Ogasun eta Finantza Sailak akordio-proposamen bat aurkeztu du gaur goizean Gobernu Kontseiluan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren 2025eko Aurrekontuko Kreditu Globala handitzeko. Horretarako, diruzaintzako gerakinak txertatu ditu, Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailaren finantza-beharrei erantzuteko. Proposamenaren arabera, 20.003.442 eurotan handituko da, eta Etxebizitza Prestazio Ekonomikoa estaltzeko eta Gaztelagun Programaren jarraipena bermatzeko erabiliko da datorren ekitaldian.
147/2023 Dekretuak bultzatutako arau-esparru berriari erantzuteko hartu da neurria. Dekretu hori 2023ko urriaren 25ean argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, eta etxebizitza bat eskuratzeko eskubide subjektiboa arautzen du. 2024ko apirilaren 2an indarrean sartu zenetik, Etxebizitzarako Prestazio Osagarritik (EPO) —orain arte Lanbidek kudeatzen zuen—Etxebizitza Prestazio Ekonomiko berrira pasatzeko trantsizioari ekin zaio. Hala, etxebizitzaren arloan eskumena duen Sailari dagokio prestazio hori kudeatzea. Data horretatik aurrera, ez da EPO berririk onartzen, eta, beraz, eredu-aldaketa osatu da.
Testuinguru horretan, Alokabide sozietate publikoak bere gain hartzen du onuradunei EPE hilero ordaintzea, aipatutako dekretuak ezartzen duen moduan. Era berean, Gaztelagun Programa kudeatzen erakunde laguntzaile izaten jarraitzen du Alokabidek, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 52. artikuluan eta dirulaguntzen bermeei eta itzulketei buruzko 698/1991 Dekretuan xedatutakoaren arabera.
Bi programek 2025 urterako ezartzen dituzten betebeharrei aurre egiteko, Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak zuzkidura gehigarri bat behar du, ekitaldia bermeekin itxi ahal izateko. Eskatutako zenbatekoa horrela banatuko da:
- 19.003.442 euro, Etxebizitza Prestazio Ekonomikoa (EAP) kudeatzeko.
- 1.000.000 euro, Gaztelagun programa egikaritzeko.
Zenbatekoa handituta, Eusko Jaurlaritzak beharrezko baliabideak indartuko ditu etxebizitza izateko eskubide subjektiboa bermatzeko eta gazteei eta alokairurako laguntza-behar handienak dituzten familiei arreta ekonomikoa ziurtatzeko.






