100 ekitalditik gora antolatu dira 14 auzotan Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko

0

Akelarre: marearen kontra dokumentala eskainiko da abenduaren 3an, 19:00etan, Antzoki Zaharrean

2025eko Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko egitarauak antolatu dituzte hiriko hamalau auzotan:

  • Aieten
  • Altzan
  • Amaran
  • Amara Berrin
  • Antiguan
  • Añorgan
  • Egian
  • Grosen
  • Ibaetan
  • Intxaurrondon
  • Loiolan
  • Martutenen
  • Txomiñenean
  • Parte Zaharrean

Horietan, 100 ekitaldi baino gehiago izango dira azaroaren 26tik abenduaren 6ra. Horren harira, Kerman Orbegozo Pertsonak, Ekonomia eta Aurrekontu Kudeaketa eta Euskarako zinegotziak adierazi duenez “auzoetako batzordeek egin duten lana goraipatu beharra dago. Guztira, 50 eragile aritu dira lanean auzoetako egitarauak antolatzen eta hori nabarmentzekoa da. Elkarlanaren eta boluntario askoren konpromisoaren emaitza izan da”.

Jarduera horiek guztiak ezagutzera emateko, auzo bakoitzeko egitarauarekin eskuorriak eta kartelak argitaratu ditu Udaleko Euskara Zerbitzuak eta auzoetan banatzen hasi da jada, besteak beste:

  • kultur etxeetan
  • kiroldegietan
  • gaztelekuetan
  • haurtxokoetan
  • jubilatu elkarteetan
  • ikastetxeetan
  • euskaltegietan
  • auzo elkarteetan

Leku horietan ez ezik, donostiaeuskaraz.eus webean ere izango da eskuragarri auzoetan izango diren ekintzen gaineko informazioa auzoka zein egunez egun antolatuta.

Era guztietako ekintzak hiriko auzoetan

Ekintza sorta zabala eta anitza prestatu dute auzoek datozen egunetarako:

  • kultur ekintzak (antzezlanak, film-proiekzioak, liburu-irakurketak, kantu-jirak, bertso-saioak, musika emanaldiak, eta abar)
  • helduen artean euskara sustatzeko egitasmoak (mintzodromoak, elkarretaratzeak, hitzaldiak eta abar)
  • haurrentzako eta gazteentzako jarduerak edota familian egitekoak (ipuin-kontalariak, lehiaketak, pailazoak, eta abar)

Ekintza horietatik guztietatik, Kerman Orbegozok gutxi batzuk nabarmendu nahi izan ditu: “Intxaurrondon Porrotx, Marimotots, Pupu eta Lore pailazoak izango dira; eta Lurdes Iriondo, ez gara alferrik pasako dokumentala ; Parte Zaharrean Kantu jira, Elektrotxaranga eta erromeria; Ztandap binakako bakarrizketa Añorgan, mintzodromoak Altzan, Amara Berrin eta San Telmon; Odei Barroso raperoa Grosen; film laburren emanaldia Antiguan; eta Aieteko Izarrak talentu lehiaketa Aieten».

‘Akelarre marearen kontra’ dokumentala

Akelarre musika taldeari buruzko dokumentala eskainiko da Donostian, abenduaren 3a, 19:00etan, Antzoki Zaharrean.

Dantzaldi banda honek Euskal Herri osoko herri eta hirietako plazak euskaraz abesten eta dantzan jarri zituen. Taldea 1972an sortu zen eta 2005era arte ibili zen plazaz plaza. Denbora tarte horretan 16 disko kaleratu zituen. Euskal musikaren alorrean funtsezko papera betetzeaz gain, euskararen sutapenean ere garrantzi ikaragarria izan zuen. Hori dela eta, Udaleko Euskara Zerbitzuak Euskararen Nazioarteko Egunean eskainiko du Akelarre marearen kontra dokumentala.

Filmaren ostean, mahai ingurua ere izango da Xabier Sukia kazetariaren gidaritzapean. Bertan Jexux Mai Lopetegi, Aitor Amezaga eta Iñigo Cruz Akelarre taldeko kideek eta Xabier Zabala eta Carlos Iglesias dokumentalaren zuzendariek parte hartuko dute.

Sarrera doan izango da eta online eskura daiteke Donostia Kulturaren webaren bitartez edota Antzoki Zaharreko leihatilara joanda.