Euskadiko Lan Ikuskaritzaren Laneko Iruzurraren Postontziak hamaika arau hauste antzeman ditu aurten, eta 30 errekerimendu egin ditu, 117 jarduketa burutu ostean
Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak beste informazio kanpaina bat jarri du abian, langileei Laneko Iruzurraren Postontziaren bidez modu anonimoan salatzeko dagoen aukeraren berri emateko. Ekintza hori, bereziki, zaurgarritasun egoeran dauden langileentzat dago pentsatuta, eta postontziarekiko konfiantza indartzea du helburu. Laneko edo arriskuen prebentzioko irregulartasunak salatzeko % 100 anonimoa da.
“Lan egiteko eskubidea duzu. Eskubideekin lan egitea. Defenda itzazu” ekimenaren helburua da salaketa jartzeko beldurra murriztea, ahalduntze mezu bat eskaintzea, edozein langilek erakundeen babesa ezagutuko duela bermatuz. Kanpainak, gainera, QR kode bat du, laneko iruzurra jasaten ari den edonori salaketa kanalean azkar eta modu seguruan, eta batez ere, anonimoan, sartzeko aukera ematen diona.
Herritar guztiengana iristeko eta inpaktua maximizatzeko, kanpainak kanal anitzeko hedapen zabala izango du. Prentsa digitalean eta idatzian txertatuko dira, irratiko iragarkiak jarriko dira eta kanpoaldean presentzia nabarmena izango dute —Metro Bilbaoko pantailak, Hiri Mugikortasuneko gune digitalak eta RENFEren espazioak, esaterako—; horrez gain, sare sozialetan aktibazio handia izango du eta bideo publizitate programatikoa egingo da.
Iruzurraren aurkako postontziaren jarduerak
Laneko iruzurraren aurkako postontziak urteak daramatza funtzionatzen, baina, aldi oro, beharrezkoa da langile zaurgarrienei Eusko Jaurlaritzak haien esku jartzen dituen tresnak helaraztea, haien lan eskubideak defendatu ahal izateko.
2023an, zehazki, Ikuskaritzak 42 jarduketa egin zituen, bi arau hauste eta sei errekerimendu erregistratu zituen; 2024an, 58 jarduketa, zazpi arau hauste eta hamahiru errekerimendu; eta 2025ean, 117 jarduketa, hamaika arau hauste eta 30 errekerimendu egin dira.
Laneko iruzurra salatzeko bideak
Elena Pérez Barredo Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuordeak gaur, asteazkena, gogorarazi duenez, herritarrek “hainbat bide ofizial dituzte Euskadin laneko irregulartasunak edo iruzurrak jakinarazteko eta salatzeko”. Salaketa ofiziala egin ohi dute langileek eurek edo haiek ordezkatzen dituzten sindikatuek.
Salaketa ofizialaz gain, beharrezkotzat jo da sistema anonimoak ezartzea, irregulartasunen bat duen edozein langilek “modu seguruan, errazean eta eskuragarrian informatu ahal izan dezan, eta, horrela, lan iruzurra prebenitzen eta hautematen lagun dezan autonomia erkidego osoan”.
Perez Barredok aipatu duen laneko iruzurraren salaketarako lehen bidea aurrez aurreko salaketa da. “Herritarrek Lan Ikuskaritzaren Arabako, Bizkaiko edo Gipuzkoako bulegoetara jo dezakete salaketa bat zuzenean aurkezteko. Kanal horrek baditu zenbait abantaila, hala nola informazioa zabaltzeko eta zalantzak berehala argitzeko aukera”.
Bigarrenik, identifikazioa duten salaketa telematikoak zehaztu ditu sailburuordeak. Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren bidez, interesdunek salaketa formal bat aurkez dezakete onartutako ziurtagiri digitalak erabiliz. Prozedura hori identifikatu egin behar da, eta, horri esker, jakinarazitako gertakarien tratamendu zehatza egin daiteke.
Hirugarrenik, Pérez Barredok adierazi du posible dela salaketak posta arruntez ere egitea. “Salaketak dagokion Laneko Probintzia Ikuskatzailetzara ere bidal daitezke idatziz. Metodo hori baliagarria da bulego batera joan beharrik gabe irregulartasunak jakinarazteko”.
Eta, azkenik, lehen aipatutako ‘Laneko iruzurraren postontzia’ aipatu du. “Eusko Jaurlaritzak kanal telematiko anonimo bat du martxan, laneko irregulartasunak jakinarazteko. Postontzi horrek identifikaziorik gabeko informazioa emateko aukera ematen du, baina ez du banakako erantzunik bermatzen, ezta ikerketa bat zuzenean irekitzea ere. Hala ere, jasotako jakinarazpenak Ikuskaritzaren plangintza jardueren barruan balora daitezke”.
Pérez Barredok gogorarazi duenez, “Laneko Iruzurraren Postontziaren bidezko salaketa anonimoen kasuan, ez da erantzunik ematen eta ez da kasuaren egoerari buruzko informaziorik ematen. Hala ere, ekarpenek patroiak antzematen edo etorkizuneko ikuskapen jarduerak babesten lagun dezakete”.
