-
- EDA Drinks & Wine Campus ardo eta edarietan trebatzeko ekimen estrategikoa da. Lehen sektorearen lehiakortasuna indartuko du, eta garapen ekonomikorako, prestakuntza espezializatzeko eta lurraldea dinamizatzeko aukerak sortuko ditu
- Gure ardoak nazioartean proiektatzeko eta Arabako Errioxa kalitatearen, berrikuntzaren eta lurraldearen abangoardian kokatzeko gune estrategikoa izango da
Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua, Ramiro González Arabako ahaldun nagusia eta Raúl García Guardiako alkatea eta Joxe Mari Aizega Basque Culinary Centerreko zuzendari nagusiarekin batera gaur Guardian izan dira, EDA Drinks & Wine Campus eraikinaren lehen harria jartzeko ekitaldian. Ardoaren eta edarien sektorearen prestakuntzan, ikerketan eta garapenean Arabako Errioxa abangoardian kokatzeko proiektu estrategikoa da.
Eusko Jaurlaritzak, Basque Culinary Center eta Arabako Foru Aldundiaren ardoari eta edariei buruzko prestakuntza-ekimen estrategikoa da EDA Drinks & Wine Campus. Etapa berri bati ekin zaio gaur, Campusaren egoitzak eraikitzen hasiko baitira. Ekitaldia urrats erabakigarria da proiekzio globala duen talentu- eta ezagutza-polo bat sendotzea helburu duen ekimena egikaritzeko.
Bere hitzaldian, Amaia Barredok nabarmendu du Eusko Jaurlaritzak garrantzi handiko erabakiak hartzen jarraituko dituela sektoreak dituen zailtasunei aurre egiteko, «instalazio honek aukera emango digu Arabako Errioxa nazioartean proiektatzeko, berrikuntza bultzatzeko eta euskal mahastizaintza eta ardogintza sektorea indartzeko». Hala, Barredok azpimarratu duenez, «hemendik, EDA Laguardiatik, aterako dira Euskadin ardoaren sektorearen eraldaketa gidatuko duten pertsonak. Produktu, zerbitzu eta negozio-eredu berriak garatuko dituzten pertsonak. Eta hemen ezagutza sortuko da, gure sektoreari aukera emango diona lehiakortasuna irabazteko exijentzia handiko une batean, edo merkatu berriak irekitzeko».
EDA Drinks & Wine Campus proiektuaren Guardiako egoitza izango den lursailean jarri dute lehen harria. Eraikinak ekintzailetza sustatzeko instalazio modernoak, ekintzailetza, prestakuntza-gelak, laborategiak, analisi sentsorialerako guneak, planta pilotu zabal bat eta wine bar bat, izango ditu, eta asmo handiko campus baten parte da; etorkizunean beste egoitza bat izango du Gasteizen. Eraikina egin eta martxan jartzen denean ardogintzaren sektorearen balio-katea indartuko da, tokiko tradizioa eta goi-mailako berrikuntza eta prestakuntza uztartuko baitira. Horretarako, 18 milioi euro inbertituko dira EDAren bi eraikinetan, eta horietatik 10 milioi euro Eusko Jaurlaritzari dagozkio.
Basque Culinary Centerreko zuzendari nagusia Joxe Mari Aizegak azpimarratu duenez, «EDA Drinks & Wine Campusen obren hasiera mugarri estrategikoa da Basque Culinary Centerrentzat eta edarien eta ardoaren sektore osoarentzat. Proiektu hau prestakuntzan, ikerketan, berrikuntzan eta ekintzailetzan nazioarteko erreferente bihurtzeko asmoz sortu da, ezagutza, lurraldea eta ardoaren eta edarien sektorea lotuz». Adierazi duenez, «EDA espazio paregabea izango da etorkizuneko erronkei aurrea hartzeko, talentua sustatzeko eta inpaktu ekonomiko, sozial eta kultural bat sortzeko ikuspegi global eta iraunkor batetik».
Ekimenaren helburua da ardoraren sektorean talentua erakartzea eta enpresak sortzen laguntzea, baita prestakuntza eta ekintzailetza espezializatuan Arabako Errioxa nazioarteko erreferente bihurtzea ere. Gainera, helburua da campusak positiboki eragitea eskualdeko dinamizazio ekonomikoan, enplegu kualifikaturako aukerak zabalduta eta nazioarteko merkatuetan mahastizaintzako eta ardogintzako euskal industriaren proiekzioa indartuta.
Gaurko ekitaldiak agerian uzten du euskal erakundeek lehen sektoreari laguntzeko duten konpromiso irmoa, epe luzeko ikuspegi integralaren bidez, funtsezko aliantzak indartuta eta tradizioa, bikaintasuna eta nazioarteko lehiakortasuna barne hartzen dituen garapen jasangarriaren ereduaren aldeko apustua eginda.






