Etxeko Animaliak Identifikatzeko Euskadiko Erregistrorako aplikazio berria

0

Azaroaren 24tik aurrera, EAEko Etxeko Animaliak Identifikatzeko Erregistroak (AIEO) aplikazio berri bat izango du. Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak bi lotura berri prestatuko ditu:

  • www.euskadi.eus/aieo izango da erregistrorako sarbidea, erabiltzailearekin, maskota identifikatzeari buruzko edozein mugimendu izapidetu behar duten profesionalentzat.
  • www.euskadi.eus/aieo_kontsultak baliagarriak izango dira galdutako animaliekin topo eginez gero kontsultak egin nahi dituzten administrazioentzat edo arloko profesionalentzat.

Erregistro hori kudeatzeaz arduratzen den Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Saileko Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak erabiltzaileen eskura jarri ditu aplikazio berria erabiltzeko eskuliburu bat eta harremanetarako telefono bat, izan daitezkeen gorabeheretarako: 945 01 80 00. Erregistroaren izapideei eta mugimenduei buruzko kontsultak egiteko, ohiko bideari eutsiko zaio: regia@euskadi.eus

EAEko Etxeko Animaliak Identifikatzeko Erregistroak maskotak, animalien titularrak eta inplikatutako profesionalak identifikatzeko eta kontrolatzeko balio du.

Etxeko txakurrak, hudoak eta katuak dituzten pertsonek nahitaez eduki behar dituzte mikrotxiparekin identifikatuta. Mikrotxipa eta erregistroa AIEOn gaitutako eta erroldatutako albaitari profesional ofizialek, foralek edo udaletakoek eta pribatuek ezarriko dituzte, bi hilabeteko epean, animalia jaiotzen edo eskuratzen denetik zenbatzen hasita.

Jabea aldatzeak, helbidea aldatzeak, galtzeak, lapurretak eta abarrek eragindako aldaketak AIEOri jakinaraziko zaizkio arautegi erregulatzaileak adierazitako epeetan. Halaber, jabeen betebeharrak ezartzen dira, bai eta arriskutsuak izan daitezkeen txakurrak eta baldintza bereziak dituzten txakurrak edukitzearekin lotutako guztia ere.

AIEOren aplikazioa eguneratuta, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak urrats bat gehiago eman du sektorearentzat tresna digital eskuragarriagoak eta eraginkorragoak eskaintzeko konpromisoan.

Informazio gehiago