Gainerako kasuetan, gertakarien balorazio egokia bermatzeko, identifikatutako salaketa aurkezten duten pertsonek izen-abizenak, NANa eta harremanetarako datuak (helbidea eta telefonoa) eman behar dituzte. Hala eskatzen bada ere, identitatea izapidetzean gorde daiteke. Kasu guztietan, salatutako gertaerak ahalik eta zehatzen zehaztea gomendatzen da: datak, lekuak, egoeraren deskribapena eta inplikatutako pertsonen edo enpresen identifikazioa.
Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak berretsi egiten du lan eskubideen defentsarekin eta lan arloko edozein iruzur edo abusu motaren aurkako borrokarekin duen konpromisoa. Ildo horretan, herritarren lankidetza funtsezkoa da lan merkatu bidezkoa, segurua eta gardena bermatzeko.
Era berean, ez da ahaztu behar, helburu berarekin, Lan Ikuskaritzak “ofizioz” ere funtzionatzen duela, sistematikoki gertatzen diren iruzurrei aurre egiteko diseinatutako kanpainen bidez.
Zentzu horretan, Euskadiko Lan Ikuskaritzak lan kontratazioko bigarren txoke plana jarri du abian, eta iruzurrezko ia 2.600 kontratazioez ohartarazi du.
Ikuskaritzak irregulartasun posibleak atzeman ditu aurten 2.558 kontratutan, aldi baterakoetan zein aldizkako kontratu finkoetan. Hori dela eta, 1.281 jakinarazpen bidali ditu lurraldeko hainbat enpresatara, laneko iruzurraren zantzuen berri emateko.
Elena Pérez Barredo Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuordeak nabarmendu duenez, irregulartasun horiek “Iruzurraren aurka borrokatzeko tresnari esker atzeman dira, Lan Ikuskaritzaren Estatuko Erakundearen eta Euskadiko Lan Ikuskaritzaren arteko lankidetza sistema bati esker”.
Tresna horri esker, gutunak bidal dakizkieke lan araudia urra dezaketen kontratuak dituzten enpresei. Jakinarazpen horietan, jasotzen direnetik hilabeteko epea ematen zaie enpresei egoera erregularizatzeko. Epe hori igaro eta beharrezko zuzenketak egin ez badira, dagokion ikuskapen jarduerari ekingo zaio.
Behin eta berriz kontratatzea
Aldi baterako kontratazio mota desberdinak (obra edo zerbitzua, behin-behinekoa, bitartekotasuna, praktikak, prestakuntza, erreleboa, etab.) sistematikoki eta behin eta berriz erabili dira langile berberekin, eta alta aldia 18 hilabetetik gorakoa izan da azken lau urtetan, eta lan harremana % 65etik gorakoa aldi horretan.
Epigrafe horretan, 867 enpresari bidali zaizkie jakinarazpenak, Euskadiko 1.778 langileri eragiten dietenak. Kontaktatutako 867 enpresak Gizarte Segurantzan alta emandako langileak dituzten konpainia guztien % 2 dira, gutxi gorabehera. Lurraldeka, 134 Arabakoak dira, 450 Bizkaikoak eta 283 Gipuzkoakoak.
Aldi baterako kontratuak
Era berean, 156 enpresari bidali zaizkie jakinarazpenak, 211 kontratutan izandako ustezko irregulartasunengatik, aldi baterako kontratuen erabileran legezko edo ohiko gehienezko epeak gainditzeagatik. Detektatutako kasuen artean honako hauek daude:
- Obra edo zerbitzu kontratuak, duela 48 hilabete baino gehiagotik indarrean daudenak.
- Produkzioaren gorabeherengatiko behin-behineko kontratuak, 12 hilabetetik gorakoak.
- 36 hilabetetik gora indarrean dauden obra edo zerbitzu kontratuak.
Azken 24 hilabetetan aldi baterako bi kontratu edo gehiago kateatzea, alta aldia 18 hilabetetik gorakoa izanik, zuzenean edo aldi baterako laneko enpresen (ABLE) bidez, besteak beste.
Lurraldeka, enpresa horietako 28 Arabakoak dira, 75 Bizkaikoak eta 53 Gipuzkoakoak. Jokabide hori Euskadin langileak alta emanda dituzten enpresa guztien % 0,3k baino ez du.
Aldizkako finkoak
Azkenik, 258 enpresari eskutitzak bidali zaizkie, ustez 569 kontratutan irregulartasunak izan dituztelako; izan ere, aldizkako kontratu finkoak dituzten eta praktikan etengabe edo ia etenik gabe zerbitzuak ematen dituzten langileak altan mantentzen dituztela ikusi da. Egoera hori ez dator bat aldizkako kontratu finkoaren izaerarekin, aldizkako jarduera iraunkorrari baitagokio.
Kasu horietan, eraginpeko pertsonek gutxienez 10 hilabete eta erdi eman dituzte altan azken 12 hilabeteetan, zuzenean edo Aldi Baterako Laneko Enpresen (ABLE) bidez kontratatuta, hau da, denboraren % 87,5.
Lurraldeka, 28 enpresa Arabakoak dira, 125 Bizkaikoak eta 105 Gipuzkoakoak, hau da, altan dauden langileak dituzten euskal enpresa guztien % 0,9.






