Osakidetzak, 2026ko lehen seihilekoan, Mangolsen Bidaiaren bigarren fasea abiaraziko du, haurren obesitatea prebenitzeko tratamendua

0
  • Bigarren fase honetan, gainera, jarduera fisikoaren garrantzia eta alderdi emozionalak azpimarratuko dira, jolasaren bidez
  • Euskadiko 450 familia inguruk parte hartzen dute gaur egun Euskal Osasun Zerbitzu Publikoak sortutako programa honetan, eta 800 profesional, pediatra eta erizain, prestatu dira haurren obesitatean eta tresna honen erabileran
  • Mangolsen Bidaiak NAOS Estrategia Sari ospetsua jaso berri du, zeina Espainiako Nutrizio Agentziak urtero ematen baitie Estatuko ekimenik puntakoenei

Osakidetza Mangolsen Bidaiaren bigarren fasea abiarazteko azken lanetan ari da. Haurren obesitatea tratatzeko programa honetan, EAEko 450 familia inguruk parte hartzen dute gaur egun. Bigarren fasea 2026ko lehen seihilekoan abian jartzea aurreikusten da, tratamendua amaitu ondoren, haurrek lehen fasean landutako ohitura osasungarriei eusteko erronkari heltzeko, esku-hartzearen ondorengo urteetan atxikimendua gal ez dezaten. Gainera, alderdi emozionalak ere jorratzen ditu.

Mangolsen Bidaiaren fase berria garatzeko lanak sendotu egin du Euskal osasun zerbitzuak osasun-zentroetan haurren obesitateari heltzeko lehentasunezko tratamendu gisa asmatutako tresna hori, eta, hain zuzen ere, NAOS Estrategia Saria jaso berri du. Sari horren helburua da obesitatearen eta transmititzen ez diren beste gaixotasun batzuen prebentzioa sustatzea da, elikadura osasungarria eta jarduera fisikoa egiteko ohitura sustatuz. Gizarte Eskubideen, Kontsumoaren eta 2030 Agendaren Ministerioko Elikagaien Segurtasunerako eta Nutriziorako Espainiako Agentziak urtero ematen du sari hori, eta estatu mailan puntako ekimenak saritzeko.

Mangolsen Bidaia 2021ean hasi zen zabaltzen Lehen Mailako Arretako sare osoan, biztanleriaren gehiegizko pisuaren arazoa konpontzen saiatzeko, 7 eta 14 urte bitarteko adingabeen % 35i eragiten baitio. Programa aitzindaria da Estatu osoan, jokoan oinarrituta dago eta oso emaitza onak lortu ditu. Tratamendua jaso duten hiru adingabetik bik lortu dute beren osasun-egoera hobetzea lehen urtean, eta, beraz, Osakidetzak bigarren fasea prest izateko azken zereginetan dabil, paziente horiei laguntzeko ohitura osasungarriei bizitza osoan zehar eusten.

Programak teknologia berriak eta aurrez aurreko kontsultak uztartzen dituen tresna da. Osasun-jolas bat da (health game), 7 eta 14 urte bitarteko haurrak eta haien familiak ahalduntzea helburu duena, haien bizi-ohiturak alda ditzaten eta egunerokotasunean jokabide osasungarriagoak izan ditzaten, nutrizioaren, elikaduraren, jarduera fisikoaren eta osasun emozionalaren esparruan, uste osoa baitugu haurren gehiegizko pisuaren eta obesitatearen aurkako borrokak ikuspegi integral bat behar duela.

Horrela, Osakidetzako profesionalei historia klinikoan integratutako tresna bat ematen zaie, esku-hartzea errazten diena eta, gainera, pazienteen onarpen eta motibazio handiagoa sortzen duena. Gaur egun, 450 euskal familia inguruk tratamendua jasotzen dute obesitatea eta gehiegizko pisuari aurre egiteko, Mangolsen Bidaia programaren bidez, eta 800 profesionalek baino gehiagok, batez ere pediatrak eta erizaintzako langileak, prestakuntza jaso dute haurren obesitatean eta tresna horren maneiuan, zeina lehen tratamendu-lerroa bihurtu baita gehiegizko pisuaren eta obesitatearen aurka Lehen Mailako Arretako kontsultetan.

«Gamifikazioa erabiltzeak, bideojoko hezigarrien bidez,  esperientzia interaktibo eta dibertigarri bihurtzen du ikaskuntza-prozesua, eta horrek esku-hartze mediko entretenigarri bihurtzen du, konpromisoa eta tratamenduarekiko atxikimendua hobetuz», azaldu du Iratxe Salcedok, Osakidetzako Lehen Mailako Arretako Pediatriako arduradunak.

EMAITZA NAGUSIAK

Programa Osakidetzako Lehen Mailako Arretako sare osoan hedatzen hasi zenetik lortutako emaitzak honako hauek dira:

  • Hobekuntza nutrizionalak eta metabolikoak: Tratamendua jasotzen dutenen artean, obesitatea duten adingabeen % 20k lortzen du lehen urtean gehiegizko pisua izatea, eta gehiegizko pisua duten ia adingabe guztiek lortzen dituzte balio osasungarriak.
  • Jarduera fisikoa areagotzea eta sedentarismoa murriztea: paziente aktiboen ehunekoa % 24,1etik % 36,7ra igo da. Pantailen aurrean emandako denbora nabarmen hobetu da: % 48,1ek egunean bi ordu baino gutxiago igarotzen ditu, pantailen aurrean (OMEren gomendioa), % 83,5era arte.
  • Osasunaren pertzepzio positiboa: beren osasuna «ona, oso ona edo bikaina» dela uste duten parte-hartzaileen ehunekoa % 75,9tik % 95,2ra igo da.

Mangolsen Bidaia Osakidetzak adingabeen nahiz helduen artean osasuna sustatzeko eta gaixotasunak prebenitzeko abian jarri duen ekimenetako bat da. Ekimen horiei buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, kontsultatu Osasun Eskola.