Hondarribiko Udalak 2026ko Aurrekontu Orokorra eta beste hainbat neurri onartu ditu

0

Hondarribiko Udalak 2026ko Aurrekontu Orokorra onartu du azaroko osoko bilkuran.  Era berean, Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa arautzeko ordenantza behin-behinean onartu da, eta Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren (HAPO) izapidetzeak aurrera egin du aurkeztutako alegazioen erantzunak onartuta.

Ia 35 milioi euroko udal aurrekontua

Udalbatzak 34.998.615 euroko aurrekontua onartu du —aurreko urtearekiko %2,15eko hazkundea— Abotsanitz eta EH Bilduren babesarekin; PSE-EE abstenitu egin da eta EAJ-PNVk kontrako botoa eman du. Igor Enparan Araneta alkateak adierazi du “inoizko aurrekontu handiena” dela eta helburu argia duela: “herritarren beharrak erdigunean jartzea, auzoen garapena sustatzea eta jasangarritasuna erdigunean kokatzea; hori guztia, oreka ekonomikoarekin bateragarria izanik”.

Aurrekontuak Gobernu Planaren jarraipena bermatzen du eta ikuspegi soziala du ardatz. Guztira, 14 milioi euro bideratuko dira ongizate-politiketan: Gizarte Zerbitzuetan ez ezik, hezkuntzan, gazterian, irisgarritasun-neurrietan, diru-laguntzetan, komunitate-dinamizazioan eta osasun emozionalerako programekin lotutako ekintzetan ere. Helburua da herritar guztien aukera-berdintasuna bermatzea.

Gastu orokorrei dagokienez, 9 milioi euro baino gehiago bideratuko dira langileen arlora —aurrekontuaren %25,71—, iaz baino %4,43 gutxiago. “Ez da langilegoa murriztuko. Beerakada honen arrazoi nagusia da plantilla organikoan hutsik zeuden lanpostuak beteko direla, eta horrek aldi baterako zenbait programaren beharra murriztuko duela”, azaldu du Enparanek.

Ondasun arrunt eta zerbitzuetara 13,8 milioi euro bideratuko dira (2025ean baino %1,9 gehiago). Partida honek, besteak beste, eguneko unitateak martxan jartzea eta hiri autobus zerbitzu berria abiatzea jasotzen ditu.

Inbertsioei dagokienez, udalerriko egunerokoa eta segurtasuna hobetzeko proiektu estrategikoak jasotzen dira. 300.000 euro bideratuko dira Hondartza Kiroldegian suteak kalteturiko sauna-eremua erabat berritzeko. Bestalde, Pasaia kalea berrurbanizatuko da, 1.948.719 euroko inbertsioarekin. Espaloiak zabaldu eta oinezkoentzako pasabideak hobetuko dira, segurtasuna eta irisgarritasuna indartuz. Gainera, gaur egun fibrozementuzkoa den saneamendu-sarea ordezkatuko da. Mendelu auzoan uholde arriskua murriztu eta ingurua seguruagoa eta egonkorragoa bihurtzeko lanak ere egingo dira, 507.000 euroko aurrekontuarekin.

Aurrekontua gardentasunean eta parte-hartzean oinarrituta landu da, eta teknikarien zein talde politikoen ekarpenak jaso dira. Oposizioaren eskaerari jarraituz, negoziazio formalerako espazioa ireki da, eta bilerak egin dira bai EAJ-PNVrekin bai PSE-EErekin. PSE-EEren 8 proposamen jaso dira dokumentuan, besteak beste gazteentzako etxebizitza-laguntzei eta Santiago kalean igogailua egiteko jarduketei lotutakoak. EAJ-PNV negoziazio prozesutik aldendu arren, Udal Gobernuak euren bi proposamen txertatu ditu: Etxebizitza arloko teknikari bat kontratatzeko aurrekontua eta elkarte zein kirol klubentzako diru-laguntzen igoera. Gobernuko kide den EH Bilduren sei ekarpen jaso dira aurrekontuetan, hala nola Alardeari buruzko parte-hartze prozesua garatzea, zaintzaileen zaintzarako dinamikak abiatzea, haur ludotekaren azterketa edo jarduera ekonomikorako bi udal lokal egokitzeko partida. Hala, batzordean diktaminatutako dokumentuan agertzen den moduan, EAJ-PNVk proposatutako 123.958 € jasotzen dira dokumentuan, PSE-EEren 408.550 € eta EH Bilduren 22.000€.

