Legealdiaren erdia igarota, Hondarribiko Udal Gobernuak balantze positiboa egin du bi urte eta erdi honetan egindako lanaz. Â 2023-2027 agintaldi planean jasotako konpromisoak oinarri hartuta, aurreikusitako ekintzen %82 gauzatuta edo martxan daude, kudeaketa eraginkorraren eta plangintza sendoaren erakusgarri. Hasierako planean jasotako 142 neurriei beste 15 proiektu berri gehitu zaizkie denbora honetan sortutako behar berriei erantzuteko. Guztira, 157 neurrietatik 119 dagoeneko gauzatuta edo betetze-prozesuan daude.
“Gobernu-plan honek ordenarekin eta zorroztasunarekin lan egiteko aukera eman digu, lehentasunak ezarri eta kudeaketa eraginkor, zehatz eta pragmatikoa egiteko”, azpimarratu du Igor Enparan alkateak. Ildo horretan, adierazi du agintaldi-plana “eguneroko lanaren gida” izaten ari dela, eta jasotako konpromisoak benetako ekintza bihurtzen ari direla. “Planak aukera eman digu jakiteko zein arlotan ari garen lanean, zein auzoetan, zein zein herritar talderekin.… kudeaketa ona egiteko ezinbestekoa den lan-esparrua eskaintzen ari zaigu. Egindako plangintza ez da paper hutsean geratu; esandakoa egiten ari gara”, nabarmendu du alkateak.
Kudeaketa eraginkorra eta gobernantza parte-hartzailea
Udal Gobernuak administrazioa indartu du zerbitzu publikoen kalitatea hobetzeko eta herritarrei arreta hurbilagoa eta eraginkorragoa eskaintzeko. “2025ean 21 lanpostu betetzeko oposizio lehiaketa martxan jarri genituen, eta 2026rako beste hainbat deialdi aurreikusten ditugu”, azaldu du alkateak.
Zerga eta tasen arloan, sistema bidezkoago eta progresiboago baterantz urratsak eman dira, eta elkarteentzako dirulaguntzen sistema berria ezarriko da. “2026tik aurrera, laguntzen igoera alderantziz proportzionala izango da”, zehaztu du alkateak.
Komunitatea indartzeko apustua ere nabarmena izan da. Bakardadeari aurre egiteko AUZOLAGUN ekimena jarri da martxan, eta desfibriladoreak jarri dira herriko hainbat gunetan, bihotz-arazoak izan ditzaketen pertsonei arreta azkarra emateko. Halaber, araudi berriak herritarren parte-hartzea ardatz hartuta lantzen ari dira, espazio publikoaren erabilera orekatua bermatzeko, sektore pribatuarekin, auzo-elkarteekin, alderdi politikoekin eta bizilagunekin etengabeko elkarrizketan. Horren adibide dira aurrekontu parte-hartzaileak, Auzo Bihotzak ekimena edota Hiriko Urrezko Intsignia.
Agintaldi mailaren betetze maila, sailez sail
Etxebizitza
Etxebizitza arloan, Hondarribia etxebizitza-gune tentsionatu izendatzeko prozedura martxan da, eta gazte zein adinekoentzako proiektuak aurrera doaz; alokairu sozialerako bi etxebizitza bloke jasoko dira eta Muliaten kooperatibak egiteko proiektua eta ordenantza ere aurrera doaz. Halaber, etxebizitza hutsen errolda osatu da, eta dagokion txostena jaso du Udalak.
Mugikortasuna
Hiri barruko autobus zerbitzua errealitate bihurtzear da; kontratua sinatuta eta MUGI sistemaren barruan sartuta, 2026ko lehen hiruhilekoan gure kaleetan ikustea aurreikusten dugu. Aparkalekuen ordenantza berritzeko prozesua ere abian da, egoiliarrei lehentasuna eman eta hondarribiarrak erdigunean jartzeko asmoz. Zirriborroa aurretiazko kontsulta publikoan egon da eta dokumentu berria idatziko da orain, hasierako onarpena eman aurretik. Zezen-Plazan lur azpiko aparkalekuaren bideragarritasuna aztertzeko lehen azterketak ere egin dira eta proiektua bideragarria dela ondorioztatu dugu.
Hirigintza eta jarduera ekonomikoa
Hiri Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO) behin behinean onartuta dago. “Gainerako administrazioen oniritzia jaso eta behin betiko onartzea aurreikusten dugu, 2026 honetan bertan etxebizitzak eraikitzen hasteko bidea irekiz”, azaldu du Enparanek.
