Topo historikoa metro bilakatzea dakar.
Era berean, Gobernu zentralak Eusko Jaurlaritzari aginduta, erakunde publikoak Euskal Autonomia Erkidegoko trenbide-sare berriaren plataforma (Euskal Y) egin du Gipuzkoako Lurralde Historikoan abiadura handiko trenarentzat, eta Bilborako sarbideen eta Arkautiko lotunearen proiektuak idazten dihardu.
Horrela, sailburuak ziurtatu du Gobernu zentralak eta Eusko Jaurlaritzak ahaleginak koordinatzen saiatzen ari direla abiadura handia Euskadira irits dadin: “Ahalegin eta koordinazioarekin ari gara lanean Gobernu zentralaren eta Eusko Jaurlaritzaren artean; gauza bera eskatzen diogu Frantziari ere, Euskal Y-a Europarekin konekta dadin”. “Azken egunotan, Europar Batasunaren aldetik herrialde mugakideari egindako eskakizun berriak entzuten ari gara, erritmoa bizkortu dezan, eta nik gaur Europako Batzordeari eskatu nahi diot bere eskumeneko mekanismoak aktiba ditzala administrazio frantsesei martxan jar daitezen eskatzeko”, gehitu du.
Bestalde, urtea amaitu baino lehen ETS-k hasiko ditu Hegoaldeko Trenbide-saihesbidearen obrak. Guztira, enkargu bidez egindako lan horiek 2.000 milioi euroko inbertsioa eskatu dute, eta, Estatuaren titulartasuneko azpiegiturak direnez, Eusko Jaurlaritzak Gobernu Zentralari ordaindu beharreko Kupotik deskontatzen du aldez aurretik aurreratzen duen zatia.
Ildo horretan, Mugikortasun Jasangarriaren Saileko arduradun nagusiak bere konpromisoa berretsi du “ahal den neurrian lanak arintzeko, abiadura handiko trena Euskadiko mugikortasunaren elementu berri bat izan dadin eta beste erkidego batzuetarako edo Europako gainerako herrialdeetarako joan-etorrietan mugikortasun jasangarriagoranzko aldaketa sakona nahiz lehiakortasun ekonomikoaren plusa ekar dezan”.
García Chueca sailburuak nabarmendu duenez, inbertitutako diru guztia “ez da trenen eta tranbien sarea hobetzeko eta handitzeko soilik, horren atzean espazioak berritzeko lan handia ere ezkutatzen da, bere iragan industrialarengatik eta kokapen estrategikoarengatik trenbide sare asko eta zaharrak dituen autonomia erkidegoan. Berroneratzeaz ari garenean, egungo sarea modernizatzeaz ez ezik, segurtasun handiagoz egiteaz ere hitz egiten dugu, eta, gainera, herritarrentzako espazioak irabaziz”.
Sortu eta bi hamarkada geroago, Euskal Trenbide Sareak Euskadi ekialdetik mendebaldera zeharkatzen duen 180 kilometroko trenbide-sarea 90 geltokiekin kudeatzen eta mantentzen du. Baita tranbia-sareko 20 kilometro ere, 44 geralekurekin. Guztira 542 milioi bidaiaren lekuko izan dira.
Bilboko Euskalduna Jauregian egindako jardunaldian, ETSk sortu zenetik egindako bidearen errepasoa egin da, ikuspegi teknikotik, baina baita giza ikuspegitik ere, euren ahaleginari eta dedikazioari esker Euskadi Europako abangoardian jartzeko gai izan diren pertsonen gaitasun teknikoa eta konpromiso pertsonala balioesteko, mugikortasuna hobetzeaz gain, gure hiri eta herrietako hiri sarea eraldatzen lagundu duen garraio publikoaren sistemari dagokionez.