Horrez gain, aurrekontuetako berrikuntzetako bat herritarren parte-hartzea indartzea izan da. 200.000 euro bideratuko dira Hondarribiko herritarrek proposatutako  proiektuetara.

Datozen egunetan aurrekontuak xehetasun guztiz kontsultatzeko aukera izango da www.hondarribia.eus webgunean.

Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa arautzeko ordenantza

Udalak behin-behinean onartu du Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa (ELE) arautzeko ordenantza, Abotsanitz, EH Bildu eta EAJ-PNVren aldeko bozkekin. PSE-EEk kontrako bozka eman du. Testuaren helburua da Hondarribian gauzatzen diren egitasmo eta jarduera pribatu zein publikoek bertako euskararen errealitate linguistikoan izan ditzaketen balizko eraginak aurreikustea, identifikatzea eta ebaluatzea, beti ere udalak dituen eskumenen barruan.

Testua Eusko Jaurlaritzaren legerian oinarritzen da, hala nola Euskadiko Toki Erakundeei buruzko 2/2016 Legearen 7. artikuluan eta hizkuntza ofizialen erabilera instituzionala arautzen duen 179/2019 Dekretuan. Araudi horrek ezartzen du udalerri euskaldunetan eragina izan dezaketen ekimenen inpaktua ebaluatu beharra. ELEk izaera ireki eta malgua izango du, eta ordenantza Udalari ez ezik, Udalarekin lotura duten erakunde autonomo eta publiko guztiei aplikatuko zaie. Halaber, udalerriaz gaindiko proiektuetan ere Udalak bete beharreko izapideak jasotzen dira, baita Udalarekin hitzarmenak dituzten edo udal-dirulaguntzak jasotzen dituzten erakunde pribatuentzat ere.

Horrez gain, Udalak ELE Batzordea sortuko du, plan eta proiektuen eragin linguistikoa ebaluatzeko. Batzordean Euskara arloko zinegotzia (lehendakari gisa), Euskara teknikaria, dagokion arloko udal teknikaria eta zinegotzia, UEMAko teknikaria eta kanpo-enpresetako langileak izango dira, azken hauen laguntza beharrezkoa bada.

HAPOari aurkeztutako alegazioak onartzea

Osoko bilkuran Hiri Antolamendurako Plan Orokorrari aurkeztutako algazioen erantzunak onartu dira Abotsanitz eta EH Bilduren babesarekin. EAJ-PNVk kontra bozkatu du eta PSE-EEk abstentziora jo du. Horrela, izapidetze-prozesuak bere bidea jarraitu ahal izango du. Epe barruan jasotako 34 alegazioetatik 11 partzialki estimatu dira. Estitxu Urtizberea hirigintza zinegotziak azaldu du onartutako aldaketak “gehienbat zuzkidura-jarduketetan eta antolamendu xehatuan eragiten dituzten akatsak edo zuzenketak” direla, eta, ondorioz, “ez dago egiturazko antolamenduari eragiten dion aldaketarik”.

Urtizbereak gogorarazi du HAPO berria egiteko prozesua 2020an hasi zela, 2017ko plana baliogabetu ostean: “2017an onartutako Hiri Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO) forma-akatsen ondorioz baliogabetu zen, eta, horren ondorioz, 1996ko Arau Subsidiarioak indarrean geratu ziren. Hori dela eta, Udalak 2020an HAPO berria idazteko prozesua abiatu zuen, herritarren parte-hartzea eta administrazioekin lankidetza bermatuz. 2021ean aurrerapen-dokumentua jendaurrean jarri zen, eta jasotako iradokizunen gainean 2022an Irizpideak eta Helburuak berretsi ziren. 2023an hasierako onarpena eman ondoren, berriro jendaurrean jarri zen alegazio eta txosten sektorialak kontuan hartzeko. Azkenik, 2025eko ekainaren 19an, dokumentua behin-behineko onarpenerako berretsi eta, derrigorrezkoa izan ez arren, jendaurrean jarri zen gardentasuna eta parte-hartzea indartzeko”.

Alegazioen erantzunak onartuta, dokumentua beste administrazio batzuetara igorriko da (Aldundia, Eusko Jaurlaritza, URA…), eta haien txostenak jaso ondoren azken egokitzapenak egingo dira behin betiko onarpena Udalbatzara eramateko. Udalak berretsi du prozesuak gardentasuna eta herritarren parte-hartzea bermatzen jarraituko duela.