Bestalde, lehendabiziko terrazen ordenantza azken fasean da, eta urtarrileko Udalbatzan onartzea aurreikusten da eta tokiko merkataritza indartzeko diagnostikoa eta ekintza-plana egin dira. Â Martxoan bigarren kontsumo bonoak jaulkiko dira.
Auzoak biziberritzeko helburuarekin, Mendelun Open-Gela bulegoa zabaldu da, Stanley eraikinean, auzoa birgaitzeko estrategiak definitzeko. Horrez gain, Arrantzale auzoko obrak amaitzear daude, Pasaia kalea berrurbanizatzeko lanak lizitazioan daude, eta San Marko parkea atontzeko lanak ere bukatzear dira. Hilerria biziberritzeko proiektua eginda dago, eta 2026an gauzatuko da.
Gizarte zerbitzuak
Auzosare programa abian jarri dugu, Ikuspegi komunitario batean bere inguruan egon daitezkeen adineko pertsonak eta pertsona zaurgarriak laguntzeko helburuarekin. Bidez-Bide zerbitzua indartu da, ordutegia zabalduz, herrigunetik urrunen bizi direnek ere garraio publikoa izan dezaten.
Dolu-laguntza zerbitzua ere ezarri da 2025ean eta harrera oso ona izan du programa-pilotuak. Â Zerbitzuak izandako arrakasta ikusita, aurten ere sendotu eta jarraipena emango zaio.
Berdintasuna
Berdintasun saila sortzea izan zen legealdiko helburu nagusietako bat. Behin saila sortuta, lanketak aurrera doaz, eta, besteak beste, II. Berdintasun Plana azken fasean dago.
Kultura eta Euskara
Kultur agenda auzoetara zabaldu da, eta Muliaten zein Puntalean ekitaldiak antolatzen hasi gara. “Hondarribia Sormen Hiria” bekaren lehen deialdia egin da 2025ean, eta Papillon zine-klubak Polborinean emanaldiak hasi ditu.
Euskara estrategikoa da legealdi honetan. Euskara sustatzeko erabilera-plana egina dago, eta udal barneko lanketa martxan dago. Horrez gain, Euskal liburu eta disko azoka indartu da eredu berriarekin. Euskaltegiko eraikina irisgarria eta jasangarria izan dadin lanak egin dira.
Ingurumena eta energia
Jaizkibel mendia babesteko udal ordenantza egin da, eragileekin batera, eta etxeko animalien ordenantza egiteko lehen urratsak eman dira.
Energia-burujabetzaren bidean energia-komunitateak martxan jartzeko prozesu parte-hartzailea abiatu da erakunde arteko lankidetzarekin. Jostaldi pilotalekuko karga-puntu elektrikoak martxan daude, eta kiroldegietako eguzki-panel fotovoltaikoek argindar kontsumoaren %10 estaltzen dute.
Horrez gain, hiriguneko zuhaitzen identifikazio- eta ibilbide-lanketa egin da, eta urte hasieran zabalduko da.
Kirola eta gazteria
“Hondarribia Baltsan” kirol inklusiboaren jardunaldiak egin dira azken bi urteetan. Jostaldi frontoia eta Amute auzoko kirolgunea berritu da), eta emakume palistek badute formakuntzarako irakaslea. Gazteria arloan, 15 urteren ostean prebentzio komunitarioko zerbitzua esleitu da, gazteen ongizatea eta babes komunitarioa indartzeko.
Alkatearen hitzetan, egindako lanak agintaldiaren norabide zuzena berresten du, baina nabarmendu du “oraindik badela egiteko bidea”. Abian diren proiektuen artean, epe laburrean kiroldegiko sauna eta spa eremua berritzea aurreikusten da, San Nikolas Atean eta Baluartean esku-hartzeak egingo dira, eta Mendelun uholde-arriskuari aurre egiteko lanak abiatuko dira, besteak beste. 2027ko maiatzera arte lan handia dago aurretik, eta etorkizunera begira hainbat erronka azpimarratu ditu Enparanek: “Gazteen eta ez hain gazteen etxebizitza-arazoa, Alardearen auzia konponbidean jartzea, Hondarribian euskaraz normaltasunez bizitzeko baldintzak sendotzea edota gure nagusiek merezi duten zaintza duina bermatzea”.
Hala ere, Udal Gobernuak baikortasunez begiratzen dio etorkizunari. “Badakigu zer nahi dugun, hondarribiarren beharren jakitun gara, eta badakigu nola egin”, adierazi du alkateak.
Helburua argia da; Hondarribia euskalduna, solidarioa, kultura-agenda askotarikoa duen herria izatea: “Denok lekua izango dugun Hondarribia nahi dugu, elkartasunean eta eskuzabaltasunean oinarritutako ongizate-ereduarekin”.






