Eusko Jaurlaritzak goi-mailako kirolarekiko duen konpromisoa berretsi du eta Euskadiren nazioarteko proiekzio gisa eta kohesio eta ongizate sozialaren motor gisa duen balio estrategikoa azpimarratu du.
Lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua Legebiltzarreko Kultura, Euskara eta Kirol Batzordean izan da gaur, Eusko Jaurlaritzak goi-mailako kirolaren arloan duen politikaren kontu emateko, bideratutako ekintzak eta baliabideak, azken urteotan lortutako emaitzak eta etorkizuneko erronka nagusiak zehazteko.
Bere hitzaldian, Eusko Jaurlaritzak goi-mailako kirola babestu, antolatu eta sustatzeko duen konpromisoa berretsi du, eta Euskadiren nazioarteko proiekzio gisa eta kohesio eta ongizate sozialaren motor gisa duen balio estrategikoa azpimarratu du.
Era berean, lehendakariordeak zehaztu duenez, goi-mailako kirolaren euskal eredua zazpi zutabe handitan oinarritzen da: erakundeen arteko lankidetza, erronkaren eta gainditzearen kultura, kluben eta federazioen bidezko antolaketa kolektiboa, ongizate eta gaitasun ekonomiko handia, berrikuntzaren aldeko apustua, instalazioen sare modernoa eta laguntza publikoen sistema eraginkorra.
“Egitura horrek kirol-jarduera handia dakar, eta Euskadiren presentzia nabarmena nazioarteko lehiaketetan. Adibidez, 46 euskal kirolarik parte hartu dute azken ziklo olinpiko eta paralinpikoan. Nabarmentzekoa da datu hau: 2024ko Parisko Joko Paralinpikoetarako eta Olimpikoetarako Estatuan sailkatutako 150 eta 382 kirolarietatik, hurrenez hurren, euskaldunak % 8,66 dira, eta bi kasuetan populazio-ratioa gainditzen dute, % 4,6koa, Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleak Estatukoekin alderatuz gero”, azpimarratu du Bengoetxeak.
Araudiari dagokionez, lehendakariordeak aurreratu duenez, Eusko Jaurlaritza Goi Mailako Kirolaren Dekretu berri bat izapidetzen ari da, Kirolari buruzko 2/2023 Legera egokituta. Horri esker, Goi Mailako Kirolari (DAN) izendatutako kirolariek, besteak beste, honako hauek jasotzen jarraituko dute: laguntza-programak, dirulaguntzak, kontziliazio akademikoa eta kirol-kontziliazioa, eta kirolarekin lotutako ikasketak eta enplegu publikoa lehentasunez eskuratzeko aukera.
Basque Team Fundazioa eta azpiegituren modernizazioa
Bestetik, lehen lehendakariordeak Basque Team Fundazioaren funtsezko zeregina azpimarratu du, goi-mailako euskal kirolarien laguntza ekonomiko, tekniko eta sozialerako funtsezko tresna izaten jarraitzen baitu, bereziki ziklo olinpiko eta paralinpikoan.
Gainera, Basque Team Zentroak, Euskadiko goi-mailako erreferentziazko zentroak, 5,25 milioi euro inguruko inbertsioa jaso du azken urteotan, sarbideak hobetzeko, gune espezializatuak sortzeko, biomedikuntza-arloa modernizatzeko, fisioterapia- eta berregokitze-zerbitzuak indartzeko eta alojamendua guztiz berritzeko.
Etorkizuneko erronkak
Etorkizunari begira, lehendakariordeak aurreratu du Eusko Jaurlaritzak lanean jarraituko duela berrikuntzara eta goi-mailako kirol-diziplina berrietara egokitzeko, kirolari bakoitzaren beharrei arreta pertsonalizatua emateko, teknifikazio-sarea indartzeko, prozesuak digitalizatzeko eta nazioko eta nazioarteko erakundeekin aliantzak bultzatzeko.






