Osasun Sailak Durangoko etorkizuneko Bereizmen Handiko Zentroa aurkeztu du, eta Galdakaoko Ospitaleko aparkalekuaren zabalkuntza iragarri du

0
  • Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburu Alberto Martínez azaldu duenez, Durangoko etorkizuneko Bereizmen Handiko Zentroak eraikin zabalago eta modernoago bakar batean bateratuko ditu gaur egun sakabanatuta dauden zerbitzuak, eta diagnostikorako baliabide berriak eta esku-hartze azkarreko ibilgailu bat (medikuarekin) izango ditu
  • Gainera, Galdakaoko Ospitaleko aparkalekua handitzeko inbertsio espezifiko bat iragarri du, 2026tik aurrera lan teknikoak eginez eta 2028an plaza gehiago izateko helburuarekin, kanpo-kontsulten eraikin berriaren etorkizuneko obren aldian pazienteen eta senideen irisgarritasuna bermatuz
  • Barrualde-Galdakao ESIan aurreikusitako jarduketek 170 milioi eurotik gorako inbertsioa izango dute, eta Eusko Jaurlaritzak eskualdeko osasun-arretaren kalitatea, segurtasuna eta erosotasuna hobetzeko konpromisoa hartu du

Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburu Alberto Martínezek, Gontzal Tamayo eta Aritz Uriarte sailburuordeek eta Osakidetzako zuzendari nagusi Lore Bilbaok lan-jardunaldi bat egin dute gaur, ESIetan egiten ari diren entzute-prozesuaren esparruan, lehenik Barrualde-Galdakaoko osasun-arloko profesionalekin eta, ondoren, Durangaldeko eta Lea Artibaiko alkateekin. Oraingo honetan, topaketa baliagarria izan da Durangoko Bereizmen Handiko Zentroaren (BHZ) inguruko proposamenaren berri emateko. Ekimen hori Barrualde-Galdakao ESIaren osasun-laguntza hobetzeko prozesuaren barruan kokatzen da.

«Durangon zein Galdakaon gure zerbitzuen kalitatea, irisgarritasuna eta erosotasuna hobetzeko konpromisoari erantzuten dion jarduketa estrategikoa da», nabarmendu du sailburuak.

Galdakaoko Ospitaleko aparkalekua handitzea

BHZren proiektuari ekin aurretik, Osasuneko sailburuak iragarri du aurreikusitakoaren arabera 2026an Galdakaoko Ospitaleko aparkalekua handitzeko beharrezkoak diren lanak hasiko direla. Zabalkuntza hori pazienteek eta profesionalek helarazitako eskari nagusietako bat da.

Osasun Sailak 1,6 milioi euro bideratuko ditu jarduketa horretara. Jarduketa azterketa teknikoekin eta obra-azterketekin hasiko da, 2028an plaza berriak izateko helburuarekin. «Osasunaz ari garen arren, aparkalekua da herritarrek gehien aipatu duten arazoa, eta erantzuna eman nahi diogu», azpimarratu du.

Zabalkuntza ospitalearen inguruko titulartasun publikoko partzeletan egingo da (partzela horietako bat Osakidetzaren jabetzakoa da), bigarren eremu batean esku hartzeko aukera baztertu gabe. Azaldu duenez, «ospitaleetako beste obra handi batzuetan jasotako esperientziak erakutsi digu oso garrantzitsua dela zuhurtasunez planifikatzea, prozesu osoan irisgarritasuna bermatzeko».

Ospitaleko aparkalekua handitu ondoren, Galdakaoko Ospitaleko Kanpo Kontsulten eraikin berriaren eraikuntza hasiko da, 136 milioi euroko inbertsioarekin.

Bereizmen Handiko Zentro berria Durangalderako eta Lea-Artibairako

Durangoko BHZ berriak, sestra gaineko 10.500 metro koadroko (beheko solairua + 2, instalazioez gain) eta aparkalekurako sestra azpiko 3.000 metro koadroko eraikin bakar batean, gaur egun hiru lekutan (Landakoko osasun-zentroan, espezialitateen anbulatorioan eta osasun mentaleko eguneko ospitalean) ematen diren zerbitzuak bilduko ditu. Horren bidez, laguntza-espazioa bikoiztuko da, eta erosotasun eta efizientzia handiagoa lortuko da, bai profesionalentzat, bai pazienteentzat.

