Bizkaiko Foru Aldundiak eta Iberdrolak lankidetza-hitzarmena berretsi dute Global Smart Grids Innovation Hub (GSGIH) garatzeko, biek ere sare elektrikoen berrikuntzarekin eta digitalizazioarekin duten konpromisoaren erakusgarri. GSGIH elkarlaneko ingurune bat da, Bilbon dago eta 2021ean inauguratu zen; bi alderdiak hornitzaile, start-up, zentro teknologiko eta unibertsitateekin konektatzen ditu, berrikuntza palanka gisa erabiltzeko, eta hala jarraitzeko ekonomiaren elektrifikazioa eta sareetara konektatutako bezeroentzako zerbitzuaren kalitatea bultzatzen, sareen sendotasuna, erresilientzia, malgutasuna eta segurtasuna indartuko dituzten soluzioen bidez.
Huba sortu zenetik, hau da, duela 5 urtetik hona, i-DEn egindako berrikuntza-jarduera % 55 hazi da aurreko aldiarekin alderatuta, eta urtean 40 milioi eurotik gora dago. Hala, lurraldearen lehiakortasunari laguntzen dio, balio-katea bultzatuz eta Iberdrola munduko lehenengo utility gisa kokatuz I+G+B inbertsioari dagokionez. Sortu zenetik, hubak 8.500 bisita baino gehiago izan ditu; bisitariek aukera dute sareak gertutik ezagutzeko, ekonomiaren elektrifikazioan zer garrantzi duten ulertzeko eta lankidetza publiko-pribatuaren eragin positiboa egiaztatzeko.
2023aren amaieran, «GSG Innovation Hubean garatutako produktua» ziurtagiria sortu zen AENORen eskutik, aitortza egiteko hubaren barruan garatutako eta sareko soluzio gisa eraginkortasunez ezarritako datu-ekipo edo -produktuei. Gaur egun, zigilu hori duten 13 produktu daude merkatuan, 18 fabrikatzailerenak. Hubak espero du 2026aren amaieran 20 produktu ziurtatu edukitzea, hornitzaileekin lankidetzan garatuak, haietako asko Bizkaian. Joan den azaroan Bizkaian egin zen ENLIT azoka erakusleiho ezin hobea izan zen hubaren kolaboratzaileek euren zigilua nazioarteko sektore elektrikoari erakusteko.
Iberdrolaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren arteko hitzarmena berritzeak agerian uzten du bi alderdiek teknologiaren aldeko apustua egin dutela, ekonomiaren elektrifikazioaren, industria-lehiakortasunaren eta kalitatezko enpleguaren sorkuntzaren eragile den aldetik. Horretarako, berrikuntza baliatu dute ekipoak, datu-produktuak, telekomunikazio-sistemak eta -sareak diseinatzera bideraturik, banaketa-sareak eskariaren hazkundeari erantzuteko duen gaitasuna biderkatu ahal izateko. Gainera, asmoa da energia berriztagarriak integratzen jarraitzea eta sare seguruagoa, fidagarriagoa eta erresilienteagoa eratzea, klima-aldaketaren eta zibersegurtasunaren erronkei aurre egiteko.
Smart Grids Academy (SGA)
Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Iberdrolaren arteko lankidetzaren emaitzarik garrantzitsuenetako bat Smart Grids Academy (SGA) sortzea izan da. Ekimen aitzindaria da, «Bizkaia with the Talent» estrategiaren barruan kokatua, jardunean dauden estatu osoko profesionalak energiaren sektorean eta sare elektriko adimendunaren hornitzaileen sektorean gaitzeko, espezializazio teknologikora bideratutako etengabeko prestakuntza eskainiz.
SGA ekimena GAIA klusterrak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta i-DE Redes Eléctricas Inteligentesek (Iberdrola) bultzatu dute, eta haren helburua da Bizkaia erreferentziako hub gisa finkatzea sare adimendunen arloko berrikuntzan eta prestakuntzan.
Lau prestakuntza-ibilbide daude profesionalak sare elektriko adimendunen erronka teknologikoetan gaitzeko, arlo hauetan: adimen artifiziala, zibersegurtasuna, industria adimenduna eta sare adimendunak. Prestakuntza-ekintza horiek energiaren sektoreko profesionalentzat eta sare elektriko adimendunaren hornitzaileentzat dira; estatu osorako daude eskuragarri, eta asmoa da proiektua nazioartekotzea etorkizunean.
Prestakuntza-planak energiaren sektoreari lotutako 20 eta gehiago enpresak eta entitatek parte hartuta diseinatu dira, zeinek edukiak diseinatzen eta baliozkotzen daukaten esperientzia ekarri baitute. Ondorioz, ibilbideak (2026ko urtarrilean hasiko dira) eremu profesionalean probatuta daude, eta horrek ziurtatzen du eskuratutako ezagutzak adierazgarriak eta aplikagarriak direla.
Online modalitatean, Iberdrolaren Global Smart Grids Innovation Hubean (Bilbo) aurrez aurre egingo diren laborategiko saioekin batera, prestakuntza-jarduerak osorik edo banakako kapsulen bidez egin daitezke, hala profesionalei abagunea emateko prestakuntza euren beharrizan espezifikoetara egokitzeko. Ikastaroa amaitzean, parte-hartzaileek Smart Grids Academyko ziurtagiri ofizial bat jasoko dute.
Diseinatutako 4 ibilbideetako bakoitzak 240 ordu inguru irauten du. SGA sustatzen duten entitateez gain, erakunde hauek ere hartu dute parte diseinuan: Tecnalia, Ikerlan, Arteche, ZIV, Ingeteam, RDT Axia Learning, All About Data/Innova, Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU), Deustuko Unibertsitatea, Alcaláko Unibertsitatea eta Comillaseko Unibertsitatea.






