- Munduko Foro Ekonomikoan Euskadin inbertitzeko eta bertako zorro-dibertsifikazioaren aukeren berri emango du Imanol Pradalesek
- “Davosek aukera paregabea eskaintzen du maila goreneko harreman politiko, ekonomiko eta finantzarioak ezartzeko», nabarmendu du Lehendakariak.
Lehendakariak herrialde egonkor eta erakargarri gisa aurkeztuko du Euskadi munduko foro ekonomiko eta finantzariorik handienean, Davoseko Munduko Foro Ekonomikoan. Suitzako herri horretan ospatuko da egunotan, eta munduko ordezkari ekonomiko eta politiko nagusiak izango dira bertan. Bidaia hori Eusko Jaurlaritzaren ‘EuskadiGlobala’ estrategiaren baitakoa da, eta Imanol Pradalesek ezarritako helburu honi erantzuten dio: «partida Euskadiren etorkizunari eragiten dioten erabakiak hartzen diren lekuan jokatzea». Egungo zatiketa geopolitikoa eta ziurgabetasun globala direla eta, Davos, gainera, nazioartean harreman instituzional eta ekonomikoetarako erreferentzia-gune gisa sendotu da.
Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzaren buru izan da, eta Ander Caballero Kanpo Harremanen idazkari nagusiak eta Noel d’Anjou Ogasun eta Finantzetako sailburuak eta Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuak parte hartu dute. Helburu dute Euskadi gaur egun munduan dagoen foro ekonomiko handienaren erakusleihoan kokatzea.
Asteartean Foroaren lan-mekanikekin lehen harremana izan ondoren, bihar, asteazkena, ordezkaritza bete-betean murgilduko da Munduko Foro Ekonomikoaren agendan. Bertan, ekonomia globalaren arrisku nagusiak, joera sozioekonomikoak eta AA eta Quantum bezalako teknologia berriek etorkizunean izango dituzten aukerak aztertuko dira.
Hala, asteazkenean, hilak 21, ordezkariek hainbat ekitalditan parte hartuko dute, honako gai hauen inguruan: industria, teknologia, trantsizio berdea, segurtasuna, finantza-lankidetza eta finantza- eta banku-sistemak etorkizunean izango dituen erronka handiak.
«Munduko erakusleiho ekonomiko garrantzitsuenean kokatuko dugu Euskadi. Garenaren umiltasunetik, interesak ditugun foroetan egotea da praktikan jartzen duguna. Davosek aukera ematen du bilera politiko, ekonomiko eta finantzario asko egiteko», azpimarratu du Imanol Pradalesek, eta jarraian gogorarazi du bidaia hori —Lehendakariak foro ospetsu honetara egiten duen lehena da— foroaren funtzionamendua ikasteko ariketa gisa ere baliatu nahi dela, etorkizunean berriro parte hartzeko.
Nazio Batuekin ekitaldia
Hilaren 22an, osteguna, Euskadik eta Nazio Batuek ekitaldi bat egingo dute batera. Bertan, Imanol Pradalesek 2030 Agendaren inplementazioaren adibide gisa defendatuko du Euskadi, baita gaitasun industrial, ekonomiko eta sozialak ere, lehiakortasun-faktore bereizgarriak baitira. Hala, ekitaldiak aukera eman eta Lehendakariak baliatu egingo du, Euskadi herrialde egonkor eta erakargarri gisa ezagutarazteko, inbertsiorako eta zorro-dibertsifikaziorako.
Hala, Imanol Pradalesek azalduko du nola kudea ditzakeen Euskadik gizarte- eta ingurumen-arriskuak, epe luzeko garapen-estrategia inklusiboen bidez, gobernuekin lankidetzan eta GJHak iparrorratz hartuta. Esparru horretan, Euskadik agertoki globalean “egonkortasun-prima” bereizia eskaintzen duela defendatuko du Lehendakariak. Egonkortasun horrek finantza-posizio sendoa du oinarri —Moody’s-ek A2 kreditu-kalifikazioa eman du, Estatukoa baino handiagoa—, baita berezko zerga-araubidea ere, inbertitzaile eta enpresentzako segurtasun juridikoa eta epe luzera begira aurrea hartzea bermatzen dituena.
Lehendakariak, halaber, Euskadiren egonkortasunak oinarri sozial sendoa duela helaraziko du. Hala, azalduko duenez, 26,7ko Gini Indizea izanik —gizarte baten diru-sarreren desberdintasuna neurtzeko erabiltzen den neurri ekonomikoa da eta Euskadiren zifra Europar Batasuneko batezbestekoa baino nabarmen hobea da—, desberdintasun txiki hori kohesio-faktorea da, eta babes-elementua, beste testuinguru batzuetan inbertsio-konfiantza kaltetzen ari diren diskurtso populisten polarizazio eta gorakadaren aurrean.
Topaketan, gainera, hainbat euskal enpresak parte hartuko dute, eta Euskadin lanean ari diren nazioarteko eragile ekonomikoekin batera, Euskadik orain arte lortutako arrakasta-maila handitzeko aplikatu behar diren esparru, politika eta tresna ekonomiko eta finantzarioak eztabaidatuko dituzte.
Enrico Lettarekin batera
Bi egun hauetan, IBMk antolatu duen konputazio kuantikoari buruzko ekitaldiaren irekieran parte hartu dute Eusko Jaurlaritzako ordezkariek. Ekitaldi horretan, kuantikak hainbat enpresa-sektoretarako eskaintzen dituen etorkizuneko aukerak azaldu ditu Eusko Jaurlaritzak, bai eta Euskadik, eta bereziki BasqueQk, sektore hori milia kuantikoaren bidez hazteko eskaintzen dituen gaitasunak ere.
Halaber, arratsaldean, Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuak paper garrantzitsua izan du Industry and Energy Transition Initiative-en panelean. McKinsey aholkularitzak eta Iberdrolak elkarrekin antolatu dute eta mundu mailako energia-konpainietako zuzendari nagusiek, gobernuetako ordezkariek eta Europako Batzordeko ordezkariek parte hartu dute. Bertan izan da, baita ere, Enrico Letta Italiako lehen ministro ohia, IE School of Politics, Economics and Global Affairs-eko dekanoa IE Universityn eta Europako industria-berpizkundearen oinarriak finkatzen dituen txostenaren egilea. Topaketa horretan, sektore elektrikoak dituen erronkei buruz hitz egin dute, eta, bereziki, kontinentearen deskarbonizaziorako trantsizio energetiko europarrari buruz eta haren berrindustrializazioari buruz.






