- 2025eko ekitaldia % 2,3ko hazkundearekin itxi da, espero baino hamarren bat gehiagorekin, barne eskariak, inbertsioak eta maximo historikoetan dagoen lan merkatuak bultzatuta, ziurgabetasunak eta suspertze seinaleak dituen industriak markatutako mundu mailako agertoki batean
- Langabezia-tasak % 6,4raino jaisten jarraituko du aurten, eta % 6tik beherako mailetara 2027an; enplegua, berriz, % 1,1 inguru haziko da aurten, eta horrek hazkundearen zutabeetako bat bihurtuko du lan-merkatua
EAEko ekonomiak %2,3ko hazkundearekin itxi zuen 2025a, hasierako aurreikuspenak gaindituz eta bilakaera “sendoa, egonkorra eta iraunkorra, barne oinarri orekatuetan oinarritua” berretsiz, azpimarratu du gaur Mikel Torres lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak, 2025eko balorazio ekonomikoaren eta 2026 eta 2027rako aurreikuspenen aurkezpenean.
Lehendakariordeak agerraldia egin du gaur Bilbon, Iñaki Ruiz Eusko Jaurlaritzako Ekonomia sailburuordearekin eta Marga Andrés Ekonomia zuzendariarekin batera, eta nabarmendu du “aurreikuspenak positiboak” direla, bai eta aurreikusten dela Barne Produktu Gordina % 1,9 haziko dela 2026an, eta % 1,6 2027an, ekonomia aurreratuen hazkundea gero eta motelagoa izatearekin bat etorriz.
Aurkezpenean, Torresek adierazi du, ziurgabetasun geopolitikoak eta komertzialak markatutako nazioarteko ingurune batean, “munduko ekonomiak aurrera egiten jarraitzen duela enpleguaren portaera onean oinarrituta, inbertsio horrek sendo jarraitzen duela eta diru- eta zerga-politikak pixkanaka erlaxatzen ari direla”, baina ohartarazi du hazkunde hori ez dela “uniformea” eta ekonomia handiei ez diela berdin eragiten.
Testuinguru honetan, Euskadik aurreikusitakoa baino portaera hobea izan du. EAEko BPGa %0,5 hazi zen laugarren hiruhilekoan eta %2,4 urte artean, batez ere barne eskariak bultzatuta. “Kontsumoa eta, bereziki, inbertsioa izan dira hazkundearen eragile nagusiak urte osoan zehar”, azaldu du lehendakariordeak. Azken kontsumoak %2,5 egin zuen gora, eta inbertsioak %3,8; gainera, ekonomiaren etorkizuneko hazkunde-gaitasuna indartu egin zen. Izan ere, Euskadik % 2,3ko hazkundearekin itxi zuen 2025a, hasierako aurreikuspena baino hamarren bat gehiagorekin, eta bilakaera “sendoa, egonkorra eta iraunkorra” baieztatu zuen, familien kontsumoak, inbertsioak eta lan-merkatuak bultzatuta, maximo historikoetan.
Torresek aitortu du, hala ere, kanpoko sektoreak jarduera oztopatzen jarraitu duela, merkataritza bazkide nagusien ahultasunagatik eta nazioarteko tentsioen gorakadagatik. “Industria da gaur egun gure kezka gune nagusia”, esan du, 2025ean apenas %0,3 hazi zela gogoratu ostean. Hala ere, “nahiko baikor” agertu da “2026ra begira”, urte honetan “industria sektorea pixkanaka suspertzea” espero baita, eta horren “seinaleak ikusten hasiak dira”.
Lan merkatuan errekorra eta langabezia minimo historikoetan
Lehendakariordeak euskal lan-merkatuaren sendotasuna nabarmendu du, 2025ean 1.036.804 pertsona afiliatu baitzituen Gizarte Segurantzan, inoizko kopururik altuena. “Inoiz ez da egon Euskadin orain bezainbeste jende lanean”, adierazi du. Enpleguak %1,2 egin zuen gora, gizon eta emakumeen arteko banaketa orekatuarekin eta mugarri historikoarekin: lehen aldiz, 500.000 emakume afiliatu baino gehiago daude.
Langabezia maila historikoki baxuetan mantentzen da: abenduan 107.434 langabe zeuden, eta euroguneko batez bestekotik gertu dagoen tasa du. Torresek atzerritar jatorriko biztanleek lan-merkatuari egiten dioten ekarpena nabarmendu du: “2025ean Gizarte Segurantzan kotizatzen duten langile berrien ia % 55 atzerritarrak dira, eta horrek erakusten du ekarpen erabakigarria egiten diola Euskadiko enpleguaren hazkundeari”. Zentzu horretan, lan baimenen kudeaketan bere sailak hartutako eskumen berriaren garrantzia azpimarratu du.
Enpleguak hazten jarraituko du, erritmo motelagoan bada ere. Horri esker, langabezia-tasa % 6,4ra jaitsiko da 2026an, eta % 6ra hurbilduko da 2027an. Lehendakariordearen arabera, bilakaera horrek “Euskadiko lan-merkatuaren egiturazko hobekuntza islatzen du, bai eta biztanleria aktiboaren etengabeko hazkundea ere”. Sailburuak azaldu duenez, “zenbait belaunaldik erretiroa hartzeko aukera izatea konpentsatu egingo da Euskaditik kanpoko langileak lanean hasiko direlako, eta horrek lan-oinarri egonkor bati eustea ahalbidetuko du”.
BPGtik harago
Azkenik, Mikel Torresek gizarte adierazleetan jarri nahi izan du azpimarra, gogoratuz “dena ez direla zifra ekonomikoak” eta justizia soziala “Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailaren politika guztien bizkarrezurra” dela. Izan ere, azken datuek baieztatzen dute Euskadik Estatuko pobrezia-arriskurik txikiena duela, biztanleen % 14,8 soilik baitaude kalteberatasun-egoeran”, hobetu egin da errentaren banaketa, eta bizi-kalitate, berrikuntza eta giza garapen handiena duten erkidegoen artean dago, bai Estatuan, bai Europan.
“Euskadi hazten ari da arlo ekonomikoan, eta, horrez gain, aurrera egiten ari da kohesio sozialean, ongizatean eta berritzeko gaitasunean, kontinenteko eskualde lehiakorrenetako eta orekatuenetako gisa duen posizioa sendotuz”, amaitu du Mikel Torresek.






