
- Osasun Saileko Osasun Ikerketako Institutuaren ekimen berritzaile honek, Fundación Vital Fundazioaren laguntzarekin, AUO Txagorritxun ospitaleratutako haurren esperientzia hobetzen du teknologiaren eta enpatiaren bidez
- 130 zentimetroko altuerarekin eta 35 kiloko pisuarekin, robotak 9 eta 11 urte bitarteko haur baten antzeko proportzioak ditu, elkarreragin hurbila erraztuz eta ospitaleko egonaldiek lagundu ohi duten antsietatea arinduz
- Pazientearen esperientzia hobetzeko teknologia berriak erabiltzea Euskadiko Osasun Itunaren ekintzetako bat da, Osasun Sailak modernizazioarekin, eraginkortasunarekin eta berrikuntzarekin duen konpromisoa sendotuz
Bioarabak, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren Osasun Ikerketarako Institutuak (OII), Osakidetzako Arabako ESIarekin lankidetzan eta Vital Fundazioaren laguntzarekin, SAAKI proiektua aurkeztu du gaur. Ekimen berritzaile horrek humanizazioan entrenatutako teknologia duen Unitree Robotics G1 EDU robota barneratzen du ospitaleko pediatria-ingurunean, AUO Txagorritxuko Pediatrian ospitaleratutako haurren esperientzia hobetzeko, teknologiaren eta enpatiaren bidez.
Alberto Martínez, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak, Lore Bilbao, Osakidetzako zuzendari nagusiak eta Arantxa Ibáñez de Opacua, Fundación Vital Fundazioko zuzendariak, eman dute proiektuaren berri, Arabako Unibertsitate Ospitaleko areto nagusian egindako ekitaldian. Proiektuaren aurkezpena eta erakustaldia Juan Fernández, Bioarabako Berrikuntza koordinatzaileak, Sandra Maeso, pediatrak eta Demelza Pérez, gainbegiraleak egin dute, azken biak Arabako ESIko Pediatria Zerbitzukoak. Era berean, Gontzal Tamayo, Eusko Jaurlaritzako Osasun eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordea, Enrique Bárez, Arabako ESIko zuzendari kudeatzailea, eta Ignacio Garitano, Bioaraba OIIko Zuzendaritza Zientifikoaren albokoa, bertan izan dira.
Pazienteekin elkarreragiteko adimen artifiziala
SAAKI proiektua Bioaraba OIIak pertsonen zerbitzurako berrikuntzarekin duen konpromisotik sortu da. Unitree G1 EDU robota sartzeak, Vital Fundazioaren laguntzarekin, Pediatriako pazienteei laguntza emozionala, hezkuntza-laguntza eta entretenimendua emateko modu berriak garatzea ahalbidetuko du, ospitaleko egonaldiek maiz izaten duten antsietatea arinduz.
130 zentimetroko altuerarekin eta 35 kiloko pisuarekin, Unitree G1 EDUk 9 eta 11 urte bitarteko haur baten antzeko proportzioak ditu, eta elkarreraegin hurbila eta ez beldurgarria errazten du. Adimen artifizialarekin, 3D sentsoreekin eta komunikazio aurreratuko gaitasunekin hornituta, robot horrek modu naturalean elkarreragin dezake pazienteekin, lagundu ditzake, prozedura medikoak erraz azal diezazkieke edo talde- eta hezkuntza-jardueratan parte har dezake.
Teknologiaren eta gizatasunaren arteko zubia
SAAKI proiektua Bioarabaren berrikuntza-estrategiaren barruan dago. Estrategia horren helburua teknologia berriak osasun-arreta humanizatzeko tresna gisa aplikatzea da. Lehenengo fasean, Unitree G1 EDU robota Arabako ESIko Pediatria eremuan sartuko da. Bertan, haren inpaktu emozionala eta osasun-langileen lana osatzeko potentziala baloratuko dira.
Alberto Martínezek adierazi duenez, «Osasun Sailak berrikuntza teknologikoa bultzatzen du, herritarrentzako benetako aurrerapenak ekarriko dituena. SAAKI proiektua aurrerapen nabarmena da pediatriako arreta gizatiarrago eta emozionalki sentikorrago baterantz, eta agerian uzten du teknologia, irizpidez aplikatuta, funtsezko laguntza bihur daitekeela ospitaleratutako haurren ongizaterako«.
«Gaur beste urrats bat eman dugu Osakidetzaren humanizazioan. SAAKI bezalako proiektuekin erakusten dugu teknologia, zaintzara bideratzen denean, ospitalean dauden gure haurren esperientzia emozionala lagundu, lasaitu eta hobetzen duen tresna bihur daitekeela«, nabarmendu du sailburuak.
Bestalde, Arantxa Ibáñez de Opakua, Fundación Vital Fundazioko zuzendariak azaldu duenez, «Vital Fundazioan etengabe ari gara mugitzen, gure gizarteak aurrera egin dezan eta gure lurraldea berritzaileagoa, inklusiboagoa, modernoagoa eta iraunkorragoa izan dadin lortzeko. Aliatu hurbila, bizkorra, berritzailea eta funtsezkoa izan nahi dugu gizartea eraldatzeko edozein prozesutan. Zentzu horretan, Bioarabak eta sektore publikoko Arabako profesional askok gaur aurkeztu dugun bezalako proiektu aitzindariak aurrera ateratzeko egiten duten lana aitortu nahi dugu, giza dimentsioa duen teknologia aplikatuak haurren bizitza hobetzen lagun dezakeela erakusten duen adibide bat«.
Ikerketa-ildo berriak
Unitree G1 EDU robota ezartzeak ikerketa-ildo berriei ateak irekitzen dizkie hainbat arlotan, hala nola, errehabilitazio pediatrikoan, osasun-hezkuntzan, terapia motorrean edo laguntza emozionalean, baita ospitaleko beste zerbitzu batzuetan etorkizunean izango diren aplikazioei ere.
«Osasun-berrikuntzak, teknologia berriak garatzeaz gain, ingurune kliniko errealetan modu esanguratsuan integratzea eskatzen du. SAAKIrekin, aurrerapauso bat ematen dugu ikerketa aplikatuan, eta aztertzen dugu nola hobetu dezakeen robotika sozialak paziente pediatrikoen ospitaleko esperientzia. Proiektu honek ezagutza sortzea, inpaktu emozionala ebaluatzea eta ikuspegi zientifiko eta multidiziplinarretik laguntza humanizatzeko lan-ildo berriak irekitzea ahalbidetzen digu «, ziurtatu du Juan Fernández, Bioarabako Berrikuntzako koordinatzaileak.
Proiektu honek Bioarabaren eta Osakidetzaren posizioa indartzen du, osasun-arreta hobetzeko teknologiaren aplikazioan erreferente gisa, euskal osasun-sistema Estatuko berritzaileenen artean kokatuz.





