Bilbok bere lehen Tokiko Enplegu eta Garapenerako Mahaia sortu du

0

Bilbok gaur sortu du bere lehen Tokiko Enplegu eta Garapenerako MahaiaJuan Mari Aburto Bilboko Alkatea buru duela. Gaur goizean Mahaia eratzeko ekitaldia eta lehen bilera egin dira, eta bertan izan dira Mahaia osatzen duten Euskadiko 24 eragileak.

«Elkarlaneko gobernantza-eredu batean oinarrituta, formatu berri honek aukera ematen digu udal-lidergoa duen hiri-proiektu bat izateko, enplegutik harago doan ikuspegi estrategikoago bat izateko, bai eta gure herritarren beharrei erantzungo dieten enplegu-politika eraginkorrak diseinatu eta gauzatzeko ere, Eusko Jaurlaritzarekin koordinatuta. Gainera, bermatutako baliabideek ahalbidetuko dute gure hiriko enplegua eta garapen ekonomikoa babesteko programen egonkortasuna«, esan du Juan Mari Aburtok Zabalguneko eraikinean egindako ekitaldian.

2023ko abenduan onartutako lehenengo Enpleguaren Euskal Lege berriaren (15/2023) baitan, Bilboko Udalak eskumen berriak bereganatu ditu eta enplegu-politiken diseinuan, plangintzan eta betearazpenean funtsezko eragile bihurtu da, aro berri bati hasiera emanez eta hiriko enpleguaren sustapenean eragile nagusi gisa sendotuz.

Ildo horretan, Bilboko Udalak berretsi egiten du lankidetza publiko-pribatuarekin, berrikuntzarekin eta enplegu-politika inklusibo eta iraunkorrak eraikitzearekin duen konpromisoa, pertsonentzat aukerak sortzen, ekintzailetza sustatzen eta tokiko ehun ekonomikoaren lehiakortasuna indartzen laguntzeko.

Eusko Jaurlaritzak Bilbo hautatu du Euskadiko 11 udalerri pilotuetako bat izateko. Horregatik, Bilbok bere lehen 2026/2030 Tokiko Enplegu eta Garapenerako Plana garatuko du, herritarren beharretara egokitutako ekintza zehatzak bultzatzeko. Aurtengo lehen hiruhilekoan aurkeztuko da, Bilboko Udaleko Gobernu Batzordean eta Enplegu Politika Publikoen Euskal Kontseiluan onartu ondoren. Planak Bilboko enplegua eta garapen ekonomikoa sustatzeko ildo estrategikoak zehaztuko ditu, ikuspegi zabal, zeharkako eta integratzaile batetik. Gaur eratutako Tokiko Enplegu eta Garapenerako Mahaia, Talde Eragilearekin (beste 38 eragilez osatua) eta Lantaldeekin batera, Bilboko Enplegu eta Toki Garapeneko Planaren programak diseinatzeko eta etengabeko jarraipena eta ebaluazioak egiteko tresnak izango dira.

Eusko Jaurlaritzaren (Lanbideren bidez) eta Bilboko Udalaren arteko lankidetza-hitzarmenaren barruan, urtearen bigarren erdian aurreikusi da 2026/2030 Tokiko Enplegu eta Garapenerako Planean proposatutako tokiko lehen ekintzak garatzen hastea. Ekintza horiek eragin zuzenagoa izango dute herritarrengan, eta egonkortasuna eta jarraitutasuna bermatuko dute.

ETENGABEKO ELKARLANEKO GOBERNANTZA

Bilboko Tokiko Enplegu eta Garapenerako lehen Mahaia lankidetzarako eta tokiko enplegu eta garapeneko udal-politikak eraikitzeko partaidetza-gune gisa eratu da gaur, lurraldeko eragile sozioekonomiko nagusiak bilduta. Horrela, Bilbok denboran zehar gobernantza jarraitua ahalbidetuko duen sare-lana lortuko du.

Hauek dira Mahaian parte hartzen duten eragileak: Bilboko Udaleko Ekonomiaren Garapen, Merkataritza, Turismo eta Enplegu Zinegotzigoa; Bilbao Ekintza udal-sozietatea; Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketako, Unibertsitate Politikako, Enplegu eta Gizarteratze Politikako eta Hezkuntza Politiketako Sailburuordetzak; Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko Zuzendaritza eta Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko Zuzendaritza; Lanbideren Bizkaiko Lurralde Bulegoa; Ikaslan Bizkaia; Euskal Herriko Unibertsitatea; Deustuko Unibertsitatea; Mondragon Unibertsitatea; CEBEK; ASLE; Merkataritza Ganbera; KONFEKOOP; Gizardatz; Gizatea; Bilbao Metropoli 30; UGT eta CCOO.

