Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak mugikortasun jasangarriarekin duten konpromisoa berritu dute Zabalganako tranbiaren hitzarmena sinatuta

0
  • Aldaia adarra adjudikazio-prozesuan dago, eta beste bi zatiak udaberrian lizitatuko dira
  • 120,7 milioi euro inbertituko dira proiektu honetan

 

Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak astelehen honetan sinatu dute hiriko tranbia Zabalganara eta Betoñuko kotxetegi berrietara zabaltzeko lanak egiteko finantziazio-hitzarmena; 120,7 milioi euroko inbertsioa izango du.

Hitzarmena gaur goizean sinatu da Zabalganan, etorkizunean tranbiaren ibilbidea egongo den inguruetan. Imanol Pradales Lehendakaria buru zela, Susana García Chueca Mugikortasun Jasangarriaren sailburu eta Euskal Trenbide Sareko (ETS) presidenteak, Ramiro González Arabako ahaldun nagusiak eta Maider Etxebarria Gasteizko alkateak sinatu dute hitzarmena. Guztiek nabarmendu dute erakundeen arteko lankidetza, hiri osoa Zabalganaraino egituratzen duen ahalmen handiko garraio-sistema hedatzeko.

Tranbiaren lehen adarra egin zenean bezala, Eusko Jaurlaritzak ibilbidearen aurrekontuaren % 65 jarriko du, eta Aldundiak eta Udalak % 17,5 bakoitzak. Kotxetegi berrien kostua ETSk ordainduko du, eta Udalak lagatako lurretan egingo dira. Guztira, Eusko Jaurlaritzak 88,4 milioi euro inbertituko ditu, ibilbidearen zatian eta kotxetegietan, eta Aldundiak eta Udalak 16,14 milioi euro bakoitzak.

Imanol Pradales Lehendakariak nabarmendu duenez, jarduera horrekin, Eusko Jaurlaritzak erantzun beharizan bati erantzuten dio eta azpimarratu du «horrek ongizate handiagoa esan nahi du, gehien nabaritzen den lekuan: egunerokoan». Gainera, Pradalesek Eusko Jaurlaritzak Zabalganarekin etorkizunean egingo duen apustua nabarmendu du ere: alokairu babestuko 700 etxebizitza baino gehiago, eraikin publikoetan altxatzeko proiektu pilotua eta Bigarren Hezkuntzako Institutua handitzea aurreikusten ditu. “Gauzak nola egiten ditugun aztertu behar dugu. Hitzarmen hau euskal gizartearen beharrei erantzuten dien politika erabilgarri, eraginkor eta eraikitzailea da. Urrats erabakigarria eman dugu emandako hitza betetzeko, horixe baita gure Gobernu Programan jasotako konpromisoetako bat», adierazi du.

Susana García Chueca Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak nabarmendu duenez, «Zabalgana auzo gazte eta dinamikoa izanik, garraio publiko jasangarriaren aldetik behar bezalako lotura izatea merezi du, tranbia bide esaterako. Horregatik, aurten bertan hasiko ditugu obrak, bigarren seihilekoan, Aldaiako adarrean, eta lanean ari gara udaberri honetan Mariturriko adarraren eta bide komunaren lanak lizitatzeko, erdiguneko lotura egin arte”.

Maider Etxebarria Gasteizko alkateak adierazi duenez, hitzarmen hau sinatzea «albiste zoragarria da, Zabalganak, Gasteizko auzorik jendetsuenak, garraio publiko % 100 elektrikoa, irisgarria, erosoa eta gaitasun handikoa merezi duelako». Akordio berri hori, azpimarratu duenez, » herritarren eskariei erantzungo dien urrats garrantzitsua da, bizi-kalitatea hobetuko duena eta auzo berriak hobeto lotuko dituena mugikortasuna sustatzeko estrategia partekatu baten barruan».

Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak azaldu duenez, «Gasteizko tranbia, zalantzarik gabe, erakundeen arteko elkarlanaren adibide da, gizartearen mesedetan. Hiriko garraioaren bizkarrezur bihurtu da, eta arrakasta handia du, zalantzarik gabe, garraio hori erabiltzen duten pertsonen kopuruagatik eta ematen duten zerbitzuagatik. Sinadura honekin, mugikortasuna hobetzen jarraitzeko konpromisoa hartzen dugu, Zabalgana auzoan bizi diren edo bertara joaten diren dozenaka mila pertsonei eta erdigunetik Zabalgana arteko tartean bizi diren pertsonei mesede eginez».

Proiektuaren xehetasunak

30.000 biztanle baino gehiago ditu hiriko auzorik gazte eta populatuena den Zabalganak, eta erdigunetik iristeko bideak zati komun bat izango du, Lovainan, Zabalgana hiribideraino; han bi adarretan banatuko da; bata Aldaiara joango da eta bestea Mariturrira. Zati komun horretan, maiztasuna 7,5 minutukoa izango da; Aldaiako adarrean zein Mariturrikoan, berriz, tranbia 15 minutuan behin pasako da, bakoitzak zati komunetik datozen unitateak txandaka jasoko baititu.

Bide berriak 6,3 kilometroko luzera izango du guztira, horietatik 5,5 kilometro Lovaina eta Zabalgana artekoak izango dira, eta gainerakoak ETSk Betoñun eraikiko dituen eta egungoak osatuko dituzten kotxetegi berriekin loturan, Ibaiondon.

Aldaia adarraren lizitazioa joan den abenduan egin zenez, lanak 2026ko bigarren seihilekoan hasiko dira. Tarte hori Nazio Batuen Hiribidean barna joango da, kilometro bat inguru luze eta bi geltoki izango ditu: lehenengoa Zabalganako ikastetxe publikoaren ondoan eta bigarrena hiribide horren 47. zenbakiaren parean; azken geltokia izango denez, «toperak» izango ditu —segurtasunez balaztatzeko gailu finkoak—.Tranbiaren sarea gaur egun errepidearen bi noranzkoak banatzen dituen erdibitzaileak hartzen duen espazioan eraikiko da, eta bide bikoitza eta lorategiz hornitutako plataforma berdea izango ditu —sareko beste puntu batzuetan gertatzen den bezala, adibidez, Salburuko adarraren zati handi batean—.

Tarte horretan hiribidea berrantolatu egingo da, zirkulazioaren noranzko bakoitzean errei bakarra izan dezan ibilgailuek zirkulatzeko, biribilguneetan izan ezik, horiek errei gehigarriak izango baitituzte. Tranbia-sarea egiteaz gain, obrak hiri- eta paisaia-integrazioko jarduerak ere barne hartzen ditu, besteak beste, tranbia-plataformaren gainean landare-estaldura instalatzea, galtzadak, espaloiak eta aparkalekuak birbanatzea, drainatze jasangarria duen egitura-lurzorua instalatzea edo bizikleta-errei bereiziak jartzea. Horren guztiaren helburua da hiri-korridore berde bat egitea, bide-eremua birnaturalizatzea eta tranbiak zeharkatzen dituen eremuetako ingurumen-kalitatea hobetzea.

Ibilbidearen beste bi adarrak datozen hilabeteetan lizitatuko dira. Lehenengoa Mariturrikoa izango da, eta Zabalgana Etorbidearen eta Nazio Batuen arteko biribilgunean hasi eta Sofia Erregina Etorbidearen 1. zenbakian dagoen geltokiraino iritsiko da. Tarte horretan azpiestazio elektriko bat eta 4 geltoki egongo dira. Erdiko adarra, berriz, Lovaina plazatik igaroko da, tranbiaren sarera konektatzen den lekutik, Zabalgana auzoa lotu arte. Bost geltoki izango ditu, horietako bat Lovainakoa, eta azpiestazio elektriko bat.