BEC-ek 201 milioi euro baino gehiagoko inpaktua sortu zuen 2025ean

0

Bilbao Exhibition Centrek 201,3 milioi euroko inpaktu ekonomikoa eragin zuen Euskadiko BPGan 2025ean, Estatuko, nazio mailako eta nazioarteko 256 ekitaldiri esker. Horiei guztiei esker, beste urte batez, liderra izan zen garapen sozioekonomikoa eta Bizkaia eta Euskadiren nazioarteko proiekzioa bultzatzeko ekitaldiak erakartzen eta antolatzen.

Negozio arloka, 29 azoka eta erakusketetakoak izan ziren, 185 batzarrak eta ekitaldietakoak, eta 42 Bizkaia Arenan egindakoak. Ekitaldiko jarduera handia izan zen: 949.109 bisitari izan ziren, eta espazioak 318 egunez egon ziren beteta. Horrek guztiak 39 milioi euro baino gehiagoko zerga-bilketa eta 3.839 enplegu sortu zituen. 21 urteotan, BECen inpaktu metatua 2.170,6 milioi eurokoa izan da.

BECen urteko txostenaren beste datu adierazgarrietako bat da azken urtean sortutako gastuaren % 80k eragin zuzena izan zuela azoka-, biltzar- eta ikuskizun-jardueratik kanpoko sektoreetan. Hala, ostalaritzak % 46 bildu zuen, garraioak % 21, jolas eta kultur arloko jarduerek % 10 eta txikizkako merkataritzak % 3. Balantze horrek agerian uzten du azokan egiten den ekitaldi bakoitzak zuzeneko parte-hartzaileei balioa emateaz gain, enplegua sortzea bultzatzen duela eta inguruko enpresa- eta merkataritza-sarea indartzen duela.

Azoka eta erakusketen arloan, BECek ekimen garrantzitsuenak indartu eta proiektu berriak gehitu zituen. Horietan, 3.132 enpresa erakusketarik parte hartu zuten. Smart manufacturingaren Espainiako hitzordu nagusia, +INDUSTRY, lehen mailako eszenaratze teknologikoagatik nabarmendu zen. Azoka espezializatuak (AdditDED, BeDIGITAL, Maintenance, Pumps & Valves eta Subcontratación) eta WeAR azokaren lehen edizioa (automatizazioari eta robotikari buruzko ekitaldia) aldi berean ospatuak, industria-fabrikazioaren prozesu eta berritasun nagusiak ezagutzeko aukera izan zen, balio erantsi handiko plataforman. Aldi berean, WORKinn Talent Hub egin zen. Egitasmoa industria eta talentua lotzeko funtsezko gune gisa finkatu da eta BECek antolatutako industria-azoka nagusiekin batera egiten da.

Bestalde, ekitaldietako nazioarteko operadore nagusietako batek antolatutako Enlit Europe bertan antolatu izana benetako mugarria izan zen. Ekonomiaren digitalizazioa, deskarbonizazioa eta elektrifikazio jasangarria izan ziren ekitaldiaren ardatz nagusiak, eta 140 herrialdetako 15.000 parte-hartzaile eta 700 enpresa erakusketari baino gehiago bildu ziren bertan. Ekitaldia BECen antolatu izanak berretsi egin zuen esparruak nazioartekotasun eta konplexutasun operatibo handieneko topaketak hartzeko zuen gaitasuna, bai eta herrialdearen eta haren enpresen estrategiarekin bat datozen deialdiak erakartzeko lankidetza publiko-pribatuaren sendotasuna ere.

Gainera, nazioarteko proiekzioa izandako ekitaldi profesionalen artean, World Maritime Week nabarmendu zen. Topaketa horrek honako sektore hauetako Estatuko eta nazioarteko adituak bildu zituen: ontzigintza (Sinaval), arrantza (EuroFishing), portuak (FuturePort) eta itsasoko energia berriztagarriak (Marine Energy Week). Hitzordu horrekin batera, bereziki nabarmendu beharrekoak dira honako hauek: Empack, Food4Future, Expocadena eta Steel Tech.

Era berean, BECek publiko orokorrarentzako agenda betea izan zuen honako proposamen hauei esker, besteak beste: Tendencias Creativas, Feria Outlet, Japan Weekend, Expovacaciones, Bigarren Eskuko Ibilgailuen Azoka, Caravaning Euskadi, Euskal Encounter, Retroclásica eta Desembalaje. Horrez gain, ezin dugu ahaztu beste urte batez BEC ilusioz eta alaitasunez bete zuen Umeen Gabonetako Parkea. Hain zuzen ere, Parkeak haur, gazte eta familientzako aisialdiko eskaintza oparoa eskaini zuen, balioetan oinarritutako dibertsioarekin konprometituta.

Batzar eta Ekitaldiei dagokienez, urtetik urtera handituz doa formatu-aniztasuna, eta kongresu eta biltzarretatik hasi eta bilera korporatibo, filmaketa-lan eta hautaketa-prozesuak arte jasotzen ditu agendak. 2025eko ekitaldia bereziki positiboa izan zen, eta zientzia, hezkuntza, trantsizio energetikoa, ekintzailetza edo talentuaren kudeaketa bezalako esparruetan beren deialdiak egiteko BEC aukeratu zuten bezeroei eman beharreko erantzunean berehalakotasuna, malgutasuna eta berrikuntza izan ziren gakoak. Bertan antolatutako topaketen artean, honako hauek nabarmentzen dira: EU PVSEC 2025 – European PV Solar Energy Conference and Exhibition, Kimikako Espainiako Errege Elkartearen Bi Urtean Behingo Bilera, International Conference on Low Temperature Physics, Congreso APD de RRHH kongresua, Level Up, Hyrox, Set Congress, azterketak eta oposizioak, startupen mundu mailako ekitaldi ospetsua Slush, eta enpresen hainbat bilera.

