Udal Gobernuak behin betiko onartu du ostatu-erabilerei buruzko HAPOren aldaketa
Donostiako Udalak behin betiko onartu du Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketa, ostatu-erabilerak eta turismo-establezimenduak ezartzeko arauak berregokitzea helburu duena:
- hotelak
- ostatuak
- apartamentu turistikoak
- aterpetxeak
- erabilera turistikoko etxebizitzak
- erabilera turistikoko etxebizitzetako logelak
- etab
Hasierako proposamena behin betiko onartu da ezarritako epean aurkeztutako alegazio eta txostenetara egokitu ondoren.
Era honetan, legeak baimentzen duenaren barruan muturreraino murrizten da lizentzien emakida. Alkaketak udal taldeen adostasun zabala jaso du eta berme juridikoak betetzen ditu. Halaber, hiriko bizitegi-lurzatiak babesten ditu, etxebizitza-aurreikuspena dagoen lekuetan ostatu turistikorik ez dagoela bermatuz.
Jon Insausti alkateak nabarmendu duenez, «Donostiak behin betiko lege-tresna du, Estatuan aitzindaria dena, erabilera turistikoko hotel eta etxebizitzen sorrera arautzeko, eta horrek bizikidetza orekatua ahalbidetuko digu, baina donostiarrei lehentasuna emanez beti. Hori da ‘hiria egitearen’ adibide garbia, herritarren bizi-kalitatea babesteko beharrezkoak diren baliabideak eta tresnak jarriz«.
HAPOren aldaketak bi lurralde-eremu bereizten ditu hirian:
- hirigintzako lurzati guztien etendura orokorra ezartzen du, horien kalifikazio xehatua alde batera utzita, Antiguo-Ondarreta, Ategorrieta-Ulia, Erdialdea, Gros eta Ibaeta auzoetan.
- hiriaren gainerakoan, bizitegi lurzatietan baino ez da aurreikusten etenaldia.
Etenaldiaren ondorioz, ezinezkoa izango da ostatu establezimendu eta erabilera berriak ezartzeko lizentziak ematea, bai eta dagozkion obrak egitea edo lehendik daudenak handitzea ere.
Alde Zaharra etenaldi horretatik kanpo geratzen da, eremu saturatutzat jotzen baita jada, 2020an araututako ostatu erabileren ezarpenari dagokion mugarekin. Era berean, neurri honetatik kanpo geratzen dira lurzoru urbanizaezinean ezar daitezkeen kanpinak, nekazalturismoak eta landetxeak.






