Onetsi da Bizkaiko toki erakundeek Batasunaren finantzabideak lortzeko laguntzen deialdi berria

0

Aurten Bizkaiko Foru Aldundiak 60.000 euro erabiliko ditu toki erakundeek Europar Batasunaren programetan eta ekimenetan parte hartzea sustatzeko laguntzak emateko. Deialdiko laguntzak Bizkaiko 150.000 biztanletik beherako udalentzat eta haiek parte duten elkartzeentzat dira.

Helburua da toki erakundeek beren proiektuak aurkeztea Batasunaren laguntzen deialdietan eta finantzabide osagarriak lortzea beren ekimenetarako. Horretarako, Bizkaiko Foru Aldundiak Batasunaren laguntza eskatzeko egin behar izan dituzten aholkularitza-gastuen ehuneko bat finantzatuko du.

Udalek ez ezik mankomunitateek, landa garapenerako elkarteek eta horien federazioak, enplegua sustatzeko «Behargintza» zentroek eta Bizkaiko turismoa kudeatzeko erakundeek ere eskatu ahal izango dute laguntza.

Aurten berrikuntza bat sartu da: udal erakunde autonomoek eta udal enpresa publikoek ere jaso dezakete dirulaguntza.

Gainera, udalerriaren tamainaren araberako dirulaguntza-tarteak ezarri dira. Horren arabera, txikienek eskatzen duten dirulaguntzaren % 100 jasoko dute.

Eskaerak aurkezteko epealdia datorren urteko urtarrilaren 8an hasiko da, goizeko 8:30etan, eta urriaren 31n amaituko da, eguerdiko 13:30etan.

2025ean emandako laguntzak

2025. urtean Bizkaiko Foru Aldundiak dekretu honen bidez emandako dirulaguntzei esker 8 proiektu aurkeztu dira Batasunaren finantzabideak jasotzeko, eta 6 toki erakundek jaso dute laguntza:

  • Lea Artibai Fundazioa: 2 proiektu
  • Amoroto: proiektu bat.
  • Sestao: proiektu bat.
  • Ugao-Miraballes: proiektu bat.
  • Barakaldo: proiektu bat.
  • Maruri-Jatabe: 2 proiektu

Europako Orientaziorako Bulegoa: informazioa eta aholkuak.

Dirulaguntza-lerro honez gainera, Bizkaiko udalek Europako Orientaziorako Bulegora jo dezakete laguntza-eske: Bruselako prozedurak azalduko dizkiete eta  Next Generation funtsak lortzeko zer egin behar duten esango diete. Foru Aldundiak  Bizkaiko udalen esku jarri duen zerbitzu horretan Batasunaren finantzabideen programei eta deialdiei buruzko informazioa ematen da eta azaltzen da zer egin behar den finantzabide horiek eskatzeko eta udal proiektuak Batasunaren deialdietara moldatzeko.

Europar Batasunak arlo askotako proiektuak finantzatzen ditu: gizarte politikak, ingurumeneko politikak, ekintzailetza, integrazioa, enplegua eta mugikortasuna, besteak beste. Zerbitzu horren helburua da udalei laguntzea Batasunaren prozedura konplexuei aurre egiten, berariazko prestakuntza eta baliabideak behar izaten dira eta.

Hain zuzen ere, Bizkaiko 100 udalerrik baino gehiagok jaso dituzte Next Generation funtsak beren proiektuak gauzatzeko: eraikinak birgaitzea, efizientzia energetikoa, turismoa, liburutegi-funtsak, ekonomia zirkularra, zerbitzu digitalak.