Bizkaia Arenak, bere aldetik, errekorreko urtea izan zuen, 42 ekitaldi eta bederatzi sold outekin. Datu horiek guztiek esparruak herrialdeko kultur eta musika arloko eszenatoki handienen artean betetzen duen zeregina berresten dute. Zuzeneko musikak, beste behin, distira berezia izan zuen Bad Religion, Volbeat, Marc Anthony, Jennifer López edo Myke Towers nazioarteko artisten eta honako hauen eskutik iritsi ziren Estatuko bira estimatuei esker: Leiva, Loquillo, Joaquín Sabina eta Quevedo. Programazioa osatzeko, formatu handiko jaialdi eta ekitaldiak egin ziren, hala nola Blackworks Festival, Trend Festival XXL, Un1ted, Love the 90’s edo Remember Paradise-ren 8. urteurrena. Horrez gain, umorezko, aisialdiko eta kirol arloko proposamenak ere egin ziren, hala nola Euskaltelen Algara Gauak, Euskalgym eta Monsters World Tour. Programazioaren beste zutabeetako bat euskarazko musikaren aldeko apustua izan zen. Gainera, une bereziki nabarmenak izan ziren hala nola, Izaroren Cerodenero biraren amaiera, Zeid Fest jaialdia, Ura Bere Bidean, Gatiburen agur-kontzertuak, edota ETSren 20. urteurrenaren ospakizunak, zalantzarik gabe, hitzordu jendetsu eta estimatua.

Jarduera horiek guztiek isla izan zuen webgune eta sare sozialetan (BECek 226.700 jarraitzaile ditu). Gainera, webgune ugariek maximo historikoa lortu zuten, orriek 4,3 milioi bisita jaso baitzituzten.

Erabiltzailearen esperientzia, erdigunean

Erabiltzaile-esperientzia bikaina bermatzea oraindik ere funtsezko zutabea da BECentzat, eta eraldaketa digitalarekin aurrera jarraitzen du eta jasangarritasunarekiko konpromiso irmoa du oraindik ere, bere Plan Estrategikoan jasota dagoen bezala. Ildo horretan, BECek urrats erabakigarria egin du bere bultzada digitalean, erabiltzaileekin, enpresa erakusketariekin eta antolatzaileekin duen harremanean eraginkortasun operatiboa hobetzera bideratutako proiektuen bidez. Horien artean nabarmentzekoa da segmentazioa hobetzeko, esperientzia pertsonalizatzeko eta automatizazioaren eta adimen artifizialaren bidez barne-prozesuak optimizatzeko CRM bat abiarazi izana.

Jasangarritasunari dagokionez, BECek lorpen garrantzitsu batekin hasi zuen 2025a: Biosphere nazioarteko zigilua lortu zuen. Aitortza horrek ingurumen, gizarte eta ekonomia arloetako jardunbide egokiak bermatzen ditu, eta, urtero berrituta, esparru eta ekitaldien antolatzaile gisa ESG irizpideak etengabe hobetzen dituela frogatzen du. Horrekin lotuta, eguzki-instalazio fotovoltaikoa handitu izana funtsezkoa da ingurumen-aztarna murrizteko. 2025ean, BECek lehiaketara atera zuen 2. pabilioiaren estalkia handitzeko beste lan batzuk egiteko obra (1,45 MW gehiagorekin), eta zabalkuntza-lan horiek aurreko urteetan egindako beste handitze-lan batzuei gehitu zaizkie (azkena 2024an egin zen). Gaur egun, BECen autokontsumoa % 15,5ekoa da, eta kontsumitutako energia elektrikoaren % 56 jatorri berriztagarrikoa da.

Helburu handiak 2026an

Helburu handiko programazioarekin egin dio aurre BECek 2026ari. BIEMH azokaren 33. edizioak fabrikazio aurreratuaren nazioarteko azoka-egutegia zabalduko du martxoaren 2tik 6ra, Bilbao Exhibition Centreko sei pabiloietan. Lidergoa bermatzen duen ibilbide sendoarekin, BIEMHek sektoreko mundu mailako eragile garrantzitsuenentzako ezinbesteko hitzordua eskainiko du beste behin. Eragile horiek negozio-aukeren, egungo erronketara egokitutako soluzioen eta aliantza estrategiko berrien bila joango dira.

Gainera, nazioarteko industria-sektorea jasangarritasunera eta klima-neutraltasunera bidean egiten ari den trantsizioan mugarria ezartzeko prestatzen ari da. Hala, DS – Decarbonized & Sustainable Industry azokaren lehen edizioa antolatzen ari da. Mundu mailako goi-bilera hori bi urtean behin egingo da eta epe luzera begirako ikuspegia, egokitzeko gaitasuna eta jasangarritasunarekiko konpromiso irmoa eskatzen dituen aldaketa horretan industriari laguntzeko diseinatuta dago. Testuinguru global gero eta zorrotzagoan lehiakortasuna irabazteko aukera paregabea izango da.

Horrez gain, 2026an, BECek beste hainbat ekitaldi hartuko ditu, hala nola Food4Future, BioSpain, Espainiako Hematologia eta Hemoterapia Elkartearen Kongresu Nazionala, Tendencias Creativas, Gustoko, Expovacaciones, Hyrox, Spannabis eta Euskal Encounter. Bizkaia Arenak 19 data ditu jada baieztatuta, eta Fito y Fitipaldis, La Oreja de Van Gogh, El último de la Fila, Alejandro Sanz eta Aitanaren kontzertuak jasoko ditu.