Berrizko trasteleku batzuetan indarra erabiliz egindako lapurretaren egileak atxilotu dituzte atzetik segi ondoren

0

Gaur goizaldean 41 eta 26 urteko bi gizon atxilotu ditu Ertzaintzak Berrizko eraikin bateko trastelekuetan lapurretan harrapatu eta ibilgailu batean ihes egin ondoren. Ihesean ibilgailua geldiarazten saiatzen ari zen polizia-autoa jotzen saiatu dira, eta arrisku larriko egoerak sortu dituzte bideko gainerako erabiltzaileentzat.

 

Gaur, astelehena, goizaldeko ordu bata aldera, Ertzaintzari ohartarazi diote lehentxeago pertsona batzuek lapurreta egin dutela Berrizko eraikin bateko garaje komunitario batean. Jakin ahal izan denez, bertako hainbat trasteleku behartu dituzte eta, bizilagun batek ikusi dituenean, furgoneta batean ihes egin dute.

 

Gertatutakoaren berri izan ondoren, lapurretaren egileak aurkitzen saiatzeko dispositibo bat ezarri da, eta herritarren babeserako dotazio batek handik ordu erdira aurkitu du Eibar inguruan zihoan eta lapurrek ustez ihes egiteko erabili duten ibilgailua. 

Patruila ibilgailua geldiarazten saiatu da, baina gidariak, agenteek emandako jarraibideei inolako jaramonik egin gabe, ausarkeriaz ekin dio ihesari, eta, N-634 errepidetik atzetik segitzen zioten bitartean, arrisku larriko egoerak sortu ditu errepideko gainerako erabiltzaileentzat, eta polizia-autoari eraso egiten saiatu da behin baino gehiagotan.

Azkenean, Elgoibar parean, eta irteerarik gabeko bide baten sartu denean, furgonetan zihoazen bi pertsonak irten beharra izan dute oinez ihes egiten saiatzeko, baina esku hartu duten ertzainek biak atxiki ahal izan dituzte.

Susmagarriak identifikatu egin dituzte eta, beharrezko egiaztapenak egin ondoren, trastelekuetan lapurreta egitea leporatuta atxilotu dituzte. Gainera, bizitza mespretxatuz ausarkeriaz gidatzea eta agintaritzaren agenteen aurkako atentatua ere leporatu dizkiete.

Jarraian, espainiar nazionalitateko 41 eta 26 urteko bi atxilotuak ertzain-etxera eraman dituzte beharrezko eginbideak betetzera, gero epailearen eskuetan jartzeko.