Eusko Jaurlaritzak hiriburuetako zerbitzu digitalak udalerrietara hurbiltzen ditu, Elgoibarren KZgune proiektu pilotu bat abian jarriz

0
  • Pilotu honi esker, herritarrek hainbat izapide egin ahal izango dituzte laguntza pertsonalizatuarekin, gaur egun izapide horiek egin daitezkeen hiriburuetara joan beharrik gabe
  • Ekimena bi KZgunetara zabalduko da, Amurrio eta Lekeitiora, datorren urteko urtarrilean

Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Sailak proiektu pilotu bat jarri du abian, Elgoibarko KZgunean administrazioarekin izapide elektronikoak egiteko laguntza pertsonalizatua emateko. Ekimen honen bidez, herritarren autonomia digitala indartu nahi da, arrakala digitala murriztu eta zerbitzu publikoetarako sarbidea erraztu kanal elektronikoen bidez, arreta integraleko eta kanal anitzeko ereduarekin bat etorriz.

Azken urteotako eraldaketa teknologikoak izapide telematikoak sendotu ditu, herritarren eta Administrazioaren arteko harremanetarako ezinbesteko kanal gisa. Hala ere, aurrerapen honek agerian utzi du desberdintasunak daudela gaitasunetan, baliabideetan eta konfiantza digitalean. Ildo horretan, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuaren sailburu Maria Ubarretxenak nabarmendu duenez, «KZgunearen proiektu pilotuak indartu egiten du Sailak administrazio hurbilago eta irisgarriago batekin duen konpromisoa, Euskadiko herritarren egunerokotasuna erraztuko duena».

Proiektu pilotua Elgoibarren hasiko da, eta datorren urtearen hasieran Amurriora eta Lekeitiora zabalduko da. Eskari handiko eta konplexutasun ertaineko izapideekin hasiko da.

Lehenengo fase honetan izapide hauek egin ahal izango dira:

  1. Trafiko-isunak ordaintzea
  2. Etxebizitza izateko eskubide subjektiboa eskatzea
  3. Etxebizitzarako Prestazio Ekonomikoaren (EPE) eskaera
  4. EPErako egiaztagiriak aurkeztea
  5. Seme-alabak dituzten familientzako laguntzak
  6. Zuzenean zerbitzuan hitzordua eskatzea

Ondorengo faseetan, Etxebideko inskripzioa eta inskripzio-datuen aldaketa sartuko dira.

Arreta pertsonalizatua bermatzeko, laguntza aurretiko hitzorduaren bidez emango da. Interesdunek 945 062 555 telefono-zenbakira deituta erreserba dezakete.

Gaikuntza digitala KZgunean

KZgunea sare publikoa duela ia 25 urte sortu zen, eta funtsezko pieza izaten jarraitzen du herritarrak digitalki gaitzeko. Euskadin 230 zentro baino gehiago daude eta bertako hezitzaileen lana espezializatua da. KZgunea hurbileko azpiegitura egokia da autonomia digitala indartzeko eta herritarrei administrazio elektronikoarekin duten harremanean laguntzeko.