Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Kontrol eta Gardentasun Batzordea lehen aldiz bildu da bere osaera berriarekin

0
  • Lehenengo bileran, halaber, Enrique Lucas Murillo de la Cueva Batzordeko presidente izendatu dute.

Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Kontrol eta Gardentasun Batzordea gaur goizean bildu da osaera berriarekin sei kideetatik bost berritu ondoren. Gobernu Kontseiluak abenduaren 10ean onartu zuen osaera berria, Euskadiko Segurtasun Publikoaren Kontseiluak proposatuta, lau bokalen agintaldia amaitu eta presidenteak uko egin ondoren. Erabakia urtarrilaren 16an, ostiralean, argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

Segurtasun publikoaren, zuzenbidearen, soziologiaren, medikuntzaren, psikologiaren eta etikaren arloetan esperientzia handia duten pertsonek osatzen dute Batzordea. Berrikuntza horrekin, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Kontrol eta Gardentasun Batzordea José Julio González Zamanillo bokalak (bere agintaldiak indarrean jarraitzen du) eta orain hasiko diren kide berriek osatuko dute:

  • José Antonio González Saiz.
  • Marta Aldanondo Garaizabal
  • Santiago Ron Cruzelegui
  • Enrique Lucas Murillo de la Cueva
  • Nieves Martínez de Antoñana Blanco

Lehenengo bilera horretan, Batzordearen Osoko Bilkurak Enrique Lucas Murillo de la Cueva hautatu du presidente.

Batzordeko kideak bost urterako izendatu dira eta ez dute inolako lansaririk jasoko beraien lanaren truke.

Kontrol eta Gardentasun Batzordea

Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Kontrol eta Gardentasun Batzordea, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailari atxikitako kide anitzeko organoa da, baina erabateko autonomia funtzionala duena. Batzorde honek Ertzaintzaren edo Euskadiko Udaltzaingoen barruan eskubideak urratu daitezkeela adierazten duen edozein jokabide edo praktika aztertuko du, ofizioz nahiz aldeetako batek eskatuta. Azken helburua da herritarren legitimitatea eta konfiantza indartzea polizia-jardueraren gaineko kontrolen neutraltasunean eta objektibotasunean.

Horretarako, txostenak egiten ditu, kasu bakoitzaren inguruabar zehatzak kontuan hartuta. Txosten horietan, indarrean dauden arau, estandar, prozedura eta jarduera-protokoloen arabera poliziaren jarduketa zuzena den ebaluatzen da, bai eta azpian dauden arazoen azterketa ere, eta, hala badagokio, neurri zuzentzaileen, prebentziokoen edo hobekuntzakoen proposamena jaso dezaketen gomendioak egiten dira, gabeziei aurre egiteko edo antzemandako arazoak berriro gerta ez daitezen. Hala ere, Batzordearen eskumenetik kanpo geratzen da egon litezkeen diziplina- eta zigor-erantzukizunei buruzko erabakia, erantzukizun horiek aztertzea beste instantzia administratibo eta judizial batzuei dagokienean.

Gaur egindako bileran, batez ere, gai hauek jorratu dira:

  • Batzordearen funtzionamenduaren alde praktikoak
  • Egiteke dauden gaiak berrikustea
  • Bileren eta topaketen egutegia zehaztea