- Transferitutako bost eskumenetatik lau hartuko ditu Torres Lehendakariordeak haren gain, “oso positibotzat” jo du Batzorde Mistoa egitea, eta nabarmendu du Euskadi izango dela langabezia prestazioak eta subsidioak kudeatuko dituen lehen autonomia erkidegoa
- “Akordio horrek islatzen du transferitzeko dauden eskumenak osatzen jarraitzeko borondate politikoa, leialtasunez, elkarrizketarekin eta euskal herritarrentzat autogobernu gehiago ongizate handiagoa izan behar dela sinetsita”, adierazi du sailburuak
Ostiral goiz honetan, Madrilen egindako Transferentzien Batzorde Mistoan, bost transferentzia berri sinatu dituzte Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak. Bost eskumenetatik lau Mikel Torres Lehendakariordeak zuzentzen duen Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak hartuko ditu haren gain. Zehazki, kotizazio gabeko familia prestazioak, langabeziakoak, eskola asegurua eta Barakaldon dagoen Makineria Egiaztatzeko Zentroa dira.
Akordio horrek Mikel Torresen sailaren zeregina indartuko du funtsezko esparruetan; hala nola, gizarte babesean eta lan arriskuen prebentzioan. Hilabete luzeetako lan gogorraren ondoren, sailburuak berak “oso positibotzat” jo du eskumen horiek eskualdatzea, horrek “kudeaketa hurbilagoa eta eraginkorragoa” ahalbidetuko duelako, eta, aldi berean, “aurrerapauso garrantzitsua delako gure autogobernuaren garapenean eta Gernikako Estatutua betetzean”.
Era berean, gogorarazi du, transferentzia horiekin, Euskadi langabeziako prestazioak eta subsidioak modu integralean kudeatzen dituen lehen autonomia erkidegoa izango dela, “horrela enplegu politika aktibo eta pasiboen euskal sistema estrategia beraren baitan osatuz”. Praktikan, horrek esan nahi du egungo SEPE (Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoa) erabat integratuko dela Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoan.
Integrazio horrekin “askoz modu eraginkorragoan esku hartuko dugu lan merkatuan, herritarrentzako berme eta eskubide gehiagorekin, estrategiak, tresnak eta baliabideak bateratzen dituen eredu bat sendotuz”, gaineratu du. Gogoratu behar da 2024an 50.000 lagun baino gehiago izan zirela onuradun Euskadin langabeziagatiko prestazioengatik, 822 milioi euroko gastu asoziatuarekin. Lanbidek zuzenean kudeatuko ditu zifra horiek.
Halaber, kontribuziokoak ez diren familia prestazioak eta jaiotzagatiko sorospen berezia jasotzen ditu akordioak, esaterako, harreran hartu eta adingabea den seme-alabarengatiko laguntzak, jaiotza edo adopzioa, eta erditze edo adopzio anizkoitzagatiko laguntzak. Horrela amaitzen da prestazio ez-kontributiboen transferentzia, 2022an BEZa transferitu ondoren, eta 80ko hamarkadan foru aldundiei transferitu zitzaizkien erretiro pentsioak eta kotizazio gabeko ezintasunagatiko pentsioak.
Eusko Jaurlaritza eskola aseguruaren kudeaketa integralaz ere arduratuko da. Kasu horretan, Euskadik bazuen eskola asegurutik eratorritako osasun laguntzaren eskumena, baina orain Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak lehen aldiz sartu ditu orain arte Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalari (GSIN) eta Diruzaintza Nagusiari (GSDO) zegozkien funtzioak, diru bilketa, kudeaketa, ikuskaritza eta ordainketa gehituta.
Azkenik, Osalan – Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak haren instalazioak eta gaitasunak handituko ditu, Makinak Egiaztatzeko Zentro Nazionala integratuta. Horri esker, Barakaldoko (Bizkaia) instalazioetan laneko makina eta ekipoen prebentzio eta segurtasun lana indartu ahal izango da.
Fase berria
Gaur lortutako akordioaren ondoren, Mikel Torres Lehendakariordeak ziurtatu du orain lan teknikoko fase berri bat ireki dela euskal administrazioa eskumen berrietara egokitzeko eta, horrela, Euskadik zerbitzu horiek bere gain hartuko dituela bermatzeko, gutxienez kalitatearen egungo estandarrak mantenduz, horiek hobetzeko lan egiteko asmoarekin. Zehazki, funtsezko gaiak jorratuko dira, besteak veste, transferitzen diren langileen kudeaketa, lanpostuen zerrendaren aldaketa, plazen hornikuntza, sistema informatikoen prestaketa edo instalazioen egokitzapena.
Sailburuak berak azpimarratu duenez, “akordio horrek islatzen du transferitzeko dauden eskumen guztiak gauzatzeko borondate politikoa, elkarrizketa eta leialtasun instituzionaletik abiatuta”, eta berretsi du “autogobernu gehiagok ongizate handiagoa ekarri behar duela euskal herritarrentzat”, horregatik da garrantzitsua lan horiek zorroztasunez eta segurtasun juridikoarekin egitea.






