“Euskadiko Baxurako Arrantza” gunea inauguratu dute Donostiako Euskal Itsas Museoan

0
  • Arrantza artisaua eta euskal itsas kultura balioan jartzen dituen erakusketa-gune berria da
  • Eusko Jaurlaritzak arrantza-sektorearen jasangarritasunarekin, modernizazioarekin eta belaunaldi-erreleboarekin duen konpromisoa berretsi du

Euskal Itsas Museoak “Euskadiko Baxurako Arrantza” gunearen inaugurazioa hartu du, Euskadiko baxurako arrantzari eskainitako espazio berria. Ekimenaren helburua sektore estrategiko bati ikusgarritasuna ematea da; izan ere, jarduera horrek balio ekonomikoa emateaz gain, funtsezko elementua da euskal kostaldeko herrien nortasun kultural eta sozialean. Erakusketak baxurako arrantzaren historia zein egungo egoera erakusten ditu, belaunaldiz belaunaldi transmititutako jakintza eta sektorea bereizten duten praktika jasangarriak nabarmenduz.

Ekitaldian, besteak beste, Xabier Alberdi, museoko zuzendari zientifikoa; Moisés Egaña, Gipuzkoako Arrantzaleen Federazioko presidenteordea; eta Leandro Azkue, Eusko Jaurlaritzako Arrantza, Portu eta Litoraleko sailburuordea, izan dira. Azkuek azpimarratu duenez, “baxurako arrantza ez da jarduera ekonomiko hutsa: bizimodu bat da, gure historia, gure kultura eta ingurumenarekiko dugun konpromisoa islatzen dituena. Eusko Jaurlaritzatik lanean jarraituko dugu sektorea babestu eta modernizatzeko, belaunaldi-erreleboa bermatzeko eta jasangarritasuna bere dimentsio guztietan sustatzeko”.

Gaur egun, euskal baxurako arrantza-flota 114 ontzik osatzen dute, arrastea, palangrea, bolanta eta bestelako arte txikiak bezalako modalitateetan jarduten dutenak, eta horietan 830 pertsona inguru aritzen dira lanean. Eredu honek erakusten du posible dela jarduera ekonomikoa, enplegua eta itsas ekosistemen kontserbazioa uztartzea; oreka hori funtsezkotzat jotzen du Eusko Jaurlaritzak arrantza-sektorearen garapenerako.

Erakusketa-gune berriari esker, bisitariek eta herritarrek gertutik ezagutu ahal izango dute arrantzaleen eguneroko lana eta euskal arrantza artisauaren aberastasuna, tradizioaren, berrikuntzaren eta itsas ingurunearekiko errespetuaren balioa indartuz.