Eusko Jaurlaritzak bizitzaren luzatzea ulertzeko gako baliotsuak biltzen dituen liburua aurkeztu du NEXT CARE Mugaz Gaindiko III. Topaketan

0

Gaur Ficoban (Irun) egin den NEXT CARE Hirugarren Topaketaren helburua Berrikuntzako Mugaz Gaindiko Poloa (NEXT-CARE) proiektuaren emaitzak ezagutaraztea da, eta Next Care eskualdeetan (Euskadi, Nafarroa, Akitania Berria eta Okzitania) trantsizio demografikoaren erronkei aurre egiteko politika soziosanitarioen etorkizunari buruzko eztabaida eta ikaskuntza-foro gisa balio izan du.

Next Generation funtsekin finantzatutako eta Eusko Jaurlaritzak gidatutako priektu honetan, hasieratik berrikuntza bultzatzeko  ezagutza eta ikaskuntza partekatuko espazio bat sortzea proposatu zen: zaintzan, laguntzetan eta bizitza-luzaroko politiketan. Espazio hori hiru zutabe handitan egituratu da:

1. Mugaz gaindiko ikaskuntzako NEXT-CARE sarea.
2. Etorkizunerako Behatokia, joerak eta agertokiak aurreratzeko.
3. Komunikazio eta topaketa-estrategia, gaur amaituko dena III. Topaketa honekin.

«Eusko Jaurlaritzaren Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografiko Sailaren aldetik, proiektu hau, bizitza-luzeran gizarte-berrikuntzaren aldeko apustu zabalago baten parte da. Apustu hori mugaz gaindiko beste ekimen batzuekin partekatzen dugu, bai eta lurraldeak lotuko dituen, deszentralizatua izango den eta pertsonen eguneroko bizitza erdigunean jarriko duen gizarte-berrikuntzako Europako sare bat eraikitzeko borondatearekin ere«, azaldu du Nerea Melgosa sailburuak.

Gaurko ekitaldian, aipatutako lau eskualdeetako hirugarren sektore sozialeko erakundeetako, unibertsitateetako eta administrazioetako dozenaka ordezkarik parte hartu dute. Jardunaldian zehar ebidentziak partekatu dira, mugaz gaindiko esperientziatik jasotako ikaskuntzak kontrastatu dira eta  bizitza-luzeran berrikuntza-politikak bultzatzeko akuilu berriak aktibatu dira.

Era berean, saioan NEXT-CARE proiektuaren ondorioak eta gomendioak laburbiltzen dituen liburua aurkeztu da, bizitzaren luzatzea populazioen zahartzeari buruzko ikuspegi berri bat eskatzen duen dimentsio anitzeko eta belaunaldi arteko fenomeno gisa ulertzeko gako baliotsuekin. «Multidimentsionala, osasuna, zaintza, etxebizitza, lurraldea, ekonomia, teknologia, gizarte-harremanak eta kultura uztartzen dituelako. Belaunaldien artekoa, bizitza-luzerari ematen dizkiogun erantzunek eragina dutelako belaunaldien arteko oreketan, elkartasun-itunetan eta gure lurraldeen gizarte-kohesioan. Ziur nago liburu hau erreferentzia baliagarria izango dela politikak diseinatu, zerbitzuak kudeatu, ikertu edo arlo horretako proiektuak bultzatzen dituzuenontzat. Baina nahi dugun bizitza-luzeraren eredu berri hori praktikan eraikitzen jarraitzeko gonbidapena ere izan behar du» ziurtatu du Nerea Melgosa sailburuak.