Nerea Melgosa: «Arrakastan oinarritutako immigrazio politika behar dugu eta ez porrotean oinarritutakoa»

0

Gaur Radio Popular-Herri Irratian egindako elkarrizketa batean, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburuak 2026ko lehen egunetan mundu mailan eredu kezkagarriak gertatzen ari direla salatu du. «Ea hemendik aurrera mundu guztiari buruan sartzen zaion balioez, gizatasunaz, konpromisoez, politika onaz eta, batez ere, konfiantzaz eta leialtasunaz hitz egin behar  dugula», adierazi du Nerea Melgosa sailburuak. Ildo horretan, eredu izateko eskatu du. Indartsuenaren legea gailendu behar dela adierazten badugu, gero gure haurrek eta gazteek zer iritzi izan dezaketen pentsatu behar dugu» ohartarazi du Melgosak.

Maliarrak eta immigrazioa

«Eusko Jaurlaritzak deitu behar izan du Estatu Idazkaritzara, dozenaka pertsona baititugu gure baliabideetan. Ez dut ulertzen Madrilgo zentraltasun hori, baina ezin dena izan da neska-mutil horiek kalean egotea. Nazioarteko zuzenbidea errespetatu egin behar da, baita asilo eskatzaileentzat ere, baliabideak gainezka ditugu, 400 maliar baino gehiago hartu ditugu» azaldu du Melgosa sailburuak. Gaur bertan 30/40 pertsona aterako dira Oñatiko eta Berrizko baliabideetatik estatuko beste toki batzuetara, eta Nerea Melgosak adierazi duenez, milaka plaza libre daude oraindik SAPIDen sarean.

Immigrazioari dagokionez, sailburuak defendatu du Euskadira iristen diren pertsonak lanera datozela eta tresna malguak behar dituztela gizarteratzeko. «Lan-baimenetatik harago, tresna gehiago behar dira. Pertsonak lanera etortzen dira, enpresariek kontratatu nahi dute, baina ezin dute. Talentua eta eskulana behar baditugu, egin dezagun, ez bakarrik pertsona horiek lan egin dezaten, baizik eta komunitatea egiteko» gaineratu du Melgosak.

Familiak

Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburuak adierazi du familia dela euskal komunitatearen oinarria. «Urtarrilaren 1etik aurrera abian da guraso bakarreko familien egiaztagiria. Era berean, familiaK baliabide berria, hazkuntzarako laguntzak eta kontziliaziorako laguntzen hobekuntza bideratuko ditugu. Euskal familiei tresnak eman behar zaizkie beren bizi-proiektua kalitatez garatu ahal izateko» ziurtatu du Nerea Melgosak.