ARDOKA Sarien lehen edizioak Euskadiko ardo-karta onenak aitortu ditu

0
  • Síkera, Biazteri 1974, Mano Lenta, Alameda, Arzak eta Karmiñe izan dira sarituak
  • Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza sailburua den Amaia Barredok ARDOKAren garrantzia azpimarratu du sektorea aitortzeko eta bultzatzeko tresna gisa

ARDOKA Sarien banaketa ekitaldia Gasteizko Uren Biltegi zaharrean ospatu da gaur arratsaldean; eta bertan,  Euskadiko ardo-karta onenak eta jatetxeen konpromisoa aitortu dira, bai enogastronomian, bai tokiko produktuen aldeko apustuan.

Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza Sailak bultzatuta eta HAZI Fundazioak kudeatuta, lehiaketak bi kategoriatan bereizi ditu parte hartu duten establezimenduak, pertsonako batez besteko tiketa kontuan hartuta (55 euroraino eta 55 eurotik gora, edaria barne hartu gabe). Horrez gain, bi aipamen berezi eta omenaldi bat egin dira.

Euskadiko ardo-karta onenentzako sariak 55 euroraino batez besteko tiketa duten jatetxeen kategorian, sarituak honako hauek izan dira:

  • Euskadiko ardo-karta onena (irabazlea): Síkera jatetxea
  • Bigarren sailkatua: Biazteri 1974 jatetxea
  • Hirugarren sailkatua: Mano Lenta jatetxea

55 eurotik gorako batez besteko tiketa duten jatetxeen kategorian, honako hauek izan dira sarituak:

  • Euskadiko ardo-karta onena (irabazlea): Alameda jatetxea
  • Bigarren sailkatua: Arzak jatetxea
  • Hirugarren sailkatua: Karmiñe jatetxea

Saridunek ARDOKA zigilu bereizia jaso dute, euren jatetxeetan helburu komertzialetarako erabili ahal izango dutena, eta Euskadiko Jatorri Deituretako produktuen sariak jaso dituzte:

  • Kategoria bakoitzeko irabazleek: 3.000 euro Euskadiko edozein JDko produktuetan.
  • Bigarren sailkatuek: 2.000 euro. Euskadiko edozein JDko produktuetan.
  • Hirugarren sailkatuek: 1.000 euro Euskadiko edozein JDko produktuetan.

Aipamen bereziak eta Txomin Rekondori omenaldia

Epaimahaiak bi aipamen berezi eman ditu:

  • Remenetxe jatetxea, Euskadiko Txakolinaren presentzia zabal eta zainduagatik, hiru Jatorri Deituretako erreferentzia anitzekin.
  • Ubide Taberna, tokiko produktuaren aldeko apustu irmoagatik, eta bere ardo-kartaren mailagatik, formatu xumeko establezimendua izanda ere.

Era berean, ekitaldian Rekondo jatetxea eta Txomin Rekondo omendu dira, egin duten ibilbideagatik eta Euskadiko ardo-kulturari eta ostalaritzari egindako ekarpenagatik, nazioarteko erreferente bilakatu den etxe baten lana balioan jarrita.

Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak, sariak banatu ondoren, ARDOKAren papera azpimarratu du, sektorea aitortzeko eta bultzatzeko tresna gisa: “ARDOKA ardoa maitasunez eta zehaztasunez zaintzen, eta esperientzia gastronomikoaren parte gisa txertatzen dutenak aitortzeko jaio da; izan ere, gure kulturaren funtsezko osagaia da ardoa. Gaur, jatetxeen eta euren taldeen lana balioan jarri dugu; euren ardo kartak nortasunaren seinale bihurtu dituzte”. Barredok, halaber, lehiaketaren ekarpena nabarmendu du ardoaren eta tokiko edarien balio-katean: “Sari hauek ez dira erakusleiho hutsa. ARDOKA ekimen sendo bilakatu da, upeltegiak, ostalaritzako profesionalak eta herritarrak konektatzen dituena, eta horrela, Euskadin egindako ardoaren eta edarien kultura sendotzen du, sektoreari, landa inguruneari eta herrialdearen garapen ekonomiko eta sozialari lagunduz”.

Ardo-kulturaren eta tokiko produktuaren aldeko proiektua

ARDOKAren lehen edizioa azken hilabeteetan garatu da: parte-hartzaileen izen-ematea, lehen deliberazioa eta finalisten aukeraketa, eta, ondoren, jatetxe finalistei bisita, euren proposamenen kalitatea bertatik bertara ebaluatzeko.

Parte hartu ahal izateko, establezimenduek gutxienez hauek izan behar zituzten euren ardo-kartan: Arabar Errioxako ardoak; Arabako, Bizkaiko edo Getariako Jatorri Deituretako txakolinak; eta Euskal Sagardoa JDko sagardoa. Horrela,
Euskadin egindako edarien ikusgarritasuna eta ostalaritzarekin duten lotura sendotu dira.

Lehiaketaren helburuak hurrengoak dira: ardoaren eta tokiko edarien kultura sustatzea, bereziki Jatorri Deiturei arreta berezia eskainiz; ardo proposamen zainduak dituzten jatetxeen lana balioan jartzea; bikaintasuna aitortzea, beste establezimenduei inspirazio gisa; eta upeltegiak eta ostalaritza konektatzea, sektorearen balio-katea ikuspegi profesionaletik, gertutik eta euskal nortasunarekin sendotuz.

Ospe handiko epaimahaia

ARDOKAren epaimahaia ardoaren, ostalaritzaren eta komunikazioaren arloetan prestigio handia duten profesionalek osatu dute:

  • Almudena Alberca MW, epaimahaiburu, Master of Wine, eta 20 urte baino gehiagoko esperientzia duen aholkulari eta komunikatzailea.
  • Teresa Guilarte, sommelierra, WSET diploma, eta ARTEAN DRINKS eskolako eta aholkularitzako bazkide-zuzendaria.
  • Yolanda Ortiz de Arri, ardoan aditua den kazetaria, Spanish Wine Lover atariko ingelesezko edizioko arduraduna, itzultzaile espezializatua eta irakaslea.
  • Ainhoa Gorostidi, Basque Wine Office-ko koordinatzailea; erakundeak Euskadiko edarien sektoreari laguntza integrala ematen dio.
  • Patxi Fernández de Retana, Wine and Spirit Education Trust (WSET) tituluduna eta La Kave Ardowines ardotegiaren jabea.