Indarkeria sexisten aurkako informazio eta arreta gunea San Sebastian bezperan

0

Urtarrilaren 19tik 20rako gauean Bulebarreko prentsa kiosko zaharrean kokatuko da

San Sebastian eguna dela-eta, urtarrilaren 19tik 20rako gau partean indarkeria sexisten aurkako informazio eta arreta zerbitzua eskainiko du Donostiako Udalak. Informazio eta arreta puntua Bulebarreko prentsa kiosko zaharrean egongo da, eta honakoa izango da ordutegia: arratsaldeko 20:00etatik gauerdira, 00:00etara.

Informazio-gunearen helburua da jaietan gertatzen diren eraso sexisten inguruko informazioa eta prebentzioa egitea, bai eta erasoren bat jasan duten emakumeei eta neskatoei arreta ematea ere.

Neurri horiek sexu-hezkuntzan eta berdintasunean adituak diren emakume gazteek gauzatuko dituzte.

Era berean, hirian ateratzen diren danborradei ere helarazi zaie materiala eta informazioa, parte aktiboa izan daitezen erasorik gabeko jai aske eta seguruak sustatzerako orduan.

Auzo guztietara heltzea xede

Jai gehiagotara iristeko asmoz, 2026an martxan jarriko dira honen tankerako informazio puntu berriak Donostiako zenbait auzotako jaietan.