Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak ehun urteko euskal enpresen ibilbidea aitortu du, lankidetza publiko pribatuaren, elkarrizketa sozialaren, eta talentuaren eta konpainiei etapa guztietan laguntzearen aldeko apustuaren “emaitza” delako
Mikel Torres Lehendakariordea eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburua “ekonomia lehiakorra, iraunkorra eta aurreratua, baina sakonki gizatiarra eta soziala” eraikitzearen alde agertu da. “Ekonomia horrek pertsonak jartzen ditu erdigunean, eta oinarri du garapen ekonomikoa eta gizarte kohesioa bateragarriak ez ezik banaezinak ere direla”, defendatu du ehun urteko enpresei buruzko SER Euskadi topaketen irekiera instituzionalean.
Donostian, gaur, astelehena, egindako ekitaldian, Torresek adierazi du enpresa horien bizitza luzera eta arrakasta “lankidetza publiko-pribatuaren ereduaren, elkarrizketa sozialaren, eta talentuaren eta konpainiei etapa guztietan laguntzearen aldeko apustuaren emaitza” direla. Izan ere, eredu ekonomiko horretan justizia soziala “ez da luxu bat, garapen baldintza bat baizik”, eta dei egin du du “anbizioz eta justizia sozialez aurrera egiteko bide bat” lantzen jarraitzeko.
“Garai azkarra bizi dugu, non digitalizazioak, adimen artifizialak, trantsizio energetikoak edo belaunaldien arteko erreleboak erronka izugarriak planteatzen dituzten, baina baita gure lehiakortasuna indartzeko eta Euskadi are sendoago eta kohesionatuagoa eraikitzeko aukera historikoak ere”, baieztatu du Mikel Torresek.
Ildo horretan, Lehendakariordeak eskatu du eredu ekonomiko “sendo, berritzaile eta iraunkorra” bultzatzen jarraitzeko, “kalitatezko enplegua eta etorkizunerako aukerak sortuko dituena, enpresei eraldaketa prozesuetan lagunduko diena, elkarrizketa soziala eta kohesioa indartuko dituena, eta talentua zaindu, erakarri, prestatu eta atxikiko duena, etorkizuna pertsonetatik eraikitzen baita”.
“Ekoizpen sarearen onena”
Mikel Torres Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak ziurtatu duenez, ehun urtetik gorako enpresek “gure ehun produktiboaren onena” ordezkatzen dute: “Tradiziotik berritzeko gaitasuna, lurraldean errotuta dauden eredu kooperatibo eta enpresarialen indarra, eta pertsonekiko, enpleguarekiko eta komunitatearekiko konpromiso irmoa”.
SER Euskadi topaketa Radio San Sebastián irratiaren mendeurrenaren barruan egin da. Radio San Sebastián Euskadiko irrati dekanoa da, eta 1925etik belaunaldi guztien alboan izan den informazio erreferentea da.
Lehendakariordeak eskerrak eman dizkie ehun urteko enpresa horiei guztiei Euskadiren aurrerabideari egindako ekarpenagatik, “konpainia horien historiak gogorarazten baitigu eraldaketa sakonak irauten dutela denboran kohesioa dagoenean, konpromiso kolektiboa dagoenean eta hazkundea banatzen denean bakarrik”. “Euskadi aurrera doan herrialdea da, betiere batuta aurrera egiten duenean. Jarrai dezagun herrialde indartsuago, lehiakorrago eta bidezkoago bat elkarrekin eraikitzen”, amaitu du Torresek.






