Osakidetzak egiturazko plantilla handitu du 2.160 lanpostu berri sortuz, kalitatezko enpleguaren aldeko apustuaren ildoan

0
  • Horrela, 34.602 profesional izango ditu plantillak, eta aregotze honek erantzuna emango dio zerbitzu berrien sorkuntzari, proiektu estrategikoen hedapenari eta Onkologikoaren integrazioari Osasun Zerbitzu Publikoan
  • Erabakia gaur jakinarazi zaio Mahai Sektorialari; abenduaren 2an onartuko da Osakidetzako Administrazio Kontseiluan, eta abenduaren 16an Gobernu Kontseiluan

Osakidetzak gaur aurkeztu du Mahai Sektorialean plantilla handitzeko espedientea, zeinean 2.160 lanpostu berri sortzea aurreikusten baita.  Neurria abenduaren 2an onartuko da Osakidetzako Administrazio Kontseiluan eta abenduaren 16an Gobernu Kontseiluan. Horri esker, egiturazko plantilla 32.442 profesional izatetik, 34.602 profesional izatera pasatuko da, eta Osakidetza Euskadiko enpresa publikorik handiena dela bermatuko da horrela, baita emakume gehien kontratatzen duen enplegatzailea dela ere.

Plantilla-handitze hau Osasun Sailak eta Osakidetzak enplegu egonkor eta kalitatezkoaren alde eta Euskadiko osasun-sistema publikoari laguntzearen alde egindako apustuaren beste adibide bat da. Hala, zegokion plantillaren analisi kuantitatibo eta kualitatiboa egin ondoren, Osakidetzak lehen urratsa egin du bere zerbitzu-erakundeetan eta Zuzendaritza Nagusian hautemandako premia berriei erantzuna emateko.

Aipatutako analisi horretan, honako hauek hartu dira kontuan: finkatu beharreko lanpostuen beharrak, arlo edo zerbitzu berrien abiatzea, denboran irauteko bokazioa duten programa edo proiektu estrategikoen zabalkuntza, baita Onkologikoa osasun-zentroaren integrazioa ere, Osakidetzan titulartasun publikoko baliabide gisa integratu baita.

Sortutako lanpostu berriak honela banatuko lirateke:

LANBIDE-TALDEA UNE HONETAN LANGILEAK  LANGILEAK GUZTIRA
A1. Fakultatibo Mediko eta Teknikoak 8.098 8.531
A2.   Administrazio eta Kudeaketako Goi-mailako Teknikariak 652 721
B1. Diplomadun Sanitarioak 10.163 10.950
B2. Erdi-mailako Teknikariak 223 235
C1. Teknikari Espezialista Sanitarioak 1.413 1.532
C2. Administrazioko Teknikari Espezialistak 608 653
C3. Teknikari Espezialista Profesionalak 281 298
D1. Teknikari Laguntzaile Sanitarioak 4.664 5.036
D2.   Administrazioko Teknikari Laguntzaileak 3.029 3.154
D3.   Teknikari Laguntzaile Profesionalak 484 511
E1. Langileak – Zeladoreak 2.827 2.981
GUZTIRA 32.442 34.602