Manuel Guillén Expósitoren gorpuzkia Badajozera, jaioterrira, itzuli da

0
  • Urduñako (Bizkaia) Espetxe Zentraleko biktima, 1941ean hil zen, 42 urte zituela Extremaduratik eraman ondoren
  • Gaur arratsaldean eta bihar beste bi biktimaren gorpuzkiak haien familiei emango dizkiete Mirandillan (Badajoz) eta Tomelloson (Ciudad Real)

 

Maria Jesus San Jose Justizia eta Giza Eskubideetako sailburuak eta Alberto Alonso Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendariak Manuel Guillen Expositoren gorpuzkia eman diote familiari, Badajozeko San Juan hilerrian.

Maria Jesus San Josek adierazi duenez, horrelako keinuekin «gure gizartea duintzen dugu, biktimek eta haien familiek ez baitzuten inoiz duintasuna galdu». Ekimen hau Gogoraren Gerra Zibileko Desagertuak Aurkitzeko eta Identifikatzeko programaren baitan egin da.

Manuel guardia zibila zen lanbidez, ezkonduta zegoen eta 6 seme-alaba zituen. 1941ean Urduñako espetxean hil zen, atxilotze zentro batzuetatik igaro ondoren. 42 urte zituen.

Gaur arratsaldean, 16:30ean, Mirandillako hilerrian (Badajoz), Miguel Fuertes Molinaren familiak haren gorpuzkia jaso du. Miguel nekazaria zen lanbidez, eta atxilotze-zentro batzuetatik igaro ondoren, Castuerako kontzentrazio-esparrutik Urduñara eraman zuten, Extremadurako beste hainbat bezala. Espetxe Zentralean hil zen, 1941eko maiatzean, 26 urte besterik ez zituela, dokumentazio ofizialaren arabera, abitaminosiak jota.

Bihar, azaroak 28, ostirala, Alberto Alonso Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendariak Faustino Aguado Serranoren gorpuzkia emango dio familiari, Tomellosoko hilerrian (Ciudad Real), 12:00etan.

Faustino Tomellosokoa (Ciudad Real) zen, ezkonduta zegoen eta bikoteak 5 seme-alaba zituen. San Juango Alkazarreko Alderdiaren Espetxetik Urduñako espetxera eraman zuten 1940ko martxoan, eta 1941eko apirilean hil zen, 47 urte zituela.

Duela gutxi, beste biktima bat identifikatu da, Mariano Gutiérrez Segura, Argamasilla de Calatravan (Ciudad Real) jaioa eta bizilaguna. Azken honekin, 23 biktima identifikatu dira berreskuratutako 93tik.

Identifikazio-prozesuari buruzko informazio gehiago: https://labur.eus/orduna