Zentroak Durangoko, Abadiñoko, Berrizko, Elorrioko, Zornotzako, Markinako eta Ondarroako ia 95.000 pertsonari emango die zerbitzua, eta hiru zerbitzu berri gaineratuko ditu: erradiodiagnostikoa (mamografiarekin, kontrastedun OTArekin eta erresonantzia magnetikoarekin), erretinografia eta esku-hartze azkarreko ibilgailu bat (medikuarekin) inguruko udalerrietarako.

«Durangoko BHZari esker, herritarrei zerbitzu espezializatu gehiago hurbildu ahal izango zaizkie, joan-etorriak saihestuz eta lurraldean arreta hobetuz», adierazi du Martinez sailburuak.

2026ko aurrekontuan, 500.000 euroko partida bat txertatu da eraikuntza-proiektua idazteko lizitazioa hasteko.

Osasun Saila eta Osakidetza 2026an hasiko gara kudeaketa horrekin, eraikuntza-obraren lizitazioa egiteko (obrak 30 hilabeteko iraupena izango du), Durangoko Udalak Trenbideko BEPBko partzelaren lagapena onartzen duenean.

Prestazio berriak, 14 espezialitate eta errehabilitazioko gimnasioa

Horrela, beraz, beren lana hainbat lekutan egiten duten Osakidetzako 300 profesional inguru azpiegitura berri horretara lekualdatuko dira. Azpiegitura hori handiagoa izango da, hobeto hornituta egongo da, lehen mailako arreta, ospitaleko arreta espezializatua eta arreta soziosanitarioa eskainiko ditu, eta, gainera, egungo zerbitzu-zorroa handituko du, honako hauek barnean hartuta: kontsultako eta etxeko lehen mailako arreta, prozedura diagnostikoak eta terapeutikoak, sustapen- eta prebentzio-jarduerak, haur eta nerabeentzako arreta, emakumeentzako arreta, heldu eta adinekoentzako arreta, kirurgia txikia, kudeaketa administratiboa, espezialitateen kanpo-kontsulten eremua, irakaskuntza, osasun mentala, erradiodiagnostikoa, etengabeko arretako gunea (EAG), larrialdietako langileentzako gunea eta esku-hartze azkarreko ibilgailua.

Hortaz, Durangoko BHZ berriak sestra gaineko 3 solairu izango ditu laguntza-erabilerarako eta zerbitzu orokorretarako, baita instalazioetarako solairu bat eta aparkalekurako sestra azpiko solairu bat ere.

Azpiegitura publiko berri hori osasun-erreferentzia bat izango da Durangalde osorako, eta Familiako Medikuntzara eta Pediatriara bideratutako 62 kontsulta egotea ahalbidetuko duen banaketa espazial bat aurreikusi da. Gainera, erradiodiagnostikoko, errehabilitazioko, osasun mentaleko eta kontsultetako eremuak izango ditu. Ospitaleko 14 espezialitatetarako kontsultak izango dira guztira: Traumatologia, Errehabilitazioa (gimnasioa barne), Pneumologia, Digestio Zerbitzua, Oftalmologia, Endokrinologia, Otorrinolaringologia, Urologia, Erreumatologia, Kardiologia, Dermatologia, Neurologia, Kirurgia Orokorra eta Ginekologia. Gainera, eskualdeko Etengabeko Arreta Gunearen (EAG) egoitza eta inguruko udalerrietarako esku-hartze azkarreko ibilgailu baten basea izango da.

Hori da, hain zuzen ere, BHZ berrirako aurreikusitako berrikuntzetako bat. Izan ere, Osakidetzako Larrialdi Zerbitzuko esku-hartze azkarreko ibilgailu horren operazio-basea izango da. Durangoko BHZ haren operazio-base bihurtuko da, eta gailu horretara bideratutako azpiegituren artean, ibilgailurako espazio fisiko bat eta esku hartzeko giza talderako eta ekipamendua biltegiratzeko espazioak daude.

