Gobernu Kontseiluak argi berdea eman dio espetxeko langileen lan-baldintzei buruzko akordioari

0

Gobernu Kontseiluak gaur onartu du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren Mahai Sektorialaren akordioa, EAEko Espetxe Administrazioan zerbitzuak ematen dituzten langileen ordutegi eta lan-baldintza espezifikoei buruzkoa. Akordioak 2.745.900 euroko aurrekontua du, eta 800 langile baino gehiago kudeatzea eta hiru espetxeetan 1.700 espetxeratu inguru artatzea dakar.

Akordio honek bost urteko indarraldia izango du, eta «Euskal Espetxe Eredua sendotzeko aurrerapausoa izango da, langileen lan-baldintzak hobetzen dituelako, zerbitzua behar bezala ematea bermatzen duelako eta giza eskubideetan, duintasunean eta gizarteratzean oinarritutako espetxe-sistema indartzen duelako» azaldu du María Jesús San José Justizia eta Giza Eskubideen sailburuak.

Ertzaintzaren 2024-2028rako Enplegu Plana

Gobernu Kontseiluak argi berdea eman dio 2024-2028 urteetarako Ertzaintzaren Enplegu Planari. Plana aurtengo uztailean onartu zen Ertzaintzaren Negoziazio Mahaian (125. mahaia), ERNE, ESAN eta SIPE sindikatuen babesarekin. Gobernu Kontseilutik igaro ondoren, plana Eusko Legebiltzarrean aurkeztuko da.

Bingen Zupiria Segurtasuneko sailburuak azaldu duenez, “Ertzaintzaren Enplegu Planaren helburu nagusia da Ertzaintzan 8.000 lanpostu betetzea langile gaituekin, bai eta okupazio hori denboran eustea ere, zerbitzu publikoa etengabe hobetzeko. Plana tresna estrategikoa izango da autogobernuaren funtsezko zutabea eta herritarren ongizaterako giltzarria den segurtasuna mantentzeko lan egiten dutenen eraginkortasuna, profesionaltasuna eta erantzuteko gaitasuna bermatzeko”.

Era berean, Zupiria sailburuak Gobernu Kontseiluan onartutako beste bi punturen berri eman du. Alde batetik, EHUrekin sinatutako hitzarmenaren luzapena onartzea, erabiltzaileei segurtasun-maila optimoa bermatzeko eta EHUren eraikin eta instalazioak hobeto babesteko, bizikidetza baketsua eta jardueren garapen normala bermatuz. Eta, bestetik, lankidetza-hitzarmen berri bat sinatzea Euskal Autonomia Erkidegoko Gurutze Gorriaren Batzorde Autonomikoarekin, segurtasunaren ikuspegitik bereziki kalteberak diren gizarte-kolektiboei arreta emateko, besteak beste adinekoei, migratzaileei edo errefuxiatuei eta gazteei, beren segurtasunaren aurkako mehatxu posibleak prebenitzeko.

5,5 milioi euro atzerriko ikasleei hizkuntza indartzeko

Eusko Jaurlaritzak hizkuntza indartzeko programak garatzeko dirulaguntzen deialdia arautzen duen agindua onartu du gaur Gobernu Kontseiluan.

5.508.931 euroko partida erabiliko da euskara edo gaztelania ez jakiteagatik komunikatzeko zailtasunak dituzten itunpeko ikastetxeetara sartu berri diren ikasleek ikaskuntzan aurrera egin dezaten. Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Maria Ubarretxenak azpimarratu duenez, “hizkuntza indartzeko inbertsioa % 55 igo da aurreko ekitaldiarekin alderatuta”.

1M euro eskualdeetako komunikazio-proiektu lehiakorretarako

Gobernu Kontseiluak 1.000.000 euroko dirulaguntza zuzena onartu Tokikom SL enpresari bideratzea onartu du, 2025. urtean eskualdeetan komunikazio-proiektu lehiakorrak garatzeko. Zehazki, proiektu honen helburua da “eskualdeko komunikabideen baterako lana bultzatzea, komunikabide horien artean sare bat sortzea eta ingurune digital berrietara egokitzeko gaitasuna indartzea, herritar gehiagorengana iristeko” azaldu du Ubarretxenak.

Era berean, Gobernu Kontseiluak 34.110 euroko laguntza onartu du HIZKIRIA UTEri, AZOKA.EUS ekimena garatzeko. Azoka.eus ekimenaren helburua euskarazko irakurleen komunitate bat garatzeko eta hazteko eredu bat definitzea eta baliozkotzea da. Proiektu honek euskarazko edizioaren ikusgarritasuna areagotu nahi du, sektorea indartu eta tokiko eragileak bultzatu.

