- Lehendakariordeak eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak nabarmendu du enpresek “zeregin garrantzitsua” dutela genero indarkeriari aurre egiteko eta lan eremuan emakumeen eskubideak babesteko
- Lehendakariordeak dei egin die herritar guztiei eta enpresa sareari emakumeen aurkako indarkeria mota guztiei aurre egiteko: “Beharrezkoa da gizarte osoaren inplikazioa. Eusko Jaurlaritzarentzat onartezina da errealitate hori, eta ez gara geldituko desagerraraztea lortu arte”
A25 Indarkeria Matxistaren aurkako Nazioarteko Eguna ospatzeko bezperan, “emakumeen aurkako edozein indarkeria mota” desagerrarazteko konpromisoa berretsi du Mikel Torres Lehendakariordeak eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak, baita lantokietan ere, eta eskatu du lanean jarraitzeko “gaitz horrekin amaitu ahal izateko”.
Torresek gaur, ostirala, Eusko Legebiltzarrean egindako hitzaldian gogorarazi duenez, “indarkeria mota hori giza eskubideen urraketa bat da, eta batez ere emakumeei eragiten dieten genero desberdintasunen adierazpenik larriena da”, eta azpimarratu du “enpresek ere zeregin garrantzitsua” izan behar dutela “indarkeria matxistaren aurkako konpromisoak hartzeko, genero indarkeriaren biktima diren emakumeen eskubideak bermatuz eta babestuz”.
2024an, laneko indarkeria matxistarekin lotutako 582 jarduera egin zituen Lan Ikuskaritzak, eta, horien ondorioz, hemeretzi arau hauste eta 153 errekerimendu egin dira. “Ziurrenik, zoritxarrez, icebergaren punta izango da, laneko indarkeria matxistaren zati handi bat ikusezin bihurtu delako”, ohartarazi du Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak.
Arrisku psikosozialen artean, “batek arreta berezia eskatzen du”, Mikel Torresek adierazi duenez: sexu jazarpenak eta sexuagatiko jazarpenak lan ingurunean. “Ez gara ari soilik jokabide onartezin bati buruz, baizik eta aitortutako lanbide arrisku bati buruz, zeinak oinarrizko eskubideak urratzen dituen eta emakumeen aurkako indarkeria mota bat den. Indarkeria hori ez da beti erradikatzen erraza, eta giza eskubideen urraketa eta emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunaren muturreko adierazpena da eremu guztietan, lan arloan barne”, ziurtatu du.
Hamarkada bat baino gehiago
Torres Lehendakariordeak balioan jarri du Osalan – Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundea orain hamarkada bat baino gehiagoan egiten ari den lana, lan eremuan indarkeria matxista prebenitzeko eta kudeatzeko neurriak bultzatuz; hala nola, gidak, materialak eta prestakuntza programak egitea, eta lan arriskuen prebentzioan inplikatutako langile guztien prestakuntza. “Sistema osoak lagundu behar du indarkeria matxista desagerrarazten”, baieztatu du.
Ildo horretan, Torresek dei egin die herritar guztiei eta enpresa sareari emakumeen aurkako indarkeria mota guztiei aurre egiteko: “Beharrezkoa da gizarte osoaren inplikazioa. Eusko Jaurlaritzarentzat errealitate hori onartezina da, eta ez gara geldituko desagerraraztea lortu arte”.