Inbertsioa eta epeak

BHZ berriaren diseinuak, eraikuntzak eta ekipamenduak 35 milioi euroko inbertsioa izango dute. Osasun Sailaren 2026ko aurrekontuan, dagoeneko 500.000 euroko partida bat txertatu da eraikuntza-proiektuaren lizitazioa hasteko. Lizitazioa Durangoko Udalak trenbideko partzela lagatzen duenean egingo da. Zentro berria egungo anbulatoriotik oso hurbil dagoen partzela batean eraikiko da, eta tren-geltokiaren ondoan kokatuta egongo da. Horri esker, eskualdeko biztanle guztien eskuragarritasuna erraztuko da.

Asistentzia hobetzek konpromisoa

Jarduketa horien bidez, Osasun Sailak eta Osakidetzak berretsi egiten dute Barrualde-Galdakao ESIko osasun-zerbitzuen hobekuntza integralaren aldeko apustua. «Lanak behar bezala eginda eta gure laguntza-sarea indartu eta herritarren bizi-kalitatea hobetuko duen proiektu bat egiteko ilusioarekin gatoz», adierazi du Alberto Martinezek.

Oro har, aurreikusitako inbertsioak 170 milioi eurotik gorakoak dira, eta zuzeneko eragina izango dute osasun-zerbitzu publikoen kalitatean, segurtasunean eta erosotasunean. «Etorkizunaren oinarriak ezartzen ditugu asmo handiko, kalitateko eta osasun-segurtasuneko jarduketekin, bai Durangoko ikuspegi integral honetan, bai Galdakaoko etorkizuneko ospitaleko asistentziaren hobekuntzan», amaitu du Osasuneko sailburuak.

Durangoko BHZaren kokapena

Durangoko alkate Mireia Elkoroiribek aurrerapausoa nabarmendu du: «Urteetako lanaren ondoren, pauso garrantzitsua eman dugu Bereizmen Handiko Zentro berriaren Plan Funtzionalaren aurkezpenarekin, gure udalerriko osasun arretan mugarri izango den proiektua. Aukeratutako kokapena, PERI Trenbidearen lurretan, EuskoTrenen geltokiaren gainean eta autobus geltokitik metro gutxira, ez da kasualitatea: pertsona guztiei sarbidea errazteko borondateari erantzuten dio, Durangon edo inguruko udalerrietan bizi direnei, garraio publikoa erabiliz».

Azaldu duenez, «Bereizmen Handiko Zentroaz gain, lursail horietan bertan 420 etxebizitza eta hiri-parke handi bat eraikitzea aurreikusten da. Horretarako, Udala elkarlanean ari da ETSrekin, Eusko Jaurlaritzako  Ogasun eta Finantza Sailarekin eta Etxebizitza Sailarekin. Akordio horri esker, osasun zerbitzuen sarea hobetzeaz gain, etxebizitza eskuratzeko erronka garrantzitsuari erantzun ahal izango zaio, betiere durangarron bizi kalitatea hobetzeko asmoz».

«Plan Funtzionala definituta, funtsezko fase berri bati ekingo diogu orain. Trenbideko BEPBren eremuko Arau Subsidiarioen aldaketa puntualaren prozesuari ekingo diogu. Izapide horrek bi urte inguru beharko ditu, eta Osasun Sailak eta Osakidetzak aurreproiektua eta egikaritze-proiektua idaztearekin batera aurrera egitea ahalbidetuko du. Aldi berean, garapen hori Hiri Antolamenduko Plan Orokor berrian txertatuko da, eta 2026ko martxorako aurreikusten dugu hasierako onarpena».

«Bi bide horiek, bai egungo arauen aldaketa, bai HAPO berriaren tramitazioa, herritarren parte-hartzearekin gauzatuko dira, proiektu honek osasun arreta hobetzeaz gain, Durangoko benetako beharrei erantzutea nahi dugulako. Urratsez urrats aurrera egingo dugu, tamaina honetako proiektu batek behar dituen hirigintza, teknika eta gizarte berme guztiekin. Hori funtsezko urratsa da Durango hobe baterantz, osasun laguntza hobearekin, herritarren lehentasun handienetako bat dela baitakigu».