400.000 € baino gehiago adikzioak eta droga-mendekotasunak dituzten pertsonei arreta emateko erakundeei

Gaur onartu da, halaber, 2026an 412.000 euro bideratzea Gizakia Fundaziora, Bilboko Elizbarrutiko Caritasera eta Bizkaiko Hiesaren Aurkako Herritar Batzordera, adikzioak eta droga-mendekotasunak dituzten pertsonen arretaren arloan lan egiten duten erakundeetara.

Ubarretxenak azaldu duenez, “helburua da adikzioak dituzten eta gizarte-bazterketa larrian dauden pertsonei jarduera, programa eta zerbitzu espezifikoak bermatzea, harrera, osasunerako hezkuntza, bizi-baldintza osasungarrien sustapena, prebentzioa edo errehabilitazioa, integrazioa eta gaitasun pertsonalen hobekuntza eta arriskuen eta kalteen murrizketa emateko”.

Adikzioen prebentzioa eta ohitura osasungarrien sustapena Osasun Sailaren lehentasunetako bat da, 2026rako aurrekontuetan 11,2 milioi euro bideratzen baititu sare profesional egituratu baten barruan.

Euskadiko Mugikortasun Jasangarriaren Plana

Era berean, Gobernu Kontseiluak dekretu bidez onartu du behin betiko Euskadiko Mugikortasun Jasangarriaren Plana. Plan hori da Euskadiko Mugikortasun Jasangarriaren Legea garatzeko eta haren helburuak betetzeko tresna nagusia. Helburu horien artean dago garraiobideen integrazioan aurrera egitea, haien efizientzia hobetzeko jasangarritasun-irizpideekin eta irisgarritasun unibertsala bermatuz.

Besteak beste, trafikoa baretzeko neurriak tamaina ertaineko udalerrietara (25.000 biztanletik gorakoak) hedatzea planteatzen du, hiriburuetako emisio txikiko eremuekin batera. 15.000 biztanletik gorako udalerrietan superetxadiak eta trafikoa baretzeko eremuak sortzea.

 

Euskadiko Kooperatiben Legearen Erregelamendua onartzea

Gobernu Kontseiluak onartu duen beste gai bat Euskadiko Kooperatiben Legearen erregelamendu berria izan da, gizarte-ekonomia bultzatzeko. Ubarretxenak azpimarratu duenez, «euskal kooperatibismoak tresna juridiko berritu bat du orain, kooperatiba-sozietateen egungo beharrei erantzuten diena».

Erregelamendu honen berrikuntza nagusien artean, sozietate- eta ekonomia-araubidearen funtsezko alderdiak arautzea dago, hala nola jarduera kooperatibizatuan parte hartzea, sozietate-baja, ekarpenak itzultzea, galerak egoztea eta administratzaileen ordainsaria.

190.000 euro autokontsumo partekatuko proiektuaren fase berrirako

Gobernu Kontseiluak onartutako beste puntu bat Bilboko Udal Etxebizitzak tokiko erakunde autonomoari 190.000 euroko dirulaguntza ematea izan da, Bilboko Otxarkoaga auzoan eguzki-panelak ezartzeko eta autokontsumo partekatuko komunitateak sortzeko proiektu esperimentalean aurrera egiteko.

Laguntza honek aukera ematen du energia-eredu garbiagoa, parte-hartzaileagoa eta herritarrentzat eskuragarriagoa sustatzen duen proiektu aitzindari baten bigarren fasea abian jartzeko. Lehen fasean, instalazio fotovoltaikoak egin ziren Txotena 18-24 eta Otxar Opengela eraikinetan (Pau Casals 16). Esku-hartze berri horrek eguzki-instalazio fotovoltaiko bat jartzea aurreikusten du Zizeruena kaleko 12. zenbakian dagoen «El Chino» merkataritza-gunean, auzoko merkataritza-ekipamenduetako batean.

Nazio Batuen 2023ko Tokiko Koalizioaren Idazkaritzak Bilbon munduko egoitzarekin jarraitzeko hitzarmena luzatzea

Azkenik, Gobernu Kontseiluak oniritzia eman dio Nazio Batuen 2030erako Toki Idazkaritzak 2028ra arte Bilbon jarraituko duela bermatzen duen eranskinari.

Luzapen honek indartu egiten du Euskadik 2030 Agendan duen zeregina, eta Bilbon mantentzen du nazioarteko azpiegitura hori. Erabaki horrekin, Bilbok sendotu egin du NBEren 2030erako Toki Idazkaritzaren nazioarteko egoitza gisa duen posizioa. Idazkaritzak mundu osoko hiri eta eskualdeekiko harremanak indartu ditu, 2030 Agendaren inguruko berrikuntza-espazioak bultzatu ditu eta Euskadi jasangarritasunarekin eta lankidetza globalarekin konprometitutako lurralde gisa proiektatzen lagundu du.

Prentsa-txostena

Gai-zerrenda