DIAGNOSTIKO SOZIOEKONOMIKOA ETA ENPLEGUARI BURUZKOA

Bilboko Udalak, enplegu iraunkorra eta kalitatezkoa sortzeko eta tokiko ekonomiaren ekintzailetza eta dibertsifikazioa sustatzeko helburuarekin, diagnostiko sozioekonomikoa eta enplegu integralaren arlokoa egin du. Bilboko egoera sozioekonomikoaren eta lan-egoeraren azterketa sakona da, eta hainbat eragilek parte hartu dute eta lankidetzan aritu dira. Ondorio nagusiak gaur goizean aurkeztu dira Bilboko Alkatea buru duen Tokiko Enplegu eta Garapenerako Mahaian.

Diagnostikoak ez du soilik Bilboko lan-merkatuaren egoera aztertzen; bost eremu hauek ere aztertzen ditu: demografia, jarduera ekonomikoak, prestakuntza eta trebakuntza, lehentasunezko kolektiboak eta testuinguru sozial eta politikoa.

Ematen dituen datuen bolumen handiari dagokionez, aipagarria da Bilboko langabezia-tasa % 6,3koa dela, eta langabeen % 56 dela 45 urtetik gorakoa. Egungo langabezia-tasak aukera emango du politika aktiboak bideratzeko, ez bakarrik langabezia murriztera, baita kalitate handiagoko enplegua bultzatzera ere, egonkortasuna, prestakuntza eta lan-baldintzak hobetzea sustatzen duten ekimenak lehenetsiz.

Era berean, ikusten da bilbotarrek goi-mailako hezkuntza nahiko altua dutela (% 47,8) eta jarduera ekonomikoak lau sektoretan kontzentratuta daudela (% 50). Gainera, diagnostiko horretatik abiatuta, Bilborako aurkezten diren erronken artean, belaunaldi arteko erreleboaekintzailetza sustatzea, kolektibo kalteberak gizarteratzea eta laneratzea, eta prestakuntza-eskaintza merkatuko joera berrietara egokitzea aipatzen dira.

Horrela, Bilboko diagnostiko sozioekonomiko eta enplegu-diagnostiko horren bidez, Udalak bermatzen du herritarren eta produkzio-sarearen benetako beharretara egokitutako Tokiko Enplegu eta Garapenerako Plana izango duela, eta ildoak zehaztuko ditu, ez bakarrik udalerri mailan, baita fokua barruti eta auzoen araberako behar zehatzetan jarrita ere.

2025/2026 ENPLEGU PLANA

Hiriko Tokiko Enplegu eta Garapenerako lehen Plana garatzeko diagnostikoan egindako lanarekin eta Tokiko Enplegu eta Garapenerako lehen Mahaia eratzearekin batera, Bilboko Udalak 2025/2026 Enplegu Plana aktibatu du abendutik, Lanbiderekin lankidetzan. Helburua lanpostu berriak sortzea eta Hiribilduaren jarduera ekonomikoa sustatzea da, baita egoera ahulenean dauden kolektiboei lan-merkatuan sartzen laguntzea ere.

2025/2026 urteetarako diseinatu den Bilboko Enplegu Planak 482 lanpostu berri sortuko ditu guztira: 412 lanpostu, (aurreko edizioan baino 8 gehiago), Enpleguaren Plan Arruntekoak dira; horietatik 248 tokiko enpresa pribatuek egindako kontratazioak dira, Eusko Jaurlaritzak/Lanbidek eta Bilboko Udalak emandako laguntzen bidez; eta 164 udal-eremutik egindako kontratuak dira, Bilbao Ekintzaren bidez erabilera edo interes publikoko jardueretarako.

Gazteen aldeko apustuari jarraipena emateko, 70 lanpostu sortuko dira Gazteen Enplegu Planaren barruan, eta Bilbao Ekintzak kontratu zuzenak egingo ditu Udaleko eta udal-erakundeetako hainbat arlotan jarduteko, urtebeteko iraupenarekin.

Enplegu Planaren azken ediziorako aurrekontua 8,5 milioi eurokoa da; horietatik 6,5 milioi euro Eusko Jaurlaritzari dagozkio, eta 2 milioi euro Bilboko Udalari.