Teknika berri batek ozeanoen oinarri diren mikroorganismoen ezkutuko mundua ekarri du argitara

0
Sergio Seoane, Jone Bilbao eta Estibaliz Txurruka, EHUren Kultibatutako Mikroalgen Euskal Bildumarekin batera. | Argazkia: EHU.

Cell aldizkarian argitaratu da Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) ikertzaileen Charting the landscape of cytoskeletal diversity in microbial eukaryotes lana, eta itsasoko 200 mikroorganismoren baino gehiagoren barne aniztasuna jarri du agerian, zelulak kaltetu gabe “hedatzeko” aukera ematen duen teknika bati esker.

Nazioarteko zientzialari talde batek —tartean izanik EHUko Jone Bilbao, Estibalitz Txurruka eta Sergio Seoane— itsasoko 200 mikroeukariotoren baino gehiagoren barne arkitektura inoizko xehetasun maila handienarekin behatzea lortu du. Ikerketa Cell aldizkarian argitaratu berri da, eta EHUren Basque Microalgae Culture Collection (BMCC) bildumako laginak baliatu ditu; argi dago, horrenbestez, bilduman dauden baliabideak nazioartean punta-puntakoak diren ikerketak egiteko baliagarriak direla.

“Mikroeukariotoak organismo zelulabakar ñimiñoak dira; planktonaren parte dira eta funtsezko eginkizunak betetzen dituzte ozeanoetan: oxigenoa sortzen dute, elikakateen oinarri dira eta oinarrizko prozesu ekologikoak erregulatzen dituzte. Garrantzitsuak diren arren, txikiak eta ahulak izaki, zientziaren irismenetik kanpo egotea eragin du, hein handi batean, horrek”, adierazi du Sergio Seoane EHUko Landareen Biologia eta Ekologia saileko irakasle eta ikertzaileak.

Teknika berritzaile bat baliatu da, Ultraegituraren Hedapen Mikroskopia (U-ExM) aplikatu baita; horri esker, zelulak fisikoki “hedatu” daitezke, hau da, tamainaz handitu egiten dira egitura suntsitu gabe eta, markatzaile espezifikoekin konbinatuta, proteinak eta barne elementuak agerian geratzen dira. “Horrela, bada, zelulen arkitektura hiru dimentsiotan beha dezakegu, orain arte mikroskopio elektronikoarekin soilik lor zitekeen xehetasun mailarekin, baina askoz ere modu zabalagoan eta sistematikoagoan”, zehaztu du Seoanek.

Teknika horri esker, ikertzaileek mikroeukariotoen 200 espezie baino gehiago aztertu ahal izan dituzte, hala nola alga berdeak, dinoflagelatuak, haptofitoak, ziliatuak, euglenidoak edo kriptofitoak. “Zitoeskeletoaren barne egitura berriak identifikatzea lortu dugu —mikrotubuluak, harizpiak eta zentrioloak—, baita egitura horiek nola funtzionatzen duten zehatz-mehatz ulertzea ere, organismo horien zelula aniztasunaren inoiz ez bezalako mapa osatuta”, adierazi du Jone Bilbao EHUko Landareen Biologia eta Ekologia saileko doktoratu ondoko ikertzaileak.

BMCCa, EHUren baliabide estrategikoa

Lan honetan aztertutako espezie gehienak Euskal Herriko Unibertsitateko Basque Microalgae Culture Collection (BMCC) bildumakoak dira. “Banco Español de Algas espainiarrarekin batera, EHUren bilduma hori da Europako (ECCO) eta munduko (WFCC) algen bilduma ofizial gisa erregistratutako bakarra Estatu osoan. BMCCak bioteknologian, zelulen biologian eta itsas ekologian punta-puntako ikerketak egiteko material biologikoz hornitzen ditu zentro teknologikoak, enpresak eta unibertsitateko ikertaldeak. Azterlan honetan erabili izanak argi adierazten du bildumak nazioartean dituen garrantzia eta ikusgaitasuna, baita horrelako azpiegiturak babestu eta baliabideez hornitu beharra dagoela ere, biodibertsitatea arakatzeko funtsezkoak direlako eta potentzial bioteknologiko handia dutelako”, azaldu du Seoanek.

Eskala aldaketa itsas biologiarako

Aurkikuntza ez da laborategira mugatzen. U-ExM teknologia ozeanoan zuzenean jasotako ingurumen laginetan ere aplika daiteke eta, hartara, izaki horiek beren ekosistema naturaletan nola bizi diren azter dezakegu, ikuspegi errealistagoa izanik. “Itsas biologian eskala aldaketa dakar horrek: kultibatutako organismoak aztertzetik bizitza mikroskopikoa testuinguru errealean behatzera igarotzeko aukera ematen du, inplikazio zuzenak izanik ekosistemen funtzionamendua eta erresilientzia ulertzeko klima aldaketaren eta biodibertsitatearen galeraren aurrean”, adierazi du Estibalitz Txurruka EHUko Landareen Biologia eta Ekologia saileko doktoratu ondoko ikertzaileak.

Mikroorganismo horien zeluletako arkitektura ulertzea “funtsezkoa” da oinarrizko biologiarako ez ezik, ingurumena babesteko ere. “Barne egitura bakoitzak adierazten digu organismoak nola egokitzen diren, nola mugitzen diren eta nola bizirauten duten, eta behar bezala funtzionatzen dutenean planetan bizia izateko funtsezkoak diren sare ekologikoen euskarri direla”, azaldu du